Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Logistika Plan Estrategikoak Noain-Imarkoain eta Tutera-Castejón nodo intermodalak sustatzearen aldeko apustua egingo du

Ayerdi lehendakariordeak 2028ko etorkizunari buruzko ikerketa bat aurkeztu du, Nafarroako trenbide-korridorearen garapeneko markoaren baitan bi nodoak sendotzearen garrantzia azpimarratzen duena

Lunes, 5 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 13:03h

Manu Ayerdi lehendakariordeak eta Garapen Ekonomikorako kontseilariak ostiral honetan aurkeztu du bere departamentuak eskatutako ikerketa, 2018-2028 eperako Nafarroako Estrategia Logistikoaren hausnarketa proposatzen duena. 2007an diseinatutako estrategia logistikoa eguneratzeko beharra gomendatzen da dokumentuan, eta baita gobernantza-sistema eraginkor bat izatearena ere, non espezializatutako giza talde bat izango den jardunen lidergoa eramango duena eta gainerako administrazio publikoekin eta sektoreko operadoreekin elkarrizketa-lanak egingo dituena.

Testuinguru horretan, Noain-Imarkoain eta Tutera-Castejón azpiegitura logistikoak bultzatu nahi ditu bereziki Foru Gobernuak, eta garraio intermodala sustatu (errepidea-trena), Zaragoza – Iruña -Euskal Y korridorearen garapenarekin Nafarroak Garraioen Europako Sarean egindako sartzea indartuz. Ayerdik azaldu duenez, bost helburu estrategiko planteatzen dira azterketa-lanean: garraioarentzako eremu logistikoen eta zerbitzu-zentroen sare baten definizioa;zerbitzu logistikoen intermodalitatea bultzatzea, ingurumen-jasangarritasunari ekarpenak eginez;erakunde publiko eta pribatuen arteko kolaborazioan oinarritutako gobernantza-eredu bat;berrikuntza S3ko (Gobernuaren estrategia ekonomikoa) helburuak erdiesteko baliabide gisa;eta, azkenik, operadore logistikoen arteko elkarlana eta ulertzea. Helburu horiek lortzeko, sei jardun-ildo planteatzen dira, horietako bakoitza ekintza zehatzekin. Era berean, jardunen eskala bat gauzatu du ikerketak, bideragarritasuna, kostua, inpaktua eta neurrien premia bezalako faktoreen arabera. Iradokitako 12 ekintzetatik 6 lehentasunezkotzat kalifikatu dira, denak 2 jardun-ildotan sartuak: Nafarroako Eremu Logistikoen Sare gisa izendatutakoa eta Estrategia Logistikoaren Gobernantza deitutakoa.

Lehenengoari dagokionez, bi dira apustu gakoak: Zaragoza, Iruña eta Euskal Y deitu denaren arteko Nafarroako trenbide-korridorearen garapena eta Noain-Imarkoain eta Tutera-Castejón nodo intermodalen indartzea. Hori dela eta, eta ADIF Imarkoain eta Castejoneko trenbide-azpiegituren jabe den heinean, funtsezkoa da Sustapen Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak 2011ko maiatzaren 5ean sinatutako Elkarlanerako Protokoloa berraktibatzea, Iruña eta Tuterako terminal intermodalak garatzeko. Gainera, ADIFek eta Nafarroako Gobernuaren ANL desagertutako sozietate publikoak, egun Nasuvinsan integratua dagoenak, sinatutako protokoloak ere berraktibatu beharko dira. Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak positiboki baloratzen du Sustapeneko Ministerioak Trenbide Korridorearen Jarraipenerako Batzordearen batzarrean adierazitako aldeko jarrera, iragan otsailaren 27an ospatu zena bi administrazioen artean. Kapitulu horretan, Berako garraiorako zerbitzu-zentroaren garapena ere planteatzen du azterketak. Gobernantzari dagokionean, funtsezkotzat jotzen da sistema eraginkor baterako oinarriak ezartzea. Lehen pausu gisa eta funtsezko nukleo bezala, lantalde kualifikatu espezializatua izatearen aldeko apustua egiten da, estrategiaren definizio eta ezartzea zuzenduko dituena, nodo intermodalen sustatzea bereziki. Guzti horrek elkarlana ekarriko du gainerako administrazio publikoekin, ADIFekin bereziki, baina baita gainerako administrazio autonomiko eta tokiko administrazioekin ere, sinergiak sortu ahal izateko. Gainera, portu-agintaritzekin ere aritu beharko da, trenbide-portu trafikoak sustatzeko.

Esparru horretan, garraio-enpresen, operadoreen eta kargatzaileen arteko elkarlana ere bultzatu beharko da. Nafarroako garraio- eta logistika-sektorearen eta Foru Administrazioaren arteko elkarlanari eskainitako epigrafe batean, hiru ekintza proposatzen ditu ikerketak: Garraioaren eta Logistikaren Nafarroako Batzordea bezalako komunikazio-kanalak ezartzea eta kluster edo plataforma bideratzaile bat sustatzea;sektorearen ekintza koordinatuko plan bat osatzea eta, azkenik, beste autonomia-erkidego batzuetako klusterrekin estrategia bateratuak planteatzea, Euskadi eta Aragoikoekin bereziki.

Tren bidezko merkantzien garraioaren betetzea

Nafarroako trenbide-korridorearen garrantziaren berri ematean, Ayerdi lehendakariordeak Garapen Ekonomikorako Departamentuak eskatu zuen eta berriki bukatutzat eman den ikerketaren ondorioak eman ditu ezagutzera. Ikerketak merkantzien trenbide-garraioaren eskariak Nafarroan dituen aurreikuspenak izan ditu aztergai, eta baita trenbide-sistemak 2040ra arte izango duen gaitasuna, egoera desberdinen arabera planteatua. Lehenik eta behin, eta ikerketaren arabera, Espezializazio Adimentsuko estrategian ezarritako helburua lortzerik badago, zeinaren arabera, 2030ean, trenbidez garraiatutako merkantziak guztizkoen %2,4a izan beharko duten, 2016ko %1,2aren parean.

Bigarren, 2040. urtera arteko egoera desberdinetan etorkizuneko eskariak izan ditzakeen inplikazioak aztertu ondoren, funtsezkotzat jotzen da egungo trenbide-sistemaren gaitasuna handiagotzea. Gainera, ondorioztatu egiten da prestazio altuko Nafarroako korridorearen garapenak soberakin-gaitasun garrantzitsua bermatzen duela ordu-tarte guztietan, 2040az haraindi. Azkenik, errepidetik trenbiderako transferentzia modalak sortuko dituen ingurumen-eraginak eta eragin sozioekonomikoak balioztatzen ditu azterketak, Europar Batasuneko Marco Polo finantziazio-programak garatutako erreminta baten bitartez. Etorkizuneko egoera desberdinen arabera, 100 M euro eta 245 M euro baino zerbait gehiago artekoak izango dira pilatutako ingurumen-onurak eta onura sozioekonomikoak.