Ziritik

Munstroak

Xabier Euzkitze - 2018(e)ko otsailaren 11a, igandea - 06:03etan eguneratua

azken boladan adin txikikoek, oso txikikoek, burututako zenbait delitu eskandalagarrik astindu gaituzte. Bilbon jazo dira horietako batzuk. Zornotzar bat hil zuten lehenik, beste gazte bati begia galarazi ondoren, adineko senar-emazteak hil gero. Oraindik pilotaz edo baloiaz jostetan ibili behar lukete adinez, arinaren arinez. Edo tabletaz, nahiago baduzue. Baina eraso egin eta lapurtzeko biltzen dira, horretarako behar bezala antolatu eta armaturik. Adineko senar-emazteak hiltzeaz akusaturietako bati “maite zaitut!” oihu egin zion amak, poliziak hilketa burutu zuten etxea ikuskatzera eraman zuenean. “Zernahi egin edo nornahi hiltzen duzularik ere berdin-berdin maiteko zaitut” adierazi nahi ziola zirudien. Zuretik ezpala. Zur hori geure gizartearen baitakoa izan, ordea.

10 eta 14 urte bitarteko lau mutikok, hiru anaiak eta lehengusu batek, 9 urteko umea bortxatu dute. Espainian gertatu da, Andaluzian, Jaengo herri batean. Ez dute herritik urruneko lastategi batera ez inongo leku ezkututara eraman. Eskolan bertan gertatu da, komunetan, jolas-orduan. Medikuek bortxaketarekin bateragarriak izan litezkeen zauriak atzeman zituzten, eta haiek aktibatu zuten protokoloa. Ez da izan eraso egin dioten lehen aldia, baina mehatxupean behar-tzen zuten isilik egotera.

Adin txikikoen Emilio Calatayud epaileak, ondo zaildutako profesionalak, eraso hauen jatorrian arakatu du: “Badira 12 urterekin pornoa ikusi duten haurrak;euren mugikorretan klik batera dago”. Adin horretan pornoa desegoki datekeela ulerturik ere, bata bestearekin lotzeak edozein adinetako sexu-erasotzaileen jokabidea horretan errotu litekeela ulertarazten du, eta hori izugarrikeria iruditzen zait. Izan ere, indarkeriaz beteriko fikziozko egoerak egunero ikusten ditugu, uneoro. Gure haur eta nerabeen hainbat bideo-joko ere bortxaz beterik daude. Fikzioa eta errealitatea bereizten irakastea, zer egin daitekeen eta zein muga gainditu behar ez den erakustea, guraso eta hezitzaileon lana da. Munstroak, normalean, ez dira ezerezetik sortzen.

Últimas Noticias Multimedia