Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Ikastetxeek, lan-zentroek, kiroldegiek era 700 pertsonatik gorako aforoa duten bestelako esparru publikoek desfibrilagailuak izan beharko dituzte

Gobernuak gailu horiek Nafarroan hedatzeko modua eta beraien maneiuaz arduratuko direnek izan beharreko bizkortze arloko prestakuntza arautu du

Lunes, 12 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 21:37h

700 pertsonatik gorako baimendutako nahiz aurreikusitako aforoa duen edozein esparruk edo instalaziok desfibrilagailuak izan beharko ditu, Nafarroako Gobernuak gailu horien osasun-eremuaz kanpoko erabilera arautzeko landu duen foru dekretu-proposamenean jaso denez. Halaber, arau berriak desfibrilagailu horiez arduratuko diren profesionalek izan beharreko oinarrizko prestakuntza erregulatuko, horiexek baitira bihotz-biriketako geldialdia duten pertsonei arreta egiteko “esku hartuko duten balizko lehendabiziko pertsonak”. Dekretuak parte-hartze bidezko prozesu bat igaroko du aste honetatik aurrera Gardentasun Atariaren bitartez, herritarren ekarpenak biltzeko asmoz.

Araua Osasuneko zuzendari Luis Gabilondok aurkeztu du gaur goizean, eta harekin batera izan da Osasun-Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendari Lazaro Elizalde. Adierazi dutenez, dekretu berriak erantzuna eman nahi dio indarrean dagoen 2011ko araudia eguneratzeko premiari, “bihotz-geldialdiari eman beharreko arretan osasun-sistemako eta osasun-sistematik kanpoko baliabideen arteko ekintza koordinatua erraztuko duen sare operatibo bideragarria bermatu ahal izateko”, izan ere, honelako ezbeharren lekukoek lehendabiziko hamar minutuetan egiten dituzten esku-hartzeek “hil ala biziko” garrantzia dute.

Helburua kardiobabestutako guneak sortzea da, bizkortze-lanetarako prestakuntza egokia duten lehen pertsona esku-hartzaileen arteko sarea osatuz, ingurune mugatuetan berehala esku hartzeko ahalmena areagotu eta bost minututik beherako erantzun-denborak bermatu ahal izateko.

Jendearentzako desfibrilagailua eskuragarri izan beharko duten esparruen artean, 700 ikasle baino gehiago dituzten ikastetxeak, 700 enplegatu baino gehiago dituzten lan-zentroak eta pertsona-kopuru bereko aforo baimendua edo aurreikusia duten kirol, kultura eta aisialdiko instalazioak nabarmendu behar dira. Betebeharra 70 metro koadrotik gorako azalera eraikia duten saltoki edo merkataritza-guneetara, aireportuetara, tren-geltokietara eta 30.000 biztanletik gorako populazio duten udalerrietako autobus-geltokietara ere hedatuko da, baita Udaltzaingoen nahiz Foruzaingoen patrulletara ere.

Desfibrilagailuen eginkizun nagusia, ohiko erritmo kardiakoa deskarga elektriko baten bitartez berreskuratzen laguntzea da, “biziraupen-katean” aurreikusirako maniobrak hasi ondoren. Asistentzia egokia bermatzeko, katea bihotz-biriketako geldialdiaren azterketa goiztiarrarekin eta osasun-baliabideak abiarazteko 112 telefono-zenbakira egin beharreko deiarekin hasi behar da. Jarraian, bihotz-biriketako bizkortze goiztiarrerako maniobra egin behar da (pultsua eta arnasketa egiaztatu, arnasbideak hustu, kanpoko masaje kardiakoa, ahoz ahokoa, etab.). Onerako bilakaerarik gertatzen ez baldin bada, larrialdi-zerbitzuak iristen diren bitartean, hurrengo pausoa desfibrilazio goiztiarra aplikatzea da, ahal dela, prestakuntza egokia duten pertsonen eskutik.

Desfibrilagailuen erregistroa eta mantentze-lanak

Dekretu berriak desfibrilagailu automatikoak eta erdiautomatikoak nahitaez zein lekutan jarri behar diren zehaztu du, baita desfibrilagailuak behar bezala erabiltzeko gaitasuna izan behar duten pertsonak, horiek erabiltzeko izan beharreko prestakuntza eta Nafarroan erabilgarri dauden desfibrilagailuei buruzko informazio operatiboa –une oro eguneratuta egon behar duena– izateko behar diren erregistroak ere.

Ekintza-ildo hau Osasun Planarekin lotuta dago, izan ere, Planaren lehentasunezko estrategien barnean, denboraren menpeko larrialdiak deritzenetarako arreta hobetzea sartu da, hil ala biziko larrialdietarako herritarrei prestakuntza ematea ere aurreikusi delarik. “Dekretuaren bitartez, era orekatuan garatu nahi da osasun-baliabideen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza, bihotz-geldialdiren bati eman beharreko erantzunaren emaitzak optimizatzeko”, adierazi du Elizaldek.

Desfibrilagailuak ikusteko moduko leku iristerrazetan kokatuko dira, Bizkortzeari buruzko Nazioarteko Koordinazio-Batzordeak (ILCOR) gomendatutako seinaleztatze unibertsalaz bereizita eta SOS Navarraren 112 telefono-zenbakia agerian dagoela. Leku berean, gailuak erabiltzeko jarraibideak tokian tokiko hizkuntza ofizialetan jarri beharko dira, baita beste hizkuntza batzuetan ere, instalazioaren titularraren irizpidearen arabera. Azken hau instalazioaz eta mantentze-lan egokiez ere arduratuko da.

Arau hau aplikatzeak hainbat erakunde eta organismoren arteko lankidetza dakar. Araua garatu eta abian jartzeko, Osasun Departamentuak honako hauek lankidetza eta ekarpenak bildu ditu: Barne Zuzendaritza Nagusiarenak, Kirol Medikuntzari buruzko Azterketa eta Ikerketa Zentroarenak, Hezkuntzako eta Toki Administrazioko departamentuenak, Osasun Departamentuko Irakaskuntza arloarenak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarenak

Gutxienez bizkortzeko prestakuntza duen pertsona bat esparru publiko bakoitzean

Dekretu berriak zehaztutako definizioaren arabera, “lehendabiziko pertsona esku-hartzaileak” dira bihotz-biriketako geldialdia izan duten pertsonei lehenengo arreta emateko aukera gehien dutenak. Arauak nahitaezkotzat jo du, gutxienez bizkortze-maniobren eta desfibrilagailuen erabilerari buruzko prestakuntza duen pertsona bat izatea, 700 pertsonatik gorako aforoa duten zentroen jendaurreko irekiera-ordutegian.

Besteak beste, hauexek dira egiaztatutako prestakuntza izan behar duten kolektiboetako batzuk: Udaltzaingoak eta udaltzainak, Foruzaingoa, Suhiltzaileak, igerilekuetako eta beste aisialdia-esparru batzuetako sorosleak eta dekretuari atxikitako esparruen jendaurreko irekiera-ordutegian desfibrilagailuen erabileraz arduratu behar duten pertsonak.

Lehenengo pertsona esku-hartzaileentzako ikastaroak Nafarroako Gobernuaren nahiz dekretuan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten bestelako erakunde publiko edo pribatuen menpeko erakundeek antolatuko dituzte. Ikastaroan ematen dituzten irakasleek osasun-larrialdietako titulazio profesionala edo bizi-euskarriko irakasle-prestakuntza izan beharko dute.

Eskatutako prestakuntzaren barruan, bederatzi orduko iraupena eta eduki teorikoak eta praktikoak izanen dituen hasierako ikastaro bat egin beharko da bat-bateko bihotz-heriotzari buruz, biziraupen-kateari eragiteko moduari buruz, arnasbideak libratzeko erari buruz, bihotz-biriketako oinarrizko bizkortze-maniobrei buruz eta desfibrilagailu automatikoei buruz. Akreditazioa duten pertsonek bi orduko eguneratze eta mantentze ikastaroa egin beharko dute bi urtez behin.

545 desfibrilagailu erregistratuta Nafarroan

Gaur egun, Nafarroan, Osasun Departamentuko erregistroaren arabera, 545 desfibrilagailu erregistratuta daude guztira, automatikoak zein erdiautomatikoak. Gailu hauek oso baliabide baliagarriak dira bihotz-biriketako geldialdiren baten aurrean egin beharreko esku-hartzerako, biziraupen-kateko gainerako osagaiekin batera.

Urteko 60 bihotz-geldialdi gertatzen dira, batez beste, 100.000 biztanleko. Ospitalez kanpo gertatzen diren ezusteko bihotz-geldialdien % 80 gaixotasun koronarioaren ondorio dira. Ospitalez kanpoko Bihotz-Geldialdien Europako Erregistroak 66,5 urteko batez besteko adina zehaztu du eta % 66ko eragina gizonengan. Horrelako ezbeharren % 80 etxean gertatzen da. Hamar kasutik zortzitan, inguruko pertsonen esku-hartzea funtsezkoa da pazientearen biziraupena bermatzeko.