Xegundo Alkorta Oliden Getariako gure txeruko pilota ataleko arduradun eta delegatua

“Hiru gaztek pilota arloan ardura hartzeko gogoa dute: etorkizun polita ikusten diot pilotari Getarian”

Xegundo Alkortak 25 urte daramatza Getariako Gure Txeruko pilota atalean lanean. Pilotak “dena” eman dio eta “gustura” dago orain arte egindako lanarekin

Ane Roteta - Sábado, 24 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Xegundo Alkorta Oliden

Galería Noticia

Xegundo Alkorta Oliden

Getaria- Xegundo Alkorta Oliden (1949) Zumaiako Oikia auzoan jaio zen, baina 1974an Getariara joan zen bizitzera. Taxista bezala lanean aritu zen 2013 urtera arte, baina pilotazale amorratua izan da gaztetatik. 25 urte daramatza Getariako Gure Txerukon, kirol eta kultur elkarteko pilota ataleko arduradun bezala. Urte asko izan dira pilotaren alde lanean, eta joan den igandean Pilota Bizi pelotazaleen elkarteak omenaldia egin zion, kluben arteko txapelketa nazionaleko finalean. “Gustura” dago orain arte egindako lanarekin eta “poz handiarekin” jaso zuen errekonozimendua.

Nola jaso zenuen Pilota Bizi elkartearen omenaldia?

-Ezusteko handiz hartu nuen albistea, baina poz handia izan zen. Ez nuen espero halako omenaldirik. Pilotaren alde lanean ibilitako beste hiru kideri ere eskaini zieten omenaldia, jende asko izan zen bertan eta oso pozgarria izan zen.

Noiz eta nola hasi zinen Gure Txeru elkarteko pilota alorra eramaten?

-Hiru lagunek eta nik Getarian pilotaren inguruan zerbait antolatzeko gogoa genuen eta Gure Txerura joan ginen federaziora joateko baimena behar genuelako. Hala, Gure Txeru elkartean pilota atala atera genuen 1993an, lau pilotazalek bultzatuta. Txapelketak antolatzen hasi ginen eta pixkanaka-pixkanaka, lan eginez, iritsi gara orain gauden tokira. Hasieran, klubeko lehendakari gisa sartu nintzen, eta bi urteren ondoren, arduradun eta delegatu izatera pasatu nintzen. Egin genuen lanak fruitua eman du eta oso emozionatuta gaude lortutakoarekin.

Noiz piztu zitzaizun pilotarekiko afizioa?

-Betidanik gustatu izan zait pilota, gure garaian besterik ez zegoen, eta zortzi edo hamar urterekin hasiko nintzen pilotan. Beti hori bizi izan dut. Pedro Uzin eta biok behin distriko kostako finalera iritsi ginen eta 22-20 galdu genuen Zarautzen. Bestalde, zikloturismoan ere ibili nintzen Getariara iritsi nintzenean, 1976an, eta 20 bat urtean aritu nin-tzen talde batekin. Kirola ez dut behin ere utzi, eta nire bizitzan zehar bi kirol horietan aritu naiz.

Gaur egun ere pilotaren alde lanean jarraitzen duzu Gure Txerun. Nolako osasuna du taldeak?

-Gaur egun hamar bat gazte ditugu federatuta: infantilak, kadeteak, jubenilak eta nagusiak, eta Zarauzko batzuk ere etortzen zaizkigu. Urtean hiru txapelketa antolatzen ditugu, eta astean hiru entrenamendu eta partiduak izaten ditugu. Orain, gainera, hiru gazte ditugu monitore bezala, txikiekin hasi direnak. Beraz, honi segida emateko baditugu hiru arduradun.

Eta zein betebehar edo eginkizun izaten dituzu?

-Federazioko gaiez arduratzen naiz ni;besteak beste;partiduen egutegia antolatzen dut eta materiala ekartzen dut. Horretaz gain, partiduetan epaile bezala ere aritzen naiz. Kristobal eta nire artean antolatzen dugu dena, hura tekniko bezala eta ni delegatu lanetan.

Zer eman dizu zuri pilotak urte hauetan guztietan?

-Dena. Bete egin nau eta zoriontsu naiz lan hau egiten. Maiatzetik abuztura Salbatoretako txapelketa antolatzen dugu eta jendeak ez du sinisten 100 bikote Getariatik pasa daitezkeenik, baina horrek antolaketa lan handia eskatzen du. Ez dakit nola egin dugun hori, baina jendeak pilota bizi du eta egindako lana eskertzen digute.

Getariarren aldetik estimua sentituko duzu, beraz.

-Bai bai, handia gainera, eta egia esan, eskertzekoa da hori.

Nola ikusten duzu pilotaren egoera Getarian?

-Oso egoera polita ikusten dut. Bi gazte oso onak daude eta esperan-tza eta ilusio puntua badugu. Hiru gazte ditugu, oso mutil onak, pilotari eta monitore izateaz gain, epaile ere badirenak. Hiru gazte horiek ardura hartzeko gogoa dute eta hori ikaragarria da. Badakit horiek jarraituko dutela, etorkizun polita ikusten dut, eta, noski, egindako lanarekin gustura nago.

Dena den, lanean jarraitzeko asmoa duzu, ezta?

-Bai, garbi gaukat. Ni oraindik beraien gainean nago, beraiek esperientzia hartu arte. Entrenamenduetara joaten dira baina astean behin ni ere bertan izaten naiz. Gazteak dira oraindik eta ez dira nitaz horren azkar libratuko (barreak).

Gipuzkoako txoko kuttuna. Getaria, hementxe gustura bizi naiz eta.

Paisaia idiliko bat. Donostiako Kontxa asko gustatzen zait.

Mendi bat. Ernio, askotan izan naiz eta, bai goiko tontorrean baita Zelatunen ere.

Hondartza bat. Getariako Gaztetape.

Festa edo ospakizun bat. Getariako Salbatoreak ditut gustuko.

G

ipuzkoatzen