Bandres-Karolo Memoriala izango da otsailaren 17-18an

Bosgarrenez euskal Pirinioan izango da mendiko eskiko proba, zendutako bi kirolariak omentzeko helburuarekin

2018(e)ko otsailaren 6a, asteartea - 06:03etan eguneratua

Tolosa- Datorren otsailaren 17 eta 18an izango da Bandres-Karolo Memoriala euskal Pirinioan, Erronkariko eta Belagua aldeko mendietan. Antxon Bandres tolosarra eta Carlos Imirizaldu Karolo omentzen ditu mendiko eskiko proba honek 2012az geroztik, eta aurten bosgarren edizioa izango da. Oraindik ere zabalik dago izena emateko epea, otsailaren 13ra arte.

Pasa den ostiralean aurkeztu zuten proba Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Bandresen eta Karoloren asmoa eta ametsa beti izan zen Euskal Herrian, euskal Pirinioan mendiko eskiko proba bat egitea, eta amets hori egi bihurtu da azken urteotan, haien lagunen eskutik. Aurten ere punta-puntako mendiko eskiatzaileak eta kirol hau maite duten zaleak bilduko dira Izaban, denera 200 parte-hartzaile inguru.

Aurten, gainera, V. Bandres-Karolo Memoriala Euskal Herriko Mendiko Eskiko Txapelketa izango da, Kronoigoera edo Igoera bertikaleko modalitatean, Euskal Mendizale Federazioak hala erabakita.

Izen-emateak zabalik daude eta web-orriaren bidez (www.bandres-karolo.com) egin daitezke edo zuzenean www.zirkuitua.com helbidean. Azken urteotan, Euskal Herritik, Aragoitik, Madrildik, Kataluniatik, Frantziatik, Guadalajaratik eta beste hainbat lekutatik etorri dira lehiakideak. - M.S.S.

Más sobre Vecinos

ir a Vecinos »