Erripan gora

Urruntasuna, hondagarri

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 11 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

lehen udaberri zantzuekin batera, hasi dira Arga bazterreko lehen zumeak hostatzen. Agerikoa da hori Milu.-tzeko zubiaren parean. Nafarroako Erriberatik Probintziako zezen-plazetara zihoazen zezenek eta unaiek zubi hori zeharkatzen zuten. Gero, Soltxateko mendixka inguratuta, aitzina egiten zuten Gipuzkoa alderantz. Soltxate toki-izena galdu samarra da eguneroko hizkeran, bai eta hari lotutako izenak ere: Soltxategaña, Soltxategibela eta Soltxatepea. Ez dago garbi zer ote den izenaren lehen zatia. Bigarrena, ordea, bai: atea, alegia. Hiritik atera gabe, bertze muturrean, bada “ate” bukaera duen bertze izen bat, ezagunagoa: Altzutzate. Eta zer erranik ez, Iruñerrian: erronkariarrek, adibidez, gogor egin zioten armada gaztelarrari Oskiaten, Albako Dukearen tropak Arakil aldetik zetozenean. Lopez Zabalegi sarjentua, bere aldetik, Ipasaten barna igaro zen Itzarbeibarretik Iruñerrira, bizpahiru soldadu eta hiru gizonekin batera, Gamazadaren aurka Garesen matxinatu ondoren. Gaur egun, Iruñeko Soltxate-Santa Luzia alde horretan, eraikin handi bat dago, duela zazpi urte mendixka horretan eraikia, horma altuz eta burdinsare arantzadunez inguratua. Bere hotzean ere, bere gogortasunean ere, inolako zalantzarik gabe aunitzez ere eramangarriagoa eginen zitzaion Xabier Rey Urmenetari Soltxate aldean giltzapeturik egotea Iruñetik mila kilometrora baino. Ez dakit nik horma horien barnetik kanpoaldeko ezer ikus ote daitekeen, ezta haren jaioterria ere. Kanpoko deus ikustekotan, Ezkaba mendiko kaskoa-edo, auskalo, baina irudi hori, hain segur, bizigarria gertatuko zitzaion. Halaber, maizago sentituko zuen etxekoen maitasuna, hurbilekoen beroa eta lagunen hatsa, eta hori guztia, arnasgarri izanen zitzaion. Ea noiz hasten den sumatzen mugaz alde honetan udaberri zantzurik urruntasun hondagarriaren negu gorrian.