Garbi Losada eta José Antonio Vitoria ados teatroa, ‘dublindarrak’ antzezlanaren egileak

“Ziurtzat jotzen den guztia erori daitekeela erakusten digu obra honek”

Bihar, 20.00etan, James Joyce idazle irlandarraren obra nagusietako bat eszenaratuko da Gayarren, Ados Teatroa taldearen eskutik: ‘Dublindarrak’

Miren Mindegia | Patxi Cascante - Miércoles, 21 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Garbi Losada eta José Antonio Vitoria, antzezlanaren egileak.

Garbi Losada eta José Antonio Vitoria, antzezlanaren egileak. (PATXI CASCANTE)

Galería Noticia

Garbi Losada eta José Antonio Vitoria, antzezlanaren egileak.

iruñea- Ados Teatroak literatura unibertsalaren obra nagusietako bat ekarriko du bihar Gayarre antzokira. Garbi Losada eta José Antonio Vitoriak egokituta, James Joyceren Dublindarrak lana lehenengoz eszenatoki gainean eta euskaraz ikusteko parada eskainiko da, arratsaldeko 20.00etan. Obra, gainera, gaztelerazko azpitituluekin erakutsiko da, egileek argitu bezala.

1906an, independentziaren lehen taupadak sentitzen ari zen Irlandan kokatzen da kontakizuna. Urtero bezala, Morkan andereek Errege eguna ospatzeko afaria prestatu dute euren etxean, lagun eta sentartekoz inguratuta. Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez, Lierni Fresnedo, Asier Hormaza, Iñake Irastortza, Klara Mendizabal eta Asier Sota antzezleen azaletik, pertsonaiak halako ekitaldietan ohikoak diren gaietaz arituko dira: lana, maitasuna, politika... Itxurazko soiltasun baten azpian, Irlandak garai hartan bizi zuen paralisi moral eta espirituala islatzen du obrak, non oroitzapenak egunerokotasuna baino biziago dauden eta hildakoek bizidunak menderatuta dauzkaten.

Dublindarrak, XX. mendeko ingelesezko obra gorenetako bat da, Joyceren lanik ezagunena, Ulises-ekin batera. Zer nolako erronka izan da antzerkirako egokitzapena egitea?

G.L.- John Houstonek The deadfilma egin zuenean bezala, Dublindarrak obrak dituen hamabost ipuinetako azkena hartu dugu oinarri nagusitzat. Azken ipuin hau oso estrukturatua dago, elkarrizketei dagokienez ere, eta erraza suertatu zaigu alde horretatik egokitzapena egitea. Hori bai, Dublindarrak-eko beste ipuinetan agertzen diren alderdi eta profilak ere jaso ditugu, pertsonaiei sakontasun gehiago emateko eta gai gehiago ikutzeko.

J.A.V.- Houstonen filma oso fidela da ipuinarekiko, ipuinaren izenburutik bertatik hasita. Guk beste trama batzuk ere sartu ditugu kasu honetan.

Hildakoak du izena kontakizun horrek. Ezer kontatzen ez duela dirudien arren, asko erraten duen ipuina da. Zeintzuk dira bertan iku-tzen diren gaiak?

G.L.- Kontakizuna Errege eguneko afari batean kokatzen da. Izeba ba-tzuen etxean elkartzen dira lagun eta senide talde bat. Afarian zehar hainbat gaietaz hitz egiten dute, hasiera batean ohikoak diruditen gaiak, kontakizunari zentzu guztia ematen dion amaierara iristen diren arte. Ezer kontatzen ez duela dirudi baina ikutzen diren gaiak asko dira. Egokitzapenean suspentse gehiago sartu diogu afariko giroari, komedia dosi gehiago eman diogu. Idatzi zenetik mende bat igaro bada ere, beti arduratu diguten gaiak agertzen dira: maitasuna, lana, egoera politikoa... Eta gauza guztien gainetik heriotza.

J.A.V.- Obran agertzen den egoera politikoak, zehazki, zerikusia dauka aktualitatearekin. 1906an girotzen da kontakizuna. Irlanda oraindik ez da independentea, Inglaterraren kolonia moduko bat da. Ideologia berriak pizten ari dira une horretan, mundu baten bukaeran gaude eta oraindik marraztu ez den beste baten hasieran. Pertsonaiak zintzilik daude denboran. Gai sozialekin ere gauza bera gertatzen da: langile mugimendua hastear dagoen unean gaude.

G.L.- Eztabaida politikoan, bada Inglaterrako koroa onartzen duenik eta bada errepublika irlandarra defenda-tzen duenik ere. Baina eztabaida guzti horiek lausotzen doaz, gai nagusira hurbildu ahala.

Joyceren ipuinean, pertsonaien artean dagoen tentsioa, nabarmena den arren, oso sotila da. Nola eraman duzue sotiltasun hori eszenatokira?

G.L.- Eszenografiaren bitartez, pertsonaien sakontasunaren bitartez... Uste dut daukagun antzezle taldeak oso ongi egiten duela hori. Prozesu guztian oso eroso sentitu gara, hasieratik onartu izan da dramaturgia eta entseguetan oso eroso aritu gara. An-tzezleek, sakontasun handiko pertsonaiak dituzte. Badira barrerako uneak, negarrerako uneak, enkontrurako besteak... Afarian zehar, oso identifikatuta sentitu gaitezke.

Pertsonaia anitzeko lan bat den arren, Gabrielen pertsonaia nagusitzen da azkenean. Nola gertatzen da hau?

G.L.- Bai, obra erabat korala dela esan dezakegu, baina ilobaren pertsonaia da nagusia, azken batean. Tradizioa ordezkatzen du berak, betebeharraren zentzua. Familia guztia mantentzen duena da, arazoak konpontzen dituena, bizimodu egonkorrena daukana. Baina gauza txiki batengatik, ziurtzat jotzen duen guztia apurtu egiten da. Horixe erakusten du obrak, ziurra dirudien hori bapatean deuseztatu daitekeela. Bizitzaren hauskortasunaz ari da.

J.A.V.- Bai, azken batean gauza txiki bat da, abesti soil bat, pertsonaia honen bizi guztia krisian jartzen duena. Bere bizitza, bere seme-alaba, bere emaztea... Dena erori egiten da, ageriko txikikeria batengatik. Ziur-tzat ematen duen etorkizuna barne.

Ez da lehenengo aldia literaturako lan handi bat oholtzaratzen duzuela. Zergatik aukeratu duzue orain Dublindarrak?

G.L.- Adosen, ametsen eta ideien kutxa moduko bat daukagu, eta gauza asko sartzen dira hor: markatu, gustatu edo interesa piztu digun guztia, betiere publikoarentzat interesgarria sertatu daitekeena. Hau, aspaldidanik burutan geneukan zerbait zen.

J.A.V.- Bitxia da, baina antzerkira oso gutxi eramandako obra bat da. Estatua primizia da gurea, ez da sekula egin, eta mundu anglosaxoian ere gutxitan.

Zergatik uste duzue hala izan dela?

J.A.V.- Hasteko, egokitzapena ez delako erraza, testuaren soiltasun hori dela eta. Eszena gainean, bira puntu gehiago bilatu behar zaizkio, intentsitate dramatiko handiagoa. Bestalde, eskubidez libre gelditu da berriki. Joyceren ondorengoek ez dakigu zer nolako harremana izanen zuten bere lanarekiko... Brodwayen musikal bat egin zela badakigu, eta John Houstonen filma ere hor dago, baina gutxi gehiago. Filmari dagokionez, ipuinarekiko oso fidela da, beraz, obraren oinordekoak oso arduratsuak izango ziren akaso.

Alde horretatik, aske sentitu zarete obraren egokitzapena egiterakoan?

G.L.- Oso adeitsuak izan gara Joyceren lanarekin, izan ere, helburua ez zen ipuina hartu eta guztiz aldatzea. Interesgarria suertatu bazaigu, izan ere, zerbaitegatik izan da. Hori bai, antzerkiko hizkuntza oso desberdina da.

J.A.V.- Bai, zinearekin alderatuta, antzerkiko baliabideak oso bestelakoak dira. Ez daukazu, adibidez, lehenengo planoa erabiltzerik. Plano orokorra da antzerkiarena, eta xehetasunak kontatzeko modua aurkitu behar duzu.

Ia obra osoa eszenatoki bakar batean garatzen da, bi izeba horien etxean. Nola garatu duzue eszenografia?

G.L.- Eszenografia ez errealista bat egin dugu, nolabait esateko, eta oso emaitza ona lortu dugu. Antzezlanaren plastikotasuna, hobekien fun-tzionatzen duen gauzetako bat dela uste dut. Etxeko egoitza desberdinak mugitu egiten dira, modu sotil batean. Bestalde, trantsizio batzuetarako proiekzioak erabili ditugu, pertsonaien subjektibotasuna ager-tzen dutenak.

J.A.V.- Eszenak mugikorrak dira eta plano desberdinak aldi berean ager-tzea ahalbidetu digu horrek, pertsonaia batzuk aurrean dauden bitartean, atzean dauden beste batzuk ikusi ditzakezu aldi berean.

Musikak ere presentzia nabarmena dauka antzezlanean, ezta?

G.L.- Bai, ipuineko bi izebak musikariak izanik, musikari presentzia eman nahi izan diogu. Oso ongi abesten duen soprano bat daukagu tartean, eta pertsonaia batzuei ere abestea egokitzen zaie. Javier Asínek sortutako musika, musika irlandarrean inspiratu da, obran ere maiz aipatzen den Thomas Mooren musikan.

Urtarrilan eszenaratu zenuten lehenengoz obra, Arriaga Antzokian. Zein da ikusleak izan ohi duen sentsazioa lana ikusterakoan?

G.L.- Jende askok ezagutzen duen lana da, alde batetik. Ezagutzen ez dutenak, gonbidatuak bezala sar-tzen dira etxe honetara. Eguberriko afari batean zaude, pertsonaia ba-tzurekin enpatia gehiago izango duzu besteekin baino... Poliki-poliki, azken une horretara eramaten dizute eskutik, eta sentsazioa emozionala da. Barrutik astintzen zaitu.

J.A.V.- Kritikak oso onak izan dira, eta ikusi duen jendearen aldetik ere iritzi onak jaso ditugu. Antzezleen lana, batez ere, oso ona da.