Amaia Zufia historialaria eta bilgune feministako kidea

“Fikzioan, feminismoz mozorrotutako mezu arriskutsuak aurkitu ditzakegu”

Amaia Zufia iruindarrak hurbiletik aztertu ditu ‘Crepúsculo’, nerabeentzako literatura saga ospetsuak islatzen dituen harreman eta genero ereduak

Elkarrizketa Miren Mindegia | Argazkia Iñaki Porto - Lunes, 19 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Amaia Zufia, Iruñeko Auzolan liburu-dendan, joan zen ostegunean.

Amaia Zufia, Iruñeko Auzolan liburu-dendan, joan zen ostegunean. (IÑAKI PORTO)

Galería Noticia

Amaia Zufia, Iruñeko Auzolan liburu-dendan, joan zen ostegunean.

iruñea- Bella, familia desegituratu batetik datorren 17 urteko neska, institutu berrira iristen da. Konplexuz betetako neska, hasieran galduta, bakarrik, sentitzen da inguru berrian. Halako batean, mutil lirain bat ezagutzen du: Edward. Bitxia da, arraro xamarra, misteriotsua... Eta banpiroa. Ezinbestean, berarekin maitemintzen da Bella, eta bere bizitza alde batera uztea erabakitzen du, maitasunaren aldeko apustua eginez. Stephenie Morgan idazle estatubatuarraren Crepúsculo sagak kontatzen digun istorioa ezaguna da askorentzat. 2005ean lehenengo alea argitaratu zenetik milioika nerabek kontsumitutako produktu kulturalean bilakatuta, liburu eta pelikula formatuan ez ezik, telesail moduan ere plazaratu da, hala nola YouTube eta bestelako sare sozialetara egokitutako formatuetan ere. “Boom kultural” bezala definitzen du Amaia Zufiak (Iruñea, 1990) Crepúsculorekin gertatutakoa. Baina, zein da saga ospetsuak erakusten duen maitasun eredua? Zeintzuk dira miloika gazte hauek fikzio produktu hauen bitartez “kontsumitzen” dituzten mezuak? Nola eragiten dute mezu hauek patriarkatuaren egonkortzean? Guzti horretaz aritu zen Zufia, Bilgune Feministako kidea, joandako ostegunean, Iruñeko Auzolan liburu-dendan eskainitako solasaldian.

Bella eta Edwarden arteko harremana du ildo nagusitzat Crepúsculo sagak. Zein da agertzen zaigun maitasun eredua?

-Maitasun erromantikoarena, guztiz. Azken batean, Bellak zer egiten du maitemintzen denean? Bere buruari uko egin. Lagunartea, familia, gizatasuna... Dena alde batera uzten du, eta orduan iristen zaio saria: neska askoz ere eder eta boteretsuagoan bilaka-tzen da.

Zertaz ari gara “maitasun erromantikoa” aipatzen dugunean?

-Maitasun erromantikoa, modernitatetik nagusi den edo hegemonikoa den maitasun ideologia normatiboa da. Pieza garrantzitsu bat da jendarte patriarkalaren orden soziala mantentzeko. Neskak eta mutilak, sexu kontrajarriak bezala agertzen dira, bere artean bateragarriak direnak. Gainera, funtzioen banaketa bat ematen da beraien artean. Emakumeok maitasunean espezialistak bilakatzen gara, bikote maitasuna gure biografiaren erdigunean jartzera behartzen gaitu. Gu gara emozioen gordailu eta maitasunaren zaintzaile. Aldiz, gizonezkoei eremu publiko eta produktibora bideratzen zaie. Horrek, bai harremanetan bai jendartean, desorekak sortzen ditu, bakoitzaren fun-tzioak oso ezberdin baloratuak eta aitortuak daudelako. Emakumeok zaintza lan guzti hori musutruk egiten dugu, eta gizonezkoek ordainsari bat eta aitortza soziala jasotzen dute euren lanaren truke. Bestalde, iruditeri oso bat darama inguruan: maitasuna bat-bateko “fletxazoarekin” lo-tzen da, kontrolaezina da, magikoa eta irrazionala. Sufrimenduarekin ere lotzen da: maitatzen baduzu, sufri-tzea tokatzen zaizu, normala da. Zer gertatzen da? Emakumeok askoz gehiago barneratzen dugu sufrimendua harremanetan, normala dena ulertzen dugu;eta gizonezkoek, aldiz, ez. Eta horrek biolentziara eramaten gaitu. Ideologia honek, gainera, gizakiok hutsune natural bat badaukagula esaten digu, beste norbaitek beteko duena.

Elementu guzti horiek islatzen dira Crepúsculo aztertzen dugunean? Bikotearen arteko desoreka ematen da?

Bai. Zer gertatzen da? Crepúsculo produktu konplexua da. Pixkat aztertuz gero hainbat eredu daudela atzematen duzu, mezu desberdinak eztabaidan eta lehian daude eure artean. Jendartean ere hainbat mezu kontrajarri daudelako gertatzen da hori, anbibalentzia da nagusi. Emakumeon kasuan, adibidez: arrakasta soziala izan ezazu, profesional arrakastatsua eta independentea izan zaitez, eta aldi berean ez utzi desiragarria izateari, bideratu zaitez familiara... Bipolaridade arraro hori eremu askotan ematen da, etaCrepúsculo-n ere ikusten da. Alde batetik, maitasun erromantikoaren elementu guztiak dauzka eta horrek, noski, genero desorekak betikotzen ditu. Baina, aldi berean, harremana elkar ezagutzeko prozesu bat dela ikusten da, bata bestearekiko irekiera progresibo bat, bi pertsonen beharren negoziaketa bat... Beraien posizioak berdintzen eta orekatzen doazela ikusten da. Hasiera batean Bella azpiratuta dago, gutxiagotasun posizio batean, baina boteretzen badoa, baldintzak jartzen ditu, eta Edwardekin parez pare bukatzen du. Baina prozesu hori oso tranpatia da.

Tranpatia, zein zentzutan?

Bellak Edwarden pare bukatzen du, baina prezio altu bat ordainduz. Irakurle gazteen artean elkarrizketak egin nituenean, nesken eta mutilen artean harrera oso desberdina zuela konturatu nintzen. Neskek, Bellaren boterearekin konektatu zuten, hori zen goraipatzen zutena. Hori ona da, berez, neskek boteretu nahi dugula esan nahi duelako. Aldiz, mutilek boterea erabat Edwardengan kokatu zuten, eta Bella ezer gutxi zela. Bellaren pertsonaiarengan, ereduen arteko tentsio bat badagoela ondorioztatu dezakegu. Bere balio nagusia, hala ere, maitasuna da, bere motibazio nagusia, pertsonaiari zentzua ematen diona. Eta hor dago tranpa. Ahalduntzen da, bai, baina zerek ematen dio boterea? Maitasunean espezializatzeak, nolabait bere burua beste pertsona batengatik inmolatze horrek. Amatasuna ere aukeratzen du haurdun geratzen denean, horrek bere bizitza arriskuan jartzen duen arren. Barruan daraman fetoa erdi banpiroa denez, barrutik suntsitzen du, baina berak ez du abortatu nahi... Oso mezu kontserbadorea da. Guzti hori egiten duenean ematen zaio boterea, sari bezala. Mezu tranpatia da neskentzat, boteretzea askoz ere konplexuagoa delako: betiere kolektiboan ematen da eta egitura sozialak zalantzan jar-tzetik abiatzen da.

Gizonezkoei dagokionez, zeintzuk dira sagan islatzen diren rolak?

-Bi eredu nagusitzen dira: Edward eta Jacob, gizon-otsoa. Crepúsculo-k balore zehatz batzuk naturalizatzen ditu gizonezkoengan: biolentzia, indarra, lehia... Beraien bizitzeko zentzua Bella konkistatzea eta defendatzea da. Bellak, bere burua arriskuan jartzeko gaitasun berezia dauka, gainera... Gizonezko bi pertsonaiek eredu desberdin zehatz bat ordezkatzen dute, non klase eta arraza konnotazio piloa biltzen diren. Edward banpiroa da, klase altukoa, aberatsa, zuria, auto-kontrol handia daukan pertsonaia. Balio protestanteak ordezkatzen ditu. Jacob klase baxukoa da, indigena eta erdi animalia, eta maskulinitate latinoago bat ordezkatzen du, oldarkorra da. Arrazakeria nabarmena da honetan. Norekin gelditzen da Bella? Zuria eta aberatsa denarekin, eta bidenabar klase sozialez igotzen da. Maitasunarekin klase egiturak gainditu daitezkeela ere esaten digu Crepúsculo-k, errealitatearekin zerikusirik ez duena. Eredu arriskutsuak dira: ni neska gazte bat banaiz, zein izan daiteke nire inguruan topatu dezakedan “banpiro” hori? Mutiko gaiztoa, “el malote”.

Noraino heltzen da nerabeek mezu hauek kontsumitzeak dakarren arriskua?

-Gazteen artean dauden ideologiak neurtzea oso zaila dela esango nuke. Jendarte oso konplexu eta anbibalentean bizi gara, eta eredu eta mezu kontrajarriak jasotzen eta erreproduzitzen ditugu etengabe. Gauza ba-tzuetan aurrerapausoak eman direla esango nuke: gaur egun neska gazteak indarkeria matxistarekiko jarrera kritikoagoa daukagu, independentzia eta autonomia nahi ditugu, boterea... Eta horretarako hainbat eredu dauzkagu inguruan. Baina egia da harreman eta diskurtso patriarkalak berrartikulatzen ari direla. Fikzio produktuetan, feminismoz eta independentziaz mozorrotuta, mezu oso arriskutsuak ematen dira batzutan, eraso txiki handiak. Boteretsu izan zaitezke baina neurri batean eta zure sentsualitatea galdu gabe, adibidez... Horrelako produktuak arriskutsuak dira, betikoa ematen dizutelako baina mozorro baten pean.

Hala ere, irakurketak anitzak izan daitezke, ezta?

-Noski, produktu bat jasotzen dugunean ez da alde bakarreko bide bat, zuk ere ematen diozu esanahia, eta esanahi hori produktua eta kontsumitzailearen arteko elkarrizketa batean eraikitzen da. Hor irakurketa berriak sortu daitezke. Ni ez naiz soilik Bellarekin identifikatzen ahal, gizon otsoarekin identifikatu nahiteke, edo Edwardekin. Botere hori nire alde erabili dezaket. Gauza hauetaz satanizatu gabe hitz egin behar dugula uste dut, gainera. Garrantzi-tsua da gazteen artean irakurketa hauek egitea, naturaltasunez eta debekurik gabe. Ulertu behar dugu zergatik konektatzen duen jendeak produktu batzuekin edo besteekin.

Zerk egiten du Crepúsculo bezalako produktu kultural batek hainbeste jenderekin konektatzea?

-Jendartean daukagun gatazka handienetako bati erantzuna ematen zaio: bakardadeari. Bakardadeari beldur handia zaio egungo jendartean, eta bikotea agertzen zaigu bakardadearen kontrako erremedio bezala. Crepúsculo-k, fantasian bada ere, eredu erakargarri bat ematen digu: betirako txispa daukan harreman bat.

las claves

“’Crepúsculo’-n, Bella boteretzen den neska bat da, baina betiere prezio altu bat ordainduz”

“Fikzioa bada ere, bakardadeari aurre egiteko eredu zehatz bat ematen digu: betirako bikotearena”

etiquetas: amaia zufia

Últimas Noticias Multimedia