Erripan gora

Zenbatekoa eta nolakoa

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 18 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Galería Noticia

Karrikiri elkartearen agendaren arabera, otsaileko zenbait egunetan lauzpabost euskal ekitaldi egin dira hiriburuan, egun berean. Eskaintza zabala da zinez, eta duela bi urte eta erditik hona, Civivox zentroen ekarpena gehitu behar zaio herritarren elkarteek eta Udalak berak antolatutakoari. Egia erran, Udalak eraginda handitu da Civivox zentroen euskal programazioa, eta ez legoke batere gaizki Udalak berak ere zentro horien izena aldatzea. Dena den, izena alde batera utzita, argi dago hori guztia pentsaezina zela duela urte batzuk, ametsik ederrenetan ere ez baitzen egungo egoera ageri duela berrogei urte, hura basamortu hutsa zenean. Handitu da zenbatekoa, izugarri. Bertze kontu bat da nolakoa. Iduritzen zaigu ez dela zenbatekoaren heinean nabari. Hau da, euskara gutxi entzuten dela gure karriketan. Horren haritik, ekimen erraldoia ari da buru-belarri prestatzen udazkenerako, euskararen herrialde guztietan, erabileran eragin nahian. Beraz, erabilera genuen kezka-iturri, eta orain, bat-batean, aurrematrikulazioaren datuek bihotzean zimiko mingarria egin ondoren, zenbatekoa ere zaigu kezkagarri, ez ote garen maldan beheiti joanen erroizteraino. Berehala, iraganeko mamuak agertzen zaizkigu, eta Mendigatxa sindromea azaleratzen. Etorriko al da inor gure atzetik? Zenbat izanen ote gara hemendik aitzina? Egia da;euskarazko ereduak gibelera egin du pittin bat (ez, ordea, zenbait hedabidek haizeratu duten neurrian), baina ez da inola ere munduaren akabera. Milaka familiek aukeratu dute eredu hori, jakinki ere haizeak gero eta zakarrago joko duela Estatuan. Egia da, ordea, ingelesa darabiltela guraso gazte aunitzek buruan, gero eta gehiagok. Gustatu ala ez, halaxe da. Eta hori euskararen alde baliatu beharra dago, nola edo hala. Eleaniztasuna bai, baina euskaratik abiatuta. Ea asmatzen dugun.