Zirrikituetatik begira

Borrokan jarraitu

Ana Urkiza - 2018(e)ko martxoaren 5a, astelehena - 08:34etan eguneratua

Aitor dut aurtengoan ez nuela martxoaren 8ko kausaz idazteko asmorik. Ez eta martxoaren 8aren inguruko manifestaldietan parte hartzeko gogorik. Igandean Donostiako lilatoian lagunekin korrikan egin eta borroka modu intimoago batean bizitzeko erabakia hartua nuen. Martxoaren 8rako deitutako grebak eta geldialdiaren inguruko debateak hautsak harrotu ditu, ordea. Ikasgeletara eramateraino. Eta ez zait gaizki iruditzen, ikastetxe askotan egiten duten eguneroko edo asteko hausnarketa-gaia berdintasunarena izatea. Alderantziz. Kontua da, zer gertatzen den, debate edo hausnarketa horiek zuzentzen dituzten irakasleei (batik bat gizonezkoei) debaterako eman dituzten oinarriez gain, eta beraien iritzia ez azaleratzen ahalegindu arren, beren joera zein den igartzen zaienean eta ikasgelako neskak deseroso sentitzen direnean.

Kasu errazenetara jota, irakasle gizonezko batek bere desadostasuna agertzen duenean lilatoian bakarrik emakumezkoek parte har dezaketelako edota gorputz hezkuntzako irakasleak esaten duenean, kirolean, mutilak eta neskak ez direla sekula emaitza beretara helduko. Benetan, oraindik, tankera honetako ideia oinarrizkoak ditugu aho-mingainetan? Gure seme-alabei horien inguruan ematen diegu hausnarketarako lehengaia? Gure alabek, XXI. mendean, debate horietan nola defendatu behar duten pentsatzen jarraitu behar dute?

Aurrerapauso handiak eman direnik ezin ukatu. Baina alor guztietan bezala, errealitatean, paper gainean sinatutakotik oso urruti gaude. Lilatoian bustitako zapatilak lehortzen utzi ditut, datorren asteburuan berriro korrika egitera irteteko;osasuntsu egoteko, ez gizonezkoen markak hausteko. Lilatoiaren funtzio garrantzi-tsua defendatzen jarraituko dut emakumeek kirolaz gozatzeko bidea har dezaten. Eta eskolarteko neskek, kirolean ere, behar duten autoestimua lor eta senti dezaten borrokatzen jarraituko dut.

Más sobre Opinión

ir a Opinión »

Últimas Noticias Multimedia