Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Freud Drakulaz jantzita

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 11 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Galería Noticia

Sigmund Freud-ek lan handia izango luke sekula inauterien analisi sakon bat egiteko asmorik izan balu. Norberaren mozorro eta antzezteak oinarri hartuko bagenitu bere barneko egonezin eta misterioak argitzeko, nahiko lan. Baina denak ez du bigarren irakurketarik kasu honetan, ez zait iruditzen niri behintzat. Alderantziz, sinpletasuna hartuko nuke nik askotan honetaz edo beste horretaz mozorrotzeko aukeratzearen arrazoitzat.

Aspalditik esaten da Francoren garaian udaberriko festa bezala ezagutu ziren hauetan gizonezkook gustukoen duguna emakumez janztea dela. Nolabait barruan badugula ezkutuko instintu edo sentimendu bat, beste aldean zer sentitzen ote den jakiteko. Noski, mozorroak gero eta gehiago erakutsi eta bularralde eskandalosoagoa izan, askoz hobe jan-tzita daramanarentzat eta ingurukoentzat. Emakume jantziak gainera hainbat aldaera ditu, eta ia edozerekin konbina daiteke emai-tza ona lortuz, berdin da indioz, bakeroz edo inuitez joatea, gona motza kontzeptua integratu, eta aurrera. Bizarra moztu behar, hori bai eta antzezterakoan ahotsa fintzera joko dugu gainera, barregarri edo lotsagarri izateraino.

Kontrakoa ere ematen dela esango nuke, hau da, emakume mozorro estereotipatuaren aurrean badagoela gizonezko mozorro oso markatu bat, bibote eta bizarra belztuko dituena eta zilbor parean siestarako erabiltzen dugun burukoa jarrita izango duena tripa moduan. Kasu honetan antzerki lanetan asko lagunduko du hizkera zakartzeak, ez soilik ahotsa lodituta baizik eta ahoskera alfertuz eta pare bat birao sartuz tarteka-tarteka. Honek ere errealitatetik distantzia pixka bat badu, egia esan.

Ileorde bat eta trapu bat janzteak jendea zeharo transformatzen du;batzuk izan nahi duten hori irudikatu nahiko dute, beste batzuk aldiz ingurukoak xaxatzea izango dute helburu, baita barnean duten sen ezkuturen bat atera ere baten batek, baina ez al dira bada horretarako festa hauek, egunerokoaz ahaztu eta barre pixka bat egiteko, besterik ez bada.

Egia da herritik herrira ere aldatzen direla festa, ohitura eta mozorro hauek. Venezian adibidez oso inauteri eleganteak direla esan genezake eta Ituren eta Zubietakoak aldiz basati fama dute, kanpotik begiratzen dutenentzat behinik behin. Barrutik bizitzen duenarentzat aldiz, ohikoena da bizipen hori, beti bizi izan du horrela, eta horrela jarraitu nahiko luke, ikusleak ikusle. Kontua da festa hauek bakoitzaren alter ego hori ateratzeko balio dutela zenbait kasuetan, besteetan aldiz ongi pasatzeko aitzakia hutsa izango da mozorroa, baina fantasiarako ere bidea ematen du, baita batzuetan bete ere. Ea zenek esan dezakeen bestela aurrekoan Drakularekin hizketan egon zela, herenegun hartz bat garagardoa edaten ikusi zuela edota aurreko urtean Ameriketako animatzaile borladun batekin izan zuela affaire bat, inauterietan ez bada.

Herramientas de Contenido