Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

1918ko Eusko Ikaskuntzen Kongresua eta historialariak: Beste iragan bat, etorkizun berri baterako

Duela ehun urte Oñatin buruturiko Kongresuan euskaldunen iraganari buruzko azterketa eta ebaluazioa egin zen, etorkizun berri bati ateak zabaltze aldera

Joseba Agirreazkuenagaren erreportaia - 2018(e)ko martxoaren 12a, astelehena - 06:03etan eguneratua

Bernardo Estornesen ‘La Historia del País Vasco’ liburuaren azala.

Bernardo Estornesen ‘La Historia del País Vasco’ liburuaren azala.

Galería Noticia

  • Bernardo Estornesen ‘La Historia del País Vasco’ liburuaren azala.
  • Luis Elizalde, Angel Apraiz, J. M. Barandiaran, Bernardo Estornes Lasa, Bonifacio Echegaray eta Julio Caro Baroja.

Oñatin 1918ko irailaren lehen astean, Oñatiko Unibertsitatean, Euskal Herriko zientzialarien bilkura antolatu zen. Deialdia hego Euskal Herriko lau Aldundiek eta hiru elizbarrutiko (Gasteiz, Iruñea, Baiona) apezpikuek egin zuten. Helburua, euskal herritarrak kultura zientifikoan sartzea, komunitate zientifikoa antolatzea unibertsitate berria egituratzeko eta autonomia politikoaren aldarrikapena sustatu. Horretarako lehendabizi Kongresua antolatu zen eta gero erakunde berri bat Kongresuko erabakiak indarrean jartzeko. Hitzaldi nagusi guztietan eta sail zientifiko bakoitzean euskaldunen iraganari buruzko azterketa eta ebaluazioa burutu zen. Kongresuan etorkizun berri bat asmatu nahi zen eta horretarako iragana arakatu behar.

Zeregin horretan historialariak ez ezik, beste sailetakoak ere saiatu ziren. Euskal herritarren iraganari buruzko historia berri baterako abiapuntua jarri nahi zen. 1918an oraindik orain iraganaren azterketa liburu sakratuen arabera, Bibliaren argitan, sarritan egiten ohi zen. Baina Kongresuan kontakizun eta bestelako ipuinak albo batera uzteko ahalegina eginez, iragana zientzia historikoen ekarpenen argitan aztertzea aldarrikatu zuten.

Euskal PizkundeaEuskal Pizkundea deritzona Urruñako (Lapurdin) jokoen bidez zabaltzen hasi zen. Urtero A. D’Abbadieren ekimenez iparraldean euskal literatura eta kirol jaiak antolatu ziren. Euskarazko produkzioaren garrantziaren erakusle izan ziren eta euskaldunak protagonistak bihurtu ziren. Espainako gobernuak, 1877an, Batzar nagusien bidez aukeraturiko liberal joerako gobernuak ezabatu egin zituen. Nora eza Euskal Herrian barrena zabaldu zen

Giro horretan Euskal Pizkunde kulturala indarberritu zen hiriburu guztietan: Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Eta Nafarroako Euskara elkargoak, iparraldeko A. D’Abbabierekin batera, Elizondon antolatu zituen jokoak eta bertan 1879an Arrese Beitiaren poesiak ondo baino hobeto mamitu eta laburbildu zuen egoeraren larritasuna: besterik ezean, ama euskara gelditzen zen. Baina iraganaren kontakizuna ipuinez beterik zebilen ahoz aho eta 1818ko Antxinako euskaldunen alabantzak euskaldun askorentzat benetako kontakizun biblikoa bihurturik zegoen.

Aldi berean, 1897an Donibane Lohitzunen egin zen euskal tradizioari buruzko Kongresuan, euskaldunek ba ote zuten historiarik eztabaidan jarri zen, Zazpiak bat aldarrikatuz. Mende amaieran, jatorrizko euskaldun iraganaz Telesforo Aranzadiren lan zientifikoa azpimarratu behar dugu eta beste bi historialari nabarmendu behar: Arturo Campion eta Karmelo Etxegarai. Biak poesian eta nobelagintzan aritu ziren baina iragana aztertzeko zientzia historikoen metodoak erabiltzen zituzten. Hirurak Oñatin izan ziren protagonista.

1918ko Kongresua1918an Gasteiztar bat dugu aitzindaria, Anjel Apraiz, Julian Apraizen semea, Gasteizko Unibertsitate librearen irakasle izan zena 1870ean. A. Apraiz, Salamancako Unibertsitatean katedraduna zenak, 1918ko urtarrilaren 5ean Bilbon hitzaldia egin zuen Euskal unibertsitatearen premia eta aldarrikapena adierazteko. Munduan barrena unibertsitate ereduak aztertzen ibili zen eta unibertsitate berritzaileak ipar Ameriketakoen eredua jarraitu behar zuela eta ez horrenbeste Espainiakoa, adierazi zuen. Oñatin, La labor del pueblo vasco ante la cultura universal izan zen bere hitzaldi nagusia: “Colocar los asuntos que afectan a la vida de nuestro pueblo más profundamente, en un plano de universalidad”. Borondatea eta ekiteko gogoa ziren euskaldun nortasunaren adierazgarriak. Azken batean, ikuspegi globalean euskaldunen ekarpen eta ekintzabideak aztergai bihurtu nahi zituen. Ondoren erakundeko idazkari nagusi aukeratu zuten Salamancako katedraduna eta horretan iraun zuen 1936 arte.

Hezkuntza sailean, Luis Elizaldek 1918an adierazi zuen euskaldunak hezkuntzagatik interes gutxi adierazi izan ohi dutela “una de las mayores manchas de nuestra historia” eta horren ondorioz Euskal Herria dekadentzia politikoa eta sozialean erortzen ari zela.

Jose Migel Barandiaran dugu bestalde, lehen historia edo aurrehistoriako sailean, Telesforo Aranzadirekin batera Europan barrena arkeologiaren bidez, ekarpen nabarmenak egin zituena. Euskal Herrian ikertzaile eskola berri eta indartsua egituratu zuten, Europako zientzialarien pareko zena.

Kongresuaren talde antolatzaileko idazkari izan zena, 1919an Kongresuko liburuaren sarreran idatzi zuen Kongresuak “gure edesti ahaztu ta ilundua argiz hase nahiz” burutu zela. Beraz, aurrerantzean historialariek berebiziko lana burutu behar zuten.

HistorialariakEusko Ikaskuntzako ohorezko presidente Arturo Campion historialaria izendatu zuten. A. Campion, Nafarroa ardatz harturik, Euskal Herriko historialaria bihurtu zen. Historialari enpirikoa, agiriei atxikitua, Europan barrena lantzen zen historiaren berri zuen eta sikologismo indibidualari garrantzia eransten zion. Iraganari buruzko historia era ederrean idatzi behar zela aldarrikatu zuen. Historia sail zientifikoko presidente Karmelo Etxegarai izendatu zuten. Erakunde publikoetako historialari nagusia zen eta 1917ko autogobernuaren aldeko Aldundien eskakizuna idatzi zuen. Erakundeen historia burutzen trebea eta zeha-tza izan zen.

Baina garaiko Eusko Ikaskuntzako historialari nagusia, Bonifazio Etxegarai dugu. 1929an, Espasa-Calpe izeneko entziklopediarentzat Vasconia sarrera idatzi zuen eta laburpen horretan, erakundeak oinarri harturik, Euskal Herriko iragana historia bihurtu zuen. Aurrerantzean Euskal Herriko historia berritzailea idazteko agindua hartu zuen baina lan monografiak besterik ez zituen argitaratu. Bernardo Estornes Lasak aldiz 1932an Historia del País Vasco argitaratu zuen, esku liburu laburra eta euskal ikuspegi abertzalean oinarrituz.

Baina 1933an Parisen argitaratu zen Euskal Herriko historia berri-tzailea: Théodore Lefebvrek idatzi zuen Les modes de vie dans les Pyrénées Atlantiques orientales izeneko lanak Euskal Herriko zibilizazio materiala arakatu zuen, zehazki azken 500 urteak. Herritarren eguneroko bizimoduen barrena abiatu zen, Annales eskolak gerora erakutsiko zuenaren aurrekari zuzena. Eta Th. Lefebvre iragarrita zegoen Eusko Ikaskuntzen VII Kongresuan, Lizarran, parte hartzeko, 1936ko irailean. J. Lakarra eta I. Gurrutxaga ere egitarauan zeuden. Baina karlistak, Mola eta Franco Errepublikaren aurka altxatu ziren eta ezinezkoa izan zen Kongresua burutzea.

Lehen historiaren arloan, J. M. Barandiaranek Euskal Herriko lehen gizakien bilakaera azaldu zuen mendebaleko Europaren kronologia aintzat harturik eta aplikatuz. Lehen gizaki eta euskaldun garaikideen arteko lokarria froga-tzen saiatu zen.

Erbestealdian eta nazioarteanEusko Ikaskuntza deseginik gelditu zen. Batzuk erbestean, besteak, karlismoaren ildokoak, hegoaldean. Iparraldean 1945etik Jose Migel Barandiaran Eusko Ikaskuntzen ildoa erakundetzen saiatu zen eta lortu ere 1953ra arte. Aurrerantzean J. M. Barandiaran dugu gidaria. 1948an Biarritzen VII Kongresua antolatu zen. Eusko Ikaskuntzen ikerketak nazioarteko beste historialari batzuekin aberastu egin ziren. Iparraldean Philipe Veyren lana azpimarratu behar dugu.

Hegoaldean, Donostian, 1944an, Real Sociedad Vascongada de Amigos del Pais antolatu zen Frankismoaren diktadurapean eta historiazko mintegiak antolatzen zituen. Fausto Arocena eta beste ditugun giro honetan, iparraldekoekin ere harremanetan egonik, 1949an, Julio Caro Barojak Los Vascos liburua argitaratu zuen. Eusko Ikaskuntzen ildoan kokatu behar dugu eta mugarria izan zen. Iragana, bereziki azken 1.000 urteetako iragana, historia bihurtu zuen. Gai berriak landu zituen Annales eskolakoen ildotik, historia berritzailea eta Euskal Herritarren historia arautu zuen.

Buenos Airesen 1950an Instituto Americano de Estudios Vascos eratu zen eta aldizkaria ere argitaratu. Ildefonso Gurrutxagaren historiazko lan kritikoa azpimarratu behar. Aldi berean Jose Antonio Agirre lehendakariak, Biarritzen aurreratu bezala, euskaldunen historia politiko berria idatzi behar zela aldarrikatu zuen. I. Gurrutxagarekin prestatzen hasi zen, baina tamalez heriotzak harrapatu egin zuen eta bukatu gabe gelditu zen, ikuspegi eta balore demokratikoak azpimarratuz, idatzi nahi zuen historia berria.

Baionan 1954an Euskal Museoak Euskaldunak munduan barrena Sa-lle de l’Expansion Basque erakusketa iraunkorrean jarri zuen, Uztari-tzeko Kongresuaren ondorio zuzena, M. Intxausti filipinar mezenasen eraginez.

Azkenik, 1967an Renon, University of Nevadan, Eusko Ikaskuntzak eta euskaldunen historiari buruzko programa abiatu zen Jon Bilbao eta W. Douglassen ekimenez. Jon Bilbao historialaria, iparraldean J. M. Barandiaranekin idazkari eta iker-tzaile egon zen.

Oñatin1936ko Eusko Ikaskuntzako batzorde iraunkorreko kideak berriz elkartu eta Eusko Ikaskun-tza zutitu zuten. J. M. Barandiaranen ekimenez sail zientifikoak jarri ziren indarrean Eusko Ikaskuntza elkarte zientifikoa zelako eta honela definitu zuen: “Ikerketa oinarri-tzat darabilen elkartea”. Historia saila berriz berrantolatu zen 1979an eta lehen sailburua Jose Maria Jimeno Jurio izan zen. Historia sailak historian trebatzeko eta ikerketa zientifikoak eragiteko, premiazko azpiegiturak indartu ditu. Euskal Herriko sistema historiografikoaren sarea eta antolaketa abiatu eta Vasconia aldizkari zientifikoa sustatu eta nazioarteko sare indexatuan sartu du. Ikerketarako programak eta tokian tokiko historiak burutzeko jardunaldiak egitaraua burutu ditu eta gaur egungo historia egiteko agiritegia ere bai J. C. Jimenez de Aberasturiren zuzendaritzapean. Azken batean, Euskal Herriko historiazko ikerlarien bilgunea izan ohi da. 2012an, zuzendaritza berriak sail zientifikoak ezabatu egin zituen eta bestelako eraketa erabaki zuen. Historialarioi dagokionez, Vasconia aldizkariaren inguruan ikerketak argitaratzen ditugu, hurrengo urteetako erronka nagusia, Vasconia aldizkaria goi mailako index delakoetan sartzea dugularik. Azken batean, etorkizunari begira, euskaldunen iragana zien-tzia historikoen bidez lantzea premiazkoa dugulako.

Herramientas de Contenido