Luisa Aldaburu | Zumaiako oxford aretoan ‘Sasi artean’ erakusketa zabaldu berri duen artista zumaiarra

“Zerbait kuttuna eta txikia nahi nuen egin eta horregatik aukeratu dut Zumaia, gustura eta seguru sentitzeko”

Luisa Aldaburu zumaiarra Lekunberrin bizi da, baina ‘Sasi artean’ erakusketarekin etxera itzuli da, Zumaiara. Oxford aretoan dago ikusgai apirilaren 2ra arte

Ane Roteta - 2018(e)ko martxoaren 17a, larunbata - 06:03etan eguneratua

Luisa Aldaburu, Zumaiako Oxford aretoan ‘Sasi artean’ erakusketa zabaldu berri duen artista zumaiarra.

Luisa Aldaburu, Zumaiako Oxford aretoan ‘Sasi artean’ erakusketa zabaldu berri duen artista zumaiarra.

Galería Noticia

Luisa Aldaburu, Zumaiako Oxford aretoan ‘Sasi artean’ erakusketa zabaldu berri duen artista zumaiarra.

Zumaia- Luisa Aldaburu zumaiarrak aspaldi utzi zuen herria. Duela 15 urte inguru Lekunberrin bizi da eta azken urteotan eginiko obrak etxean erakustea erabaki du. Sasi artean izeneko erakusketa ikusgai dago Oxford aretoan, datorren apirilaren 2ra bitartean.

Zer ikus dezakegu erakusketa honetan?

-70 obra inguru daude: alde batetik, koadroak, eta bestetik, eskulturak. Koadroetan papera da erabili dudan materiala, Arte Ederretan lizentziatu ondoren grabatugin-tzan espezializatu nintzelako, eta horietan erliebe desberdinak ikus daitezke. Eskultura ere beti interesatu izan zait eta horietan harrizko eta egurrezko obrak daude.

Eta zergatik ‘Sasi artean’ izenburua? Zer gai jorratzen dituzu?

-Sasi artean egotea ez da zerbait baikorra, norbait arazoetan dagoela esan nahi du, eta horrekin erdipurdi egiten diren gauzei edo presiopean egiten diren gauzei egiten diet aipamena. Sasi guztien gainetik, eta hodei guztien azpitik esamoldeak, adibidez, erdigunean zaudela esan nahi du, eta hor zaudenean orekan zaude, libre. Azken finean, denborarekin guztia hutsera doa, eta handikeria baten bizi-tzeak, nire ustez, ez du merezi. Gaiari dagokionez, lan abstraktuak dira eta edertasun tradizional edo klasiko bat bilatu gabe sortzen saiatzen naiz. Hain justu, horren kontrakoa da lortu nahi dudana: gauza naturalak, gordinak, berezkoak, basatiak, sasikoak. Konnotazio hori dauka sasi hitzak eta hori da bilatzen dudana, zerbait librea izatea.

Zer da ikusleari transmititu nahi diozuna?

-Ez dut ezer zehatzik helarazi nahi, norberak topatu dezala nire obrek transmititzen diotena. Nik argi daukat sortzeko orduan gozatu eta disfrutatu egin behar dela, eta horregatik ez dut bilatzen zerbait gustagarria, ederra, orekatua edo perfektua izatea, justu kontrakoa nahi dut. Sortzaile askok esan izan didate sortze prozesuan gaizki pasatzen dutela edo sufritu egiten dutela, eta nik hori ez dut nahi inolaz ere. Nire helburua ez da inori ezer zehatzik adieraztea;baizik eta nik hor nire pentsamendu eta nahiak irauli ditut. Nire momentu goxoak pasatu ditut lan hauek egiten eta hori erakustoki honetan jarri dut, besterik ez.

Zumaiara itzuli zara erakusketa honekin, baina ez da herrian zure obra erakusten duzun lehen aldia, ezta?

-18 urte nituenean egin nuen nire lehen erakusketa Zumaian, Forondan hain zuzen ere, eta momentu horretan asko lagundu zidan, une horietan nituen arazoei bide emateko. Horretaz gain, Zumaiako beste zenbait tabernetan ere erakutsi izan dut nire obra. Oraingoan, azken urteetan egindako lanak pilatu zaizkit eta zerbait kuttuna eta txikia nahi nuen egin, eta horretarako Zumaia, nire etxea, aukeratu dut, gustura eta seguru senti-tzeko.

Noiz erabaki zenuen artearen munduan nahi zenuela lan egin?

-Betidanik izan dut sentsibilitate handia artearekiko eta beti izan dut argi. Baina inoiz ez dut nahi izan eliteko artea, formatu handiko gauzak edota gauza harrigarriak. Nik artea modu lasai batean bizi izan nahi dut. Arte Ederrak ikasi nuen baina niretzat elitea ez da erakargarria. Ez dut merkatuko presiorik nahi, artearekin disfrutatu egin nahi dut.

Eta zer ematen dizu zuri arteak?

-Nire bizitza da, zalantzarik gabe. Ez dut asmo handirik edo ez dut nahi errekonozitua izan. Nire asmoa gauzak sortzea da, sortzeak ongi egoteko balio didalako. Momentuan niri balio izatea da garrantzitsua, nire bizipenak ateratzeko edo adierazteko, barruan ditudan kezkak edo sentimenduak isladatzeko, inolako exijentziarik gabe. Asko sufritu dut arlo pertsonalean eta sormenaren bizipenak gustagarriak eta gozoak ezinbestean izan behar dute.

Zure obra etxera ekarrita, zer espero duzu zumaiarrengandik?

-Nire zalantzak nituen Zumaiara ekarri edo ez. Izan ere, obra bakoi-tzaren atzean bizipen edo historia bat dago, nire bizitza pertsonaleko gauzak, eta kosta egiten zait hori ateratzea eta bistan jartzea. Ez dakit ze erreakzio izango duten zumaiarrek, gustatuko zaien ala ez, baina hau da nire mundua eta espero dut guztientzat gustagarria izatea.

Ze proiektu dituzu orain?

-Gauza asko ditut buruan eta ez daukat nahi dudan guztia egiteko denbora. Argi daukat harria ez dudala utziko eta margotzeko ere mihise batzuk hartu ditut. Bestalde, olerki asko ere eginak ditut. Argazki mordoa ere baditut eta horri forma eman nahi diot. Zen-tzu horretan, argazkigintza buztinarekin nahi dut konbinatu. Beraz, pixkanaka-pixkanaka horiek izango dira hurrengo pausoak.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txoko kuttuna. Zumaiako Iparre baserria, nire etxea delako.

Paisaia bat. Plazaolako bidean zubi txiki bat dago eta erlaxatzera hara joaten naiz. Leku magikoa da, ipuin batean sartzea bezala.

Mendi bat. Aralarko Malloak.

Hondartza bat. Zumaiako Itzurun, nola ez?

Ospakizun bat. Santa Ageda, niretzat sinbolo bat delako.

Más sobre Vecinos

ir a Vecinos »