Antsoaingo Udal haur-eskolan alaba euskaraz ezin hezi

Maria Ilarregui eta Nestor Esteban - Miércoles, 14 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Martxoaren lehenetik martxoaren 15erarte aurrematrikulazio epea zabalik da Iruñerriko haur-eskoletan.

Aurreko astean alabaren aurrematrikula egin genuen. Antsoainen egin nahi genuen, bertan bizi baikara, baina Antsoaingo Udal haur-eskolan ez dago euskarazko murgiltze eredurik. Udalarekin batzartu gara eta gaia tratatu dugu. Honek ez digu konponbiderik eman;une honetan haur-eskolan euskara ezagutzeko eskubidea bermatzea ez du lehentasunen artean. Beraz, hurbilen dauzkagun eta Iruñeko Udalarenak diren Txantrea eta Arrotxapea auzoetako euskarazko haur-eskoletan eman behar izan dugu izena.

Iruñean kanpotarrak gara, horregatik Iruñekoak diren familiak baino puntu gutxiagorekin abiatuko gara alaba haur-eskola horietan onartua izateko;ez hori bakarrik, onartua izanez gero, Iruñekoak diren familiak baino %25 gehiago ordaindu beharko dugu (82 euro gehiago hilean). Alderantziz, Iruñekoa bazara eta Antsoaingo Udal haur-eskola erdaldunean zure seme-alaba aurrematrikulatzen baduzu, onartua izanez gero, bertakoek ordainduko duten kuota bera ordainduko duzu.

Antsoaingo eta Iruñeko Udalak (“D” ereduaren aldeko matrikulazio kanpainak babesten dituzten udalak), euskarazko hezkun-tzaren aldeko apostua egiten ari garen familia antsoaindarrekin era ulergaitzean jokatzen ari dira: Lehenengoak kanpora joaten behartzen gaitu;eta bigarrenak ekonomikoki zigortu, alaba euskaraz hezi nahi izatea luxu bat balitz bezala. Ez da bidezkoa.

Antsoain herriak haur-eskola euskalduna da behingoz behar duena. Bitartean, Antsoain eta Iruñeko Udalek, seme-alabak euskaraz ikastera Antsoaindik kanpo eramatera behartzen gaituzten familioi, kalteak areagotu beharrean, kalteak arinduko dizkiguten neurriak adostu beharko lituzkete.

Horren esperoan, horren alde lanean jarraituko dugu.

Últimas Noticias Multimedia