Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Errenta Bermatua jaso eta lan egin dezakeen pertsona orok enplegua izanen du lehendabiziko bi urteen barruan

Nafarroako Gobernuak pobrezia larria erdira murrizteko helburuari ere eutsi dio

Lunes, 26 de Febrero de 2018 - Actualizado a las 21:50h

Eskubide Sozialen lehendakariorde Miguel Laparrak, Osasun kontseilari Fernando Domínguezek eta Hezkuntza kontseilari María Solanak Gizarteratze Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu dute astelehen honetan. Dokumentu honen bidez, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du, Errenta Bermatua jaso eta lan egin dezakeen pertsona orok lanik gabe bi urte baino gehiago ez egoteko eta horien % 50ek lehenengo 12 hilabeteen barruan enplegua lortzeko konpromisoa. Gainera, Exekutiboak pobrezia larria erdira murrizteko konpromisoa hartu du. Erabilgarri dagoen 2015eko azken datuaren arabera, biztanleriaren % 8,8 zegoen pobrezia larrian.

Babestutako enplegu soziala gisako formulen eta enplegu-politika aktiboen laguntzaz, Foru Exekutiboak erantzuna eman nahi die iraupen luzeko langabezian dauden pertsonen egoerarik larrienei, enplegua baita pertsona horien gizarteratu eta lan-munduratzeko funtsezko elementua. Horrela, Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonen % 50ek lan-munduratzeko aukera izanen dute lehendabiziko 12 hilabeteen barruan, eta gainerakoetan, lan egiteko moduan daudenek lanposturen bat jasoko lukete 2 urte egin baino lehen. Laparra lehendakariordeak ziurtatu duenez “Errenta Bermatuaren jasotzaileen enplegagarritasunari buruzko diagnostikoak bukatzen ari garen arren, helburua eskakizun handikoa baina arrazoizkoa dela uste dugu”.

Exekutiboak, halaber, pobrezia larria erdira murrizteko helburua bereganatu du, izan ere, 2015ean bildutako azken datu erabilgarriaren arabera, Nafarroako biztanleriaren % 8,8 pobrezia larrian zegoen, NASTATek urte horretako autonomia-erkidegoko batez bestekoan (5.150 €) oinarrituta landutako Nafarroako Errentaten Estatistikari jarraiki. Gobernuak gutxienez % 4,4ra murriztu nahi du pobrezia larria. Izendapen honi atxikita dago pobrezia-mailaren azpian –diru-sarreren erdiko balioaren % 30, pertsonen kontsumo-unitateko– bizi diren pertsonen portzentajea.

Dokumentuak etxebizitza eskubide subjektibotzat jo du, hau da, Administrazioari eska dakiokeen eskubidetzat, eta horren ondorioz, etxebizitza eskuratzeko zailtasun gehien dituzten sektoreei –hots, gazteak eta familia kalteberak;2.500 familia-unitate, guztira– zuzendutako etxebizitza-eskaintza zehazteko beharra ezarri du. Puntu honetan, Gobernuak alokairu sozialeko etxebizitza edo alokairua ordaintzeko laguntza eskaini nahi die gazte guztiei nahiz merkatuko alokairua bikoizten duten diru-sarrerak ez dituzten erregistratutako pertsona eskatzaile guztiei, baldin eta aurretiaz eskaini ez bazaie edota azken 5 urteotan eskaintza honi uko egin ez baldin badiote.

Hezkuntza arloan, hezkuntzarik eza baita bazterketa eragiten duten beste faktoreetako bat, Gobernua eskola-abandonu goiztiarra murriztu eta % 8tik beheiti kokatzeko modua aztertzen ari da, betiere kontuan izanda 2017an arazo honek Nafarroako gazteen % 11,3ri eragiten ziela eta, 2020ko mugari begira, Europar Batasunak % 10eko helburua ezarri duela Batasun osorako eta % 15ekoa Espainiarako.

Aurrekoarekin bat etorrita, Planak ikasten nahiz lanean ez diharduten gazteen proportzioa murriztu nahi du. Adierazle hau % 14,3koa zen Nafarroan 2017an, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Hezkuntzari buruzko Estatistikaren arabera, eta helburua Foru Komunitatean % 10aren azpitik murriztea da, 15 eta 29 urte bitarteko biztanleen artean.

Osasunaren arloan, Planak % 10 murriztu nahi ditu Errenta Bermatuaren jasotzaileen osasun-egoeran hautemandako desberdintasunak. Kontuan izan behar da pertsona hauen osasun-egoera biztanleria osoarena baino dexente txarragoa dela, gaixotasunak pobreziarekin duen lotura estuaren seinale. Horren harira, haur eta gazteen obesitatea eta gainpisua hiru aldiz ohikoagoa da Errenta Bermatuaz profitatzen diren pertsonen artean, faktore hau zuzen-zuzenean lotuta baitago elikagai osasungarriak eskuratzen eragozten duten oztopo ekonomikoekin. Era berean, diabetesa ohikoagoa da kolektibo honetan. Horrekin batera, nabarmendu behar da, Errenta Bermatuaz profitatzen diren 40 urtetik goitiko emakumeen % 40k depresio-koadroak dituela edo izan dituela. Azkenik, 5 urteko adinaz geroztik, asaldura mental larrien intzidentzia handiagoa izan ohi da Errenta Bermatua jasotzen duten biztanleen artean.

Planean aurreikusi denez, finkatutako adierazleek eta bereziki 6 helburu estrategiko hauek hobekuntza nabarmenagoa ekarriko diete bazterketa sozialaren egoera gehien pariatzen duten biztanleria-taldeei: haur eta gazteei, emakumeei, jatorri atzerritarreko biztanleei, komunitate ijitoari edota guraso bakarreko etxeei, baita egun intzidentzia gehien duen lurraldeei ere.

Aurkeztutako dokumentua azken 20 urteotan landutako lehendabiziko Gizarteratze Plana da (aurrekoa 1998koa izan zen) eta lau urteko indarraldia (2018-2021) aurreikusi zaio. Foru administrazioko zenbait departamenturi eragiten dion neurrian, zeharkako dokumentua da, eta honen elaborazioan, toki-erakundeek, ekimen sozialekoek, oinarrizko gizarte-zerbitzuek eta prestazio desberdinen erabiltzaileek ere parte hartu dute. Gaur egun, Gobernu Irekiaren Atarian jendaurrean jartzeko administrazio-prozesuan dago, datozen hilabeteotan onartu baino lehen.

Gizarteratzea eta Errenta Bermatua arautzen dituen Foru Legea abiapuntutzat hartuta landutako dokumentu honek gizarteratzeko eskubidea gorpuzten du.

Plana bi bloke nagusitan eta 7 ildo estrategikotan egituratuta dago. Lehenengo blokean, honako ildo estrategiko hauek bildu dira: “Diru-sarreren bermea eta oinarrizko beharrak”, “lan-munduratzea” eta “gizarteratzea”. Bigarren blokean, ondoko ildo estrategiko hauen inguruko neurriak zehaztu dira: “etxebizitza”, “hezkuntza”, “osasuna” eta “gizarte-erantzukidetasuna”.

Últimas Noticias Multimedia