Txus Manterola Zarauzko saharautz elkarteko kidea

“Aurtengo udan Zarautzen haur sahararrak hartzeko ez dugu familiarik eta pena handia da”

Zarauzko Saharautz elkarteak larrialdi deia egin du, aurtengo udan haur sahararrak hartzeko familiarik ez dutelako. Interesa duenak hilaren 15era arte du epea

Ane Roteta - Jueves, 8 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

Zarautz- Larrialdi deia egin duzue aurten eta haur sahararrak har-tzeko bost familia behar dituzue. Zein egoeratan aurkitzen zarete?

-Zarauzko ikastetxeetan hitzaldiak eman genituen udan haur sahararrak hartzeko familiak lortzeko, baina ez genuen familia baten deia ere jaso. Beraz, momentuz ez daukagu familiarik eta hilaren 15a arte dugu epea. Duela bost edo sei urte familien kopurua jaisten hasi zen, eta iaz lau ume bakarrik etorri ziren. Haur guztiak errepikatzaileak ziren;hau da, familia berarengana etorri izan dira urte batzuetan, baina bi edo hiru urte egin ondoren, familiek deskantso bat har-tzen dute. Pena handia da Zarautzen ez edukitzea harrera-familiarik.

Zure ustez, zein da egoera honen zergatia?

-Haur sahararrak bi hilabetetarako etortzen dira (ekainaren amaieran, San Pelaioen inguruan, etortzen dira abuztuaren amaiera arte) eta nik esango nuke jendearentzako denbora asko dela, baina denbora berehala pasa-tzen da. Gainera, familian beste umeren bat baldin badago, oso erraza da, jatorduetan beste plater bat jartzea besterik ez da. Gainera, azpimarratu behar da ez duela inolako gasturik suposatzen, elkartetik eta Zarauzko Udaletik kubritzen dugu dena. Egia da urte asko daramatzagula Sahararen historia entzuten, baina beraiek han jarraitzen dute. 42 daramatzate hango kanpalekuetan, beren historia ez da aldatu eta uda oso gogorra da han. Beraiek bi hilabetez handik ateratzea tirita bat jartzea bezala da.

Zenbat urte doa Saharautz udan haurrak ekartzen?

-2005ean hasi ginen elkarte bezala, baina lehenago Mankomunitatearekin batera egiten genuen. Guk lehen haurra 2002an ekarri genuen, eta udako programaz gain, janari-bilketak ere egiten ditugu. Baina ikusten ari gara ez daukagula erreleborik, bost pertsona bakarrik gaude elkartean, eta pena handia da, lehen urtea baita ez dugula ezta familia bat ere.

Eta orain arteko esperientziarekin, zer nolako sentsazioarekin gera-tzen dira hemengo familiak?

-Normalean sentsazio onarekin bukatzen dute umeen egonaldia. Egon da kasuren bat umea eta familia ez direla ondo konpondu, eta kasu hori ematen bada aterpetxe bat daukagu Tolosan, Gipuzkoa mailan, baina hainbeste urtetan horrelako bi kasu bakarrik izan ditugu.

Haur sahararrentzat ere esperien-tzia positiboa izango da, ezta?

-Bai bai, oso gustura etortzen dira eta poz-pozik itzultzen dira. Lehen urtean agian beldurtuta iristen dira baina oso azkar ohitzen dira. Gainera, ez dute sekula hondartza bat edo igerileku bat ikusi eta beraientzat izugarria da. Eta pakete handi batekin eta diru pixka batekin etxera itzultzen direnean, familiarentzat laguntza handia da.

Zuk ere hartu dituzu haur sahararrak zenbait urtetan. Nolako esperientzia bizi izan duzu pertsonalki?

-Oso ona. Guk bi ahizpa izan genituen, lehendabizi bat etorri zen eta gero bestea, eta ondoren mutil bat ere izan zen. Horretaz gain, beste harrera mota batzuk ere egiten ditugu. Hasieran ekarri genituen bi neskek familia izan dute dagoeneko eta beren familiei ere laguntza eman behar diegu. Gure esperientzia oso polita izan da, harremana daukagu oraindik eta hara joaten baldin bagara beraien etxeetan egoten gara.

Zer esango zenioke familia zarauztar bati animatzeko?

-Esperientzia oso polita dela eta familian umeak badaude haurrentzako ere oso esperientzia aberasgarria dela. Baina azpimarratu nahi dut ez dela beharrezkoa familia bat izatea, pertsona batek bakarrik ere har dezake.

Gipuzkoatzen

Zer egin behar du ume bat hartzea erabakitzen duenak?

-Gurekin harremanetan jartzea nahikoa da, 686 569 033 telefonora deituta eta gustu handiz azalduko diegu dena.

Gipuzkoako txoko kuttuna. Donostiakoa naiz, Antiguo auzokoa hain zuzen ere, eta horixe esango dut.

Paisaia idiliko bat. Miramar jauregitik ikusten dena.

Hondartza bat. Donostiako Ondarreta hondartza, beti joan bainaiz hara.

Mendi bat. Pagoeta.

Festa bat. Donostiako San Sebastian eguna, zalantzarik gabe.