Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Top 10

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 25 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Galería Noticia

Donostiako Kontxako hondartzari Europako hondartza onenaren saria edo aitortza eman dio Tripadvisor-ek, eta mundu mailan seigarren postua erdietsi du, gainera. Aitzitik, ez du lehenengo urtea titulu horren defentsan. Jendearen bozketan oinarritzen da sailkapen hau, eta, ondorioz, oso ikuspuntu desberdinetatik hartutako erabakia dela ulertu behar genuke, edertasuna, inguruan nola txertatzen den… Hala ere, ziur eguraldia eta uraren epela ez direla baloratu, bestela jai izango genuke Euskal Herriko hondartzetan.

Albistea komentatu eta ondokoak zera bota dit ordea, bah, ez da hainbesterako. Betiko euskaldunon aitzakia. Ez gara gai onartzeko ondoan dugunaren balioa, beti gutxietsi behar dugu hurkoa. Gure lankide bat abesten iaioa da eta arrakasta izaten hasi da azkenaldian kontzertuak emanez;bada aurrekoan afaria izan genuen eta ez zion desafinatzeari utzi gau guztian!. Lagun baten lehengusua nahiko ondo ibiltzen da korrika edo bizikletan;nik ere egingo nuke, entrenatzen duen guztiarekin… Bekaizkeria ote? Bizilagunaren arrakasta ezin irentsi? Edo soilik kosta egiten zaigu gertukoaren balore onak onartzea?

Maiz aipatzen dugu, batez ere orain urruneko bidaiak egitea errazagoa den honetan, gutariko askok hobeki ezagutzen ditugula Tailandiako hainbat txoko, gure probintzietako bertakoak baino, baina ea zein den nahikoa ausarta udako oporren ostean batak Ipar Ameriketako mendebaldeko kostatik egin duen hilabeteko esperientzia kontatzeari uzten dionean onartzeko ikaragarri ondo pasa duela maila apalagoko bidaia bat eginez Maule ondoko herrixka batean, edo Arabako lautadako bideetan barrena. Naturalki, igandero disfrutatu dezakegun zerbaitek xarma gal lezake nolabait, eta milaka kilometro eta eurotara dagoen paisaiak hobe du gastatutako dirua merezi, alperrik bota badugu barre egingo digute eta. Urrutiko intxaurrak hamalau.

Txinako arroz-soroetan barrena konturatu nintzen Leintz Gatzagatik sekula pasatu gabea nintzela, eta horrek barne hausnarketarako tartea eman zidan. Ez dut esan nahi mundua ezagutu behar ez denik, inondik inora, aberastasun ikaragarria ekartzen baitigu horrek. Baina agian gure ingurua saltzen abilagoak izan beharko genuke. Badakit, bai, turismoak hainbat arazo ekar ditzakeela eta ekarri dituela, baina neurrian, hamaika txoko ditu gure herriak gozatzeko, eta ez soilik Tripadvisorrek hala sailkatzen dituelako, baizik eta norberak ateratzen dion etekinagatik. Nafarroako Erriberako etxe zahar hura ederra izan daiteke irakurketarako, eta Bilboko alde zaharreko hori aldiz paregabea inguruko giroaz gozatzeko. Momentu, pertsona eta toki bakoitzak zerbait ematen digu, eta horretaz gozatzen ikasi beharko genuke, horri eman bost izar, eta astero-astero gure esperientzien top 10 hori aldatu, zerbaitek aurrekoa ordeztu eta hobetu duelako.