M-8: Emakumeak eta kartzela

Mikel Mundiñano Larraza Sare Herritarraren izenean - Viernes, 9 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Martxoaren 8aren baitan, Sare Herritarrak preso diren emakumeak izan nahi ditu hizpide.

Emakume izate hutsagatik eskubide urraketa handiagoa da beraien kasuan, eta zenbait egoerek berresten dute hori. Espetxeak gizonezkoen ikuspuntutik eraikita daude eta bertako egunerokoak modu zuzenean eragiten die: espazioaren antolaketa, egiten diren tailerren izaera, janzteko dauden arauak...

Duela hilabete batzuk ezagutu genuen Granadako espetxeko emakume presoek espetxe zuzendaritzaren partetik jasaten duten jarrera matxistaren adibide garbia, izan ere gizonen kasuan espetxe berean ez da halakorik gertatzen. Garbiketa lanak egitera behartuak dira eta uko egiten badiote isolamenduarekin zigortzen dituzte.

Emakume presoak hiru kartzela motatan sakabanatuak daude: gizonentzako kartzelen barruan egokitutako modulu txikietan, gizonezkoen makro-kartzelen barruan egokitutako kartzela txikietan edota emakumeentzako kartzeletan. Tamalez, gaur egun, hiru baino ez dira emakumeentzako kartzelak (Alcalá de Guadaira -Sevilla-, Brieva - Ávila- eta Alcalá Meco emakumeak -Madril I-).

Errealitate honek baldintzak gogortu egiten ditu, izan ere gune hauek ez diote erantzuten emakume bezala dituzten beharrei. Adibidez, ginekologorik ez dago kartzelan eta gizonentzat produktuak soilik daude salgai. Bertako ekonomatoetan ez dago hain beharrezkoak diren tanpoirik ezta konpresarik, besteak beste. Medikuarekiko bisitak izateko ere zailtasunak dituzte. Hau guztia gutxi balitz, espetxeetako politikek emakumea berhezitzea dute xede genero rolarekin lotutako tailer eta arauak ezarriaz. Adibide gehiago: josteko tailerrak, sukaldean aritzeko lantegiak, ile-apaindegiari buruzkoak... emakumeei eskaintzen zaizkie.

Emakumearen Nazioarteko egun honetan bereziki 12 emakume presok bizi duten bakartze egoera salatu nahi dugu. Bete beharreko zigorraz gain, euskal presoei eransten zaizkien urruntze eta gainontzeko salbuespen neurriez gain, emakume izateagatik ezarritako zigor moralaz ari gara. Egoera honek eragiten dituen gabezi sozial eta psikologikoak mendekuzko politika baten baitan baino ezin dira ulertu.