Zirrikituetatik begira

Janzten gaituena

Ana Urkiza - 2018(e)ko otsailaren 26a, astelehena - 10:08etan eguneratua

Ezberdinak gara eta hori erakustea da helburua. Izaten jarraitzen modua. Munduan kokatzeko giltza. Basque Trade and Invest edo Nazioarteko Euskal Agentziaren iritziz, Made in Spain markak baino Basque Countryk askoz gehiago saltzen du atzerrian. Basque Country markaren oinarrian kalitatea, seriotasuna, egiteko modu jakin bat, erantzuteko gaitasuna, etab. luzea dagoelako. Gure herrialdeko enpresek egiten dakitena, alegia. Gure enpresak "gure aurpegia dira" esanez azkentzen dute.

Duela hogei-hogeita hamar urte, Europan barrena makinak saltzera ateratzen ginenean, orduan jada, standetan, pilotarien, aizkolarien eta hemengo gaztaren irudiak itsasten genituen, makinen gainean jarritako irudi haiek arreta deitzen zutenean, nongoak ginen, zer egiten genuen eta gure makinak zergatik ziren ezberdinak edo zerk egiten zituen berezi azaldu ahal izateko. Bereizteko. Abantaila komertziala lortzeko.

Batzuek, gure izaera "zaharra" (ez ziren tradizioaz hitz egitera ausartzen) erakutsiz etorkizuneko merkatua galtzeko arriskua genuela esaten ziguten.

Atzo, Kukai dantza-taldearen Oskara emankizuna (dantza y zinema) ikusi ondoren, zuzen genbiltzala konprenitzen du batek. Geure burua ezagutzen dugula. Zerk ezberdintzen gaituen badakigula. Marketin estrategia zehazteko giltzak zeintzuk diren jakitun garela. Gure tradizioaren edo izanaren sustraietan oinarritu eta modernitaterako (Europari eta munduari garena erakusteko) prestatuta gaudela. Modernitatean ere ezberdinak izateko. Tradiziorik galdu gabe. Garena izaten jarraituz. Moldatuz. Tradiziotik edan eta gaurko merkatura jauzi eginez. Edo dantza. Edo kanta. Edo zinema. Edo ikerketa. Edo sukaldaritza. Edo hizkuntza. Edo makina-erramintak eginez. Gure zigilua erantsiz. Horixe: Basque kultura. Janzten gaituena.