Ibarrako Udalak ia bost milioiko aurrekontua izango du aurten

Hainbat inbertsio alde batera utzi ditu oraingoz, baina urtean zehar 2017ko gerakina horretara bideratuko du

Martes, 20 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Ibarra- Ibarrako Udalak 4.824.561,60 euroko aurrekontua kudeatuko du aurten, udalbatzak onartu bezala.

Gazteria arloan egin nahi du Udalak apustu handia. Hala, nerabe eta gazteen parte-hartzea sustatzeko zerbitzuan sakontzeko, orain dauden langileez gain lanaldi osoan beste langile bat ere izango da. Azpimarragarriak, era berean, Euskaraldia eta Gizarte Zerbitzuen bidez antolatuko diren ekimenak.

Obra eta egokitze-lanei dagokienez, herriko irisgarritasuna hobe-tzen joan nahi da. Era berean, herriko argiteria berritzeko 60.000 euro zuzenduko dira;Egi eraikineko argiteria berritzeko, 40.000 euro;eta Emeterio Arreseko 4-10 urbanizazioa berritzeko 95.000 euro. Aipatutakoez gain, Ibarrako berdeguneen manten-tze-lanak egin eta herriko barandillak txukunduko dira

Pertsonalaren alorrean, informatikari bat kontratatuko da eta Udaltzainen kontratazioari ere ekingo zaio. Ibarrako Piparraren sustapenerako mahaia eta liburua sortzeko pertsona bat kontratatuko da.

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatu eta gizartera-tzeko eremuan diru-laguntzak igo egingo dira 5.150 euro. Kirol diru-laguntzak 55.000 eurokoak izango dira eta garapen herrialdeei zuzenduko zaien diru laguntza 45.000 eurokoa izango da.

Hainbat inbertsio alde batera utzi behar izan dira oraingoz, baina urtean zehar burutzeko asmoa du Ibarrako Udalak, 2017ko gerakina horretarako bideratuz. Hala, kiroldegiko inpermeabilizazioa, Euskal Herria kaleko 45-47ko haur parkea berritzea, haurtzaindegi kanpoaldeko lurra berritzea eta bizikletan ibiltzeko zirkuitu bat sortzea bezalako proiektuak 2018an zehar garatzea espero da. - M.S.S.