Etxabakoitzeko prozesu partizipatiboak lan-mahai bat sortu du auzoko lagun eta kolektiboekin, bai eta estereotipoen kontrako bi ikus-entzunezko ere

Iruñeko Udalak aurrez egindako diagnostiko komunitarioa liburu formatuan argitaratu du, gaztelaniaz eta euskaraz, hedatu dadin

Viernes, 9 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 17:41h

Duela urtebete eskas aurkeztu ziren auzoan Etxabakoitzeko egoeraren diagnostikoari buruzko emaitza nagusiak. Diagnostikoa 11 hilabetez egin zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak koordinatu zuen, hala proposatu baitzuten Etxabakoitzeko Auzo Unitateetako profesionalek eta Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorrak. Diagnostiko horren ostean, eta azken 12 hilabeteetan zehar, prozesu partizipatibo bat gauzatu da, lehentasunezko esku-hartze eremuak identifikatzeko, elkarbizitza hobetzeko jaso diren proposamenetatik abiatuta. Halaber, elkarlanerako guneak sortu izan dira auzoan.

Gaur goizean, Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok eta Alor bereko zuzendari Marisol de la Navak, NUPeko Gizarte Laneko Saileko irakasle Rubén Lasheras Ruiz eta Izaskun Andueza Imirizaldurekin batera, gaur egun auzoan egiten ari den lana azaldu dute, oinarri hartuta Etxabakoitzcon) (vive / Etxabakoitzenelkar) (bizi izeneko diagnostikoa, eta eman daitezkeen hurrengo urratsak.

Diagnostiko horren fruitu izan dira bi eduki informatibo zehatz: txostena bera, liburu euskarrian argitaratua, eta bi ikus-entzunezko, auzoa ezagutzera emateko eta auzoari buruz dauden estereotipo negatiboei aurre egiteko. Etxabakoitzeko bizikidetzari buruzko diagnostiko soziala liburuaren 400 ale argitaratu dira jada (erdia gaztelaniaz eta beste erdia euskaraz), eta ikasteko, ikertzeko eta esku-hartze sozialeko eremuetan eskuratu daitezke: liburutegiak, unibertsitateak, gizarte- zein osasun-zerbitzuak, elkarteak, etab. Prentsaurrekoan izan direnek azaldu dutenez, argitalpenaren asmoa da, baita ere, esplizituki aitortzea orain arte auzoa hobetzeko prozesu honetan parte hartu duten 500 pertsona baino gehiagoren lana. Baina, gainera, diagnostikoak gizarte estigma sendo baten hedadura aurkezten zuenez, baita auzotarren berek bereganatuta zutena, une hauetan NUPeko taldeak koordinatutako talde bat bi ikus-entzunezko prestatzen ari da, atxikimendu-sentimendua indartzeko eta auzoaren irudi negatiboari aurre egiteko.

Prozesu partizipatibo bat eta topaketarako foroak

Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorraren ustez Etxabakoitzeko ikerketari heltzeko tresna tekniko egokia prozesu partizipatibo bat zen, zeinak uztartuko lituzte ikerketarako hainbat teknika eta tresna. Sistema hori jada aurrez erabilia zen, arrakastarekin, Nafarroako beste herri batzuetan, hala nola Faltzes, Larraga eta Cintruénigon, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean.

Diagnostikoan hainbat entitatek eta Etxabakoitzera lotutako hainbat lagunek parte hartu dute: gizarte-zerbitzuak, Gizarte Ekintzako Alorra eta Iruñeko Udaleko auzoko zinegotzia, osasun-etxea, haur-eskola eta Nicasio de Landa IPa, Pilareko Andre Maria Parrokia, Etxabakoitz Bizirik Elkartea, ANAFE-CITE Fundazioa, SDC Etxabakoitz, auzo-elkartea, jai-batzordea, Jazar, liburutegia, kotxe zein maskotendako Etxabakoitzeko Garbitegia, 43. tabako-denda, farmazia, etab.

Hala, prozesua bera trukerako eta elkarbizitzarako gune bihurtzen da. Ahalegin hori garrantzitsua da. Izan ere, Etxabakoitzen antzeman den gabezietako bat gizarte-kohesio falta da, besteak beste auzoak duen “iragaitzazko” izaera eta jada bertan egonkortuta zegoen antzinako biztanleen eta biztanle berrien harremanik eza dela eta. Prozesuaren ondorioz Etxabakoitzeko Elkarbizitzaren aldeko Mahaia eratu zen: auzoari irekita dagoen foro bat, kultur zein belaunaldien arteko lan esparru bat, xede duena elkarbizitza sustatu eta hobetzea. Mahaiaren jarduera programatuta eta egituratuta dago, jarraia da, eta denboran irauteko asmoa du. Gaur egun, hainbat jatorri, kultura, genero eta adin dituzten pertsonek parte hartzen dute. Iraintzen duen estereotipoaren kontra

Mahai horrek antzemandako beste arazoetako bat arintzeko lan egiten du: Etxabakoitzetik kanpo begiratzen dutenek auzoari buruz duten “irudi txarra”, eta bertakoen pertzepzioa, zeinaren arabera “auzo banatua, abandonatua eta apurtua” baita. Mahaiak hamar lan-bileratik gora egin ditu ikus-entzunezko bi produktu ekoizteko, auzoari lotutako lagunen zuzendaritza teknikoarekin. Daniel Comes (bideoa), Pili Zozaya (argazkiak) eta Pablo Zaratiegi (musika) izan dira arduradunak.

Produktu horietako bat Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker finantzatu da, eta ibilbide historiko laburra egiten du auzoan barna. 60ko hamarkadaz geroztik auzoa etorkinak hartu izan dituen auzo bat dela azaltzen du. Industrializazioaren harira, lehenengo Extremadurako eta Andaluziako langileak heldu ziren, eta orain, beste herrialde batzuetako pertsonak hartzen ditu, 65 herrialde ezberdinetakoak, zeinak ijitoen populazio-nukleo garrantzitsu batekin batera bizi baitira. Diagnostikoaren arabera, 5.250 biztanleen % 23,4 atzerrian sortua da. Bigarren ikus-entzunezkoa auzoko soinu eta musiken collage bat da.

Aniztasun eta multikulturaltasun horiek –ikerketaren arabera gizarte-haustura eta areriotasun arrisku gisa identifikatzen zirenak– auzoaren identitate-zeinu gisa ez ezik, harro egoteko moduko alderdi gisa aldarrikatzen dira bideoetan. Diagnostiko-fasean inkestatutako lagunen % 70ek ere hori bera adierazten zuten. Bideoak egiteko errealizazio-ahalegina “elkar” filosofiarekin bat dator: elkarrekin lan egiteko modu parte-hartzailea, kolaboratiboa, proposamenak egiten dituena eta komunitarioa, “nola” egiten diren gauzak lehenesten duena. Ideiak elkarrekin lantzearen emaitza da lana, eta esku-hartzeari kalitate bermea ematen dio eta kulturen arteko bizikidetza sustatzen du.

Hurrengo urratsak

Edukiei zein epeei dagokienez zabalik den prozesu honetan, auzoak eman ditzakeen hurrengo balizko urratsak lehentasunezko beste bi jarduketa-ildori lotuta daude. Batetik, kontsumo zein ekoizpen ekologikoko kooperatiba bat eratzea proposatzen da, hartara erantzuna emateko auzoan elikagaiak eskuratzeko dauden zailtasunei, gutxika-gutxika hainbat saltoki ixten ari baitira. Bestalde, hezkuntza-arloan lan egiteko aukera aurkezten da, Etxabakoitzeko elkarbizitzaren erdiguneko ardatz gisa. Hori gauzatzeko aurreikusten den aukera da lantalde bat eratzea eskumena duten erakundeak (Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala) zein auzoko komunitate-ehuna, oro har, engaiatuta.

Más sobre Pamplona

ir a Pamplona »

Últimas Noticias Multimedia