Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Nafarroak eta beste 12 autonomia-erkidegok konpromisoa hartu dute memoriarekin, demokrazian sakontzeko erreminta gisa

Ollo kontseilariak irakurri du adierazpen instituzionala eta sinatu egin dute gero Memoria Historikoaren Erkidegoen arteko Sarearen I. topaketara bertaratutako erkidegoek, Nafarroako Gobernuarekin batera

navarra.es - Lunes, 19 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 12:57h

Ana Ollo kontseilaria adierazpena irakurtzen, ekitaldira bertaratu diren autonomia-erkidegoetako ordezkariek lagunduta.

Ana Ollo kontseilaria adierazpena irakurtzen, ekitaldira bertaratu diren autonomia-erkidegoetako ordezkariek lagunduta. (NAVARRA.ES)

Galería Noticia

Ana Ollo kontseilaria adierazpena irakurtzen, ekitaldira bertaratu diren autonomia-erkidegoetako ordezkariek lagunduta.

Nafarroako Gobernuak gaur sinatu du memoriarekin konpromisoa hartzen duen adierazpen instituzional bat, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Kanariak, Katalunia, Valentziako Komunitatea, Balearrak, Extremadura, Errioxa eta Euskadirekin batera, Memoria Historikoaren Erkidegoen arteko Sarearen bigarren jardunaldian izan duten topaketan.

Hala dio sinatutako adierazpen instituzionalak:

Bizikidetza da gizarte demokratiko guztietako funtsezko eta ezinbesteko oinarrizko helburuetako bat. Bizikidetza hori erreala eta bidezkoa izan dadin lortzeko, beharrezkoa da iraganari buruzko ikuspuntu kritiko bat izatea;balio demokratikoetatik eta printzipio etiko irmo batzuetatik abiatuta, Giza Eskubideen aurka egindako eraso guztiak gaitzetsiko dituen ikuspuntua.

1936ko kolpe militarrak indarkeria asko ekarri zuen berarekin, gure gizartean min bizi eta sendaezin bat eragin zuena. Milaka eta milaka pertsona izan ziren injustuki erailak, zaurituak, espetxeratuak, errepresaliatuak edo erbestera behartuak. Gure konpromisoa, Giza Eskubideen errespetutik eta bakezko, errespetuzko eta tolerantziazko kultura baten defentsatik abiatuta, 1936ko kolpe militarraren ondoren eta garai frankista osoan zehar indarkeria horren justizia eza pairatu zuten pertsonekin dago.

Administrazio publikook gertatutakoaren memoria balioan jarriko duten politika publikoak modu aktiboan sustatzeko ardura dugu gure gain, gizarte etikoago, justuago, solidarioago eta demokratikoagoak sendotzeko bidean. Ahanzturak eta memoria ezak ahuldu egiten dituzte gure printzipio demokratikoen oinarriak. Izan ere, memoriarekin bakarrik eman diezaiokegu erantzuna biktimek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubideari.

Gaur, 2018ko martxoaren 16an, Nafarroan, bertaratutako Erkidego guztiek onartu dugu Adierazpen Instituzional hau:

1. 1936ko kolpe militarraren eta diktadura frankistaren gaitzespena berresten dugu, eta argi erakusten dugu bakezko, errespetuzko eta tolerantziazko kultura baten aldeko gure konpromisoa.

2. Gure konpromisoa erakusten dugu memoriarekin, indarkeriaren justizia eza gogoratzeko baliabide gisa eta gizarte justuago, etikoago, solidarioago eta demokratikoagoak eraikitzeko baliabide gisa, non ez den biderik egongo garai hartako gertakari tragikoak berriz gertatzeko.

3. Giza Eskubideekin dugun konpromisoa berresten dugu, eta baita biktimek egia, justizia eta erreparazioa izateko duten eskubidearekin.

ADN bankuak eta kolaborazioa

Gaurko jardunaldia gorpuak hobitik ateratzean eta ADN bankuetan ardaztu da, Nasertik enpresa publikoaren kargu egin den aurkezpen batekin, 2016tik hona Foru Gobernuak sortutako bankua kudeatzearen arduradun.

Ondoren, kolaboraziorako aukerak aztertu dituzte autonomia-erkidegoek lansaio batean, non argi gelditu den beharrezkoa dela erkidegoen arteko kolaborazioa 1936ko biktimen familiei erantzuna ematerako orduan. Autonomia-erkidegoek familiartekoak lokalizatzen laguntzeko kolaboratzeko gogoa erakutsi dute. Gainera, mahai tekniko batean jardutea ere adostu da, eta egun Nafarroan, Andaluzian, Euskadin eta Katalunian indarrean dauden ADN bankuen arteko esfortzuak partekatzeko dauden aukerak aztertzea.

Adierazpen instituzionala irakurri ondoren, zeina 13 erkidegoek sinatu duten gero, bisita bat egin da GR-225 mendi-ibilbidera, non bertaratuek Ezkabako espetxetik egin zen ihesaren historia ezagutzeko aukera izan duten lehen eskutik. Bisita horren ondoren, Urdanizera joan dira autonomia-erkidegoetako ordezkariak, non hiru gorpu hobietatik ateratzeko gauzatzen ari diren lanak ikusi ahal izan dituzten. Ihesaldian parte hartu zuten hiru pertsonenak dira gorpuak, Nafarroako herri horretan atxilotu eta fusilatuak izan zirenak.

Gorpuak hobietatik ateratzeko prozesuan ere bertan izan dira San Fermin Ikastolako ikasleak. Álvaro Baraibar Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, "memoria ez da iraganeko zerbait, etorkizunekoa baizik;hortaz, beharrezkoa da gorpuak hobietatik ateratze honetan gaztedia bertan egotea, belaunaldi berriei gertatutako transmititzeko”.

Memoria-erakundeetako eta 13 erkidegoetako instituzioetako ordezkariekin batera izan da baita Teodoro, lekukoetako bat, zeinaren testigantza funtsezkoa suertatu den hobi hau lokalizatu ahal izateko.

etiquetas: nafarroa, ana ollo