Zestoako eskola txikia auzolanean eraldatuko dute

Gaur hasi eta martxoaren 10era bitartean eskolaren atariari kolore eta alaitasuna emango diote

Ane Roteta - Sábado, 17 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Herri eskolako atariaren egungo itxura.

Herri eskolako atariaren egungo itxura.

Galería Noticia

Herri eskolako atariaren egungo itxura.

Zestoa- Zestoako Herri Eskolako Haur Hezkuntzako eraikinaren atariaren eraldatzea hasiko du gaur duela bi urte sortutako Zestoa Herri Hezitzailea taldeak, ataria “egoera kaxkarrean” dagoelako. Hala, gaurtik hasi eta martxoaren 10era bitarteko larunbatetan (gaur, hilaren 24ean, eta martxoaren 3 eta 10ean) auzolanean ekingo diete lanari 25 lagun inguruk, txanpinoi deitzen dioten eraikinean.

Herri Hezitzailea ekimenetik azaltzen dutenez, eskolaren ataria iluna da eta guneari alaitasun gehiago ematea da helburua. “Joan den ikasturtean guraso talde batek taldearengana jo zuen eskola txikiko ataria oso egoera kaxkarrean ikusten zutela eta”, zehazten du ekimeneko ordezkari batek. Modu honetan, orain ekingo diote lanari eta auzolanean atariko metalezko estruktura eta parkeko elementuak garbitu eta berriro margotuko dituzte. “Horretaz gain, metalezko estrukturaren sabaian gaua eta eguna irudikatu nahi ditugu eta horretarako eskola txikiko haurrei gaueko eta eguneko elementu ezberdinak proposatzeko eskatu diegu, gero guk sabaian margo-tzeko. Atariko pareta batean, haurren sormena ere plasmatu nahi dugu, pareta bat eurek margotuz”, nabarmendu dute.

Duela bi urte inguru sortu zuten lantaldea Herri Eskolako eta Zestoako Udaleko ordezkariek, Ekain Guraso Elkarteak eta beste hainbat herritarrek, eta helburuen artean zeuden haurrei benetan parte har-tzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea, jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea, eurek erabakitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez komunitate sarea eta auzolana indartzea, eta pertsona arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

Zentzu horretan, haurrek ere ekimena gustura hartu dutela nabarmentzen dute: “Haurrek asko dute esateko, egiteko eta erabakitzeko. Badute beren iritzia hainbat gaien inguruan eta iritzi hori emateak ahaldundu egiten ditu. Asko hitz egiten da parte-hartzeaz eta herritar parte-hartzaileak nahi ditugu. Baina parte hartzen ikasi egiten da, eta prozesu bat bezala ikusi beharko genuke, umetan hasi, nerabe eta gazteekin jarraitu, eta heldu parte-hartzaileak ditugula iristeraino”.

Lantaldeak orain arte zenbait lan egin ditu;hala nola, haurren benetako parte-hartzea sustatzen aritu dira eta haurren eremuak auzolanean txukundu dituzte. Eta auzolanean egingo duten lan hauen ondoren, badituzte beste ideia batzuk ere. Ekimenetik aurreratu dutenez, hurrengo erronka aniztasuna eta integrazioa haurren begiradatik lantzea da.

Últimas Noticias Multimedia