Igandean jokatuko da Zestoako III. Kobaz Koba Trail

Antolatzaileen arabera, ibilbidea “polita, baina oso gogorra” izango da

Ane Roteta - Jueves, 15 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Kobaz Koba Trailaren antolatzaile eta laguntzaileak, probaren aurkezpenean.

Kobaz Koba Trailaren antolatzaile eta laguntzaileak, probaren aurkezpenean.

Galería Noticia

Kobaz Koba Trailaren antolatzaile eta laguntzaileak, probaren aurkezpenean.

Zestoa- Aurten hirugarrenez ospatuko da Zestoako Kobaz Koba Trail, herriaren inguruko koben ingurutik pasatzen den lasterketa, baina bi ibilbideek ez dute orain arte egindakoekin inolako zerikusirik izango. Antolatzaileek probaren aurkezpenean nabarmendu zutenez, proba “oso polita, baina oso gogorra” izango da, azken egunotan izandako euriteek bideak oso irristakor utzi dituztelako.

Duela hiru urte jaio zen proba hau, Arazi eta Agiro Mendi Klubaren elkarlanaren ondorio, Ekainberriko ondarea ezagutzera emateko eta mendizaletasunaren bidez zestoarrek beren inguruak, pasaiak eta ondarea ezagutzeko eta babesteko helburuarekin. Araziko Juanjo Aranburuk azaldu zuenez, lasterketaren helburua bete dute, jende asko erakarri baitute proba honetara.

Hala, guztira, 500 korrikalarik hartuko dute parte igandean, eta 100 pertsona geratu dira itxaron-zerrendan. “Kondizio berezi batzuetan egiten den sariketa berezi bat da;izan ere, bi espazio natural zeharkatzen dira (Pagoetako Parke Naturala eta Izarraitzko Ingurune Babestua) eta horrek ingurua bereziki errespetatzea eskatzen digu. Hain zuzen ere, gure helburua inguru hau modu errespetagarri batean ezagutaraztea da. Beraz, korrikalariei ibilbidea errespeta-tzea eta zaintzea eskatzen diegu”, zehaztu zuen Aranburuk aurkezpenean. Zentzu horretan, seinaleak karearekin jarriko dituzte inguruari ahalik eta gutxien eragiteko, eta ibilbidea ez dute promozionatu inguruko baserritarren zelaiak errespetatzeko.

Bi espazio natural zeharkatuko ditu lasterketak eta ingurua errespetatzea eta zaintzea eskatu diete korrikalariei

Agiro Mendi Klubeko kideak, beren aldetik, ibilbideak antolatzen aritu dira, eta aurtengo ibilbideak orain arteko egindakoen aldean guztiz desberdinak izango direla nabarmendu zuten: “Leku pribatuetatik pasatzen dira zati asko eta errespetu handiz jokatzea eskatzen diegu parte-hartzaileei. Bide luzea, 25 kilometrokoa, oso gogorra izango da, eta motza ere, 13 kilometrokoa, gogorra den arren pixkat xamurtzen saiatu gara. Bisualki bidea zoragarria da, oso polita, baina kontuz ibiltzea eskatzen dugu euriteek bidea oso irristakor utzi dutelako”. Bestalde, bide zailak daudenez, bastoiak eramatea ere gomendatu zuten.

Parte-hartzaileei dagokionez, 316 gipuzkoar, 51 bizkaitar, 44 arabar, 21 nafar eta kanpoko beste hainbat jendek ere parte hartuko du. Hain zuzen ere, 33 zestoar izango dira, baita 37 azpeitiar, 23 azkoitiar, 32 zumaiar eta 24 zarauztar ere. Gainera, nesken parte-hartzea ere azpimarratu zuten. “Aurten 52 neska izango dira, eta gainera, Zestoako neska talde bat ere animatu da bide motzean parte hartzera.

Esan bezala, bi ibilbide izango dira, Zaldei (25 km.) eta Artzei (13 km.) bideak, eta 9.00etan lasterketa luzeko korrikalariak ateratzen diren unetik festa giroa izango da Zestoako plazan. Trikitilariak izango dira eta probako babesle diren Euskolabel, Euskaber eta Naturalkik beren produktuak eskainiko dituzte bertan. Ondoren, 12.30ak aldera, sari banaketa egingo da.

Horrez gain, aurten kiroldegia obretan dagoenez, korrikalariek ez dute Zestoako erdigunean aldagelarik izango. Hala, proba amaitzean, kiroldegian autobus zerbitzua jarriko da Iraetako futbol zelaian aldagelak erabili ahal izateko.

Últimas Noticias Multimedia