Iñaki Zabaleta

“Humboldtek euskara desagertzeko arriskua ikusi zuen eta hori gabe ezingo zela nazioaz hitz egin”

EHUko irakasle Iñaki Zabaletak ‘Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria’ liburua kaleratu du euskaraz, bere garaian idatzi zuen doktore tesiaren moldaketa

Harri Fernández Ruben Plaza - 2018(e)ko otsailaren 22a, osteguna - 06:03etan eguneratua

Iñaki Zabaleta EHUko irakaslea

Iñaki Zabaleta EHUko irakaslea (Ruben Plaza)

Galería Noticia

Iñaki Zabaleta EHUko irakaslea

Iñaki Zabaleta | Filosofiako irakaslea eta ‘wilhelm von humboldt eta euskal herria' lanaren autorea

donostia- Wilhelm von Humboldt (1767-1835) prusiar humanista, politikari eta hizkuntzalariak bi aldiz bisitatu zuen Euskal Herria, 1799an eta, sakonago, 1801ean. Ostean, jasotako informazioarekin 20 urtez lanean aritu zen. Orain, Iñaki Zabaletak pentsalariaren euskal ikerketak ezagutzera emateko liburua kaleratu du. Gaur, 13.00etan, gainera, EHUko Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko batzar aretoan aurkeztuko du, astero biltzen den Filosofia Mintegi Irekiaren testuinguruan.

Nor da Wilhelm von Humboldt Iñaki Zabaletarentzat?

-Ni kezkatzen nauen gai bati buruz dezente pentsatu zuen pertsona bat.

Zer gai?

-Beti kezkatu izan nau nazioa zer den inguruko galderak. Joxe Azurmendiren bidez jakin nuen Humboldten inguruan. Prusiarrak oso garai berezi batean ikertu zuen euskaldun izateari buruz eta nahiko garbi ikusi zuen euskaldunei buruz hitz egiteak eska-tzen zuela euskara oinarri hartzea. Nazioa eta hizkuntza erlazionatzeko modu hori ikusi zuen.

“Humboldti euskaraz bizi zen jendea interesatzen zitzaion eta hori txoko txikienetan bilatu behar zuen”

Humboldtek 1799 eta 1801 urteen artean bi bidaia egin zituen Euskal Herrira. Garai horretan ohikoa zen pentsalarien bidaiazaletasuna.

-Bai. Humboldt elite mailako pertsona bat zen eta horrelakoen artean formazioaren parte bat zen mundua pixka bat ezagutzea. Kontaktuak egiteko ere balio zien. Humboldtek horrelakoak egin zituen Euskal Herrira etorri aurretik ere.

Euskal Herriko zerk txunditu zuen Humboldt?

-Euskararena hor dago, hasiera-hasieratik. Parisen ezagutu zuen Dominique Joseph Garat (Uztaritze, 1749), Iraultza ondorengo garaian ere oso pertsona garrantzitsua izan zena, eta Espainiarako bidaia prestatzen hasi zen garaian eduki zuen euskararen berri. Kontuan hartu behar da letren mundutik zetorrela: Latina, Greziarra eta horrelako hizkuntzak guztiz ezagutzen zituen eta euskararekin topo egitean gauza bereziak aurkitu zituen. Bestalde, ondo ezagutzen zuen Berlingo giroa, Madrilen ere egona zen eta alde horretatik konparatiboki harritzeko kontuak aurkitu zituen hemen.

Zeintzuk?

-Autogestioa eta herritarren parte-hartzea kuestio politikoetan. Foruei zegokienean, baloratu zituen euskaldunek euren identitatea mantendu ahal izateko bitarteko bezala. Batzar Nagusiei begira asko mirestu zuen parte-hartzea, “demokrazia hutsez” ere hitz egin zuen. Beste lekuetan konstituzio feudalak zeuden moduan, hemen nekazarien konstituzioa zegoela esan zuen. Kontu pixka bat ere eduki behar da, kontatu ziotena kontatzen zuelako berak. Idealizazio puntu bat ere badago, baina ez zen tontoa eta konparatiboki ezberdintasunak ikusten zituen.

“Non ikusten da talde baten arteko lotura? Batez ere, hizkuntzan. Horretan bakarrik? Ez, baina hori gabe ez dago bestea”

Humboldtek bi bidaia bakarrik egin zituen Euskal Herria, baina jaso zuena hurrengo bi hamarkadetan zehar landu zuen.

-Bai, euskararekin loturiko bere azken argitalpena 1821ekoa da. Batez ere bigarren bidaian etorri zenean helburua garbi zeukan: euskal probintzia guztiak ezagutu eta euskal hizkun- tzari buruzko informazioa jaso. Ezin zuen beste modura bildu informazio hori, ez zegoen libururik.

Lehen pertsonan jaso behar zuen.

-Humboldtek euskara herriaren ahoan dagoela zioen. Bere ustez hizkuntzaren lehen funtzioa antropologikoa da. Euskararen inguruan jasotako informazio hori guztia hurrengo bi hamarkadetan landu zuen, etenaldiekin. Hogei urte horietan bere jardun politikoa garatu zuen, Berlingo unibertsitatea sortu zuen, Vienako Kongresuan bera izan zen Prusiako ordezkarietako bat, konstituzio erreformetan murgilduta zebilen, enbaxadore ere izan zen... Badaude zenbait aspektu, hizkuntzari dagokionez ere, nahiko solte daudenak.

Zure liburuarekin solte edo sakabanaturik zeudenak bildu nahi izan dituzu?

-Humboldt Euskal Herrian ezaguna bada, beste zenbait autorek ere bere zenbait lan itzuli edo berari buruz idatzi dutelako da. Liburuaren helburua da sistematikoki eskaintzea Humboldtek Euskal Herrian ikusi zuena eta, batez ere, hori bere pentsamenduaren testuinguruan jartzea. Liburuaren lehen zatia galdera batetik abiatzen da: Zergatik etorri zen? Eta bigarrenak beste galdera bati eran-tzun nahi dio: Zer ikasi zuen hemen?

“Nazioa ez da berarentzat politikaren inbento bat, ez du erabakitzen zer den nazioa. Politikak nazio bat suntsi dezake, baina ez sortu”

Egin zuen lanketa publikoa oso urria da.

-Orokorra da Humboldtengan. Oso gauza gutxi argitaratu zituen, politika kontuak alde batera utzita. Lan akademikoari dagokionez beretzat egiten zuen, gustatzen zitzaiolako eta hor ikusten zuelako bere burua fuerte. Halere, deigarria da Euskal Herrian egon eta gero eta jardun politikoa bukatuta, hizkuntza kontuetan aritu zela guztiz. Orohar oso gauza gutxi argitaratu zituen, baina hizkuntzarekin lotutako lehen hiru argitalpenak euskararekin erlazionaturik daude: 1801ean artikulu txiki bat idatzi zuen beste baten liburuan;1812an idatzi inportante bat argitaratu zuen eta hor bere egitasmoa landu zuen;eta gramatikari buruzko beste ohar solte batzuk beranduago argitaratu zituen. Lehen esan dugu sakabanatuak zeudela, baino oso argi zuen bere helburua: berak espreski esan bezala, euskaldunak nazio gisa irudikatu nahi zituen. Ez da gauza berria, Humboldtek giza taldeak, nazio bezala ezaugarritzen dituen horiek, ikuspuntu historiko-natural batetik begiratzen zituen. Nazioa ez zen berarentzat politikaren inbento bat. Politikak ez du erabakitzen zer den nazioa. Agian, politikak nazio bat suntsi dezake, baina ez sortu.

Liburuan espreski aipatzen da pentsalariaren helburua zela “nazioa zer den ulertzea”. Orduan, galdera da, ba al dago euskal naziorik Humboldten pentsamenduan?

-Bere biografo garrantzitsuenetako batek dio Humboldt Parisera joan zela ulertu nahian zer zen frantsesen nazioa eta orduan konturatu zela bazela alemanen nazio bat. Eta tartean euskal nazioa topatu zuen. Bere kezka zen, hasieran behintzat, frantsesek nola funtzionatzen zuten talde moduan. Zertan dago talde bezala erakusten duten indarra? Euskal Herrira etorrita berriro ere, talde batek talde bezala erakusteko duen muina hizkuntzan oinarritzen dela batez ere zehaztu zuen. Alde horretatik, argi zeukan Humboldtek euskaldunek nazio bat osatzen zutela.

Humboldtek aurreikusi zuen mende bateko epean euskarak “hizkun-tza bizien zerrendatik” desager-tzeko arriskua zuela.

-Ikusi da zer gertatu den Iparraldean. Gainera, arduragabekeria bat ere ikusi zuen euskaldunen artean euskararekiko. Ez zuten gehiegi lan-tzen. Politikarekin lotuta ikusi zuen nola Iraultza Frantsesak desegin zituen Iparraldeko ohiturak eta sistema guztia;Madrilen ere tentazio zentralista handi bat ikusi zuen. Horrekin erlazionaturik, politikariak dilema baten aurrean zeudela zioen, aukeratu egin behar zutela ezberdintasunak ezabatu eraginkortasunaren izenean edo horiek garatu eta onurak aprobetxatu. Humboldtek ebatzi zuen, zoritxarrez, politikariek lehenengo aukeraren alde egin zutela. Euskara galtzeko arriskua ikusi zuen eta, hori galduta, nazioaz ere ezingo zela hitz egin.

“Foruak tresna moduan ikusi zituen eta horien bitartez euskaldunek beraien identitatea mantendu eta garatu zuten”

Hain zuzen, berarentzat nazioa eta hizkuntza loturik zeuden.

-Ez dago metafisika bat. Berak horri heltzen zion: non ikusten da talde baten arteko lortura? Batez ere, hizkuntzan. Horretan bakarrik? Ez, baina hori gabe ez dago bestea.

Nazioa definitzean elementu kulturala dela zioen, ez politikoa.

-Hor ere garrantzitsua da ikustea berak ez zuela ezer berririk asmatu. Ilustrazio ortodoxoan, Montesquieu eta Voltairengan pentsatzen ari naiz, horiek zuzen-zuzenean hitz egin zuten nazioaren espirituaz, beraien kontestutan eta beraiek esan zutenarekin. Voltairrek zuzenki esan zuen: “Nahikoa da begira-tzea espainolak, frantsesak eta ingelesak eta elkarren artean ikustea eta sentitzea ezberdinak direla”. Ikusi eta ikasi izan zen Humboldtek egin zuena.

“Euskal nazioaren muina, sakabanatuta eta bakarrik -askotan mendietan barrena- bizi diren nekazariengan kokatuta dago”, esan zuen.

-Hori da berak momentu horretan ikusi zuelako. Berak garbi zeukan nazioa definitzerako garaian ez ziola muga politikoari erreparatuko, baina ez zen nahikoa lurraldera etortzea geografikoki nazioa topa-tzeko. Zenbait eremu urbano ez zi-tzaizkion interesatzen, berari euskaraz bizi zen jendea interesatzen zi-tzaiolako eta hori txoko txikienetan bilatu behar zuen.

Humboldtek antropologia ere egin zuen.

-Giza taldearen espresio kulturalak aztertzen zituen eta horiekin irudi bat egin nahi zuen. Pilotaren inguruan esan zuen “dibertimendu nazionala” zela eta dantzari buruz, gauza bera. Non ikusten da nazioaren dinamika aisia dela eta? Horretan.

Eta non gelditzen da politika?

-Bera politikaria izanda, sekulako garrantzia ematen zion. Foruak eta Batzar Nagusiak aztertu zituenean argi ikusi zuen bazutela balore sinbolikoa, baina ez maila sinple batean. Hor ere irudikatzen da herri baten izaera, juridikoki eta politikoki onartuta. Zuzenean foruak tresna moduan ikusi zituen eta horien bitartez euskaldunek mantendu eta garatu zuten beraien identitatea. Ezberdintasun baten isla eta bermea dira. Euskaldunek ere behar dute beraien burua identifikatuta ikusi egitura batean.

Últimas Noticias Multimedia