Hego Lapurdiko euskararen hiztegia aurkeztuko dute Saran

Idazleen Biltzarraren 35. edizioa apirilaren 1 eta 2an ospatuko da herriko kiroldegian

Franck Dolosor - Miércoles, 21 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Sarako Biltzarra, 2016 edizioan.

Sarako Biltzarra, 2016 edizioan. (Argazkia: Iker Azurmendi)

Galería Noticia

Sarako Biltzarra, 2016 edizioan.

baiona- “Saran astia” dio esaera zaharrak, gauzak egiteko denbora dagoela alegia. Dena den, Saran dena prest dute jadanik Idazleen Biltzarraren 35. edizioa ospatzeko datorren apirilaren 1 eta 2an. Igandean 15.00etan hasiko da eta astelehenean egun osoan irekia egongo da. Durangoko azokaren ahizpa txikia deitzen dioten hitzordu horretan aukera dago euskarazko idazleekin edo Euskal Herriari buruz erdaraz idazten dutenekin zuzenean hitz egiteko Sarako kiroldegian.

Sarako Idazleen Biltzarrean gogoan izango dituzte duela gutxi hil diren hiru euskaltzale: Jean Michel Larrasquet irakaslea, Jean Nesprias dan-tzaria eta Joxean Artze olerkaria, azken hau maiz agertzen zen Lapurdiko literatura azokan. Aurtengo Biltzar sariak Jean Claude Larronde Baionako historialaria eta Auxtin Zamora olerkari senpertarrari emanen dizkiete. Lehenari eskertu nahi diote Euskal Herriko historiaren dibulgazioa egin izana denbora luzean. Bere aldetik Auxtin Zamorak uste du urteetan Hatsa olerkari taldean egindako lana eskertu nahi izan diotela. Zamoraren hitzetan emango dioten saria Hatsa ekimenean idazten duten olerkari guztiei zuzentzen zaie. Senpertarrak dio “ohore handia dela horrelako saria eskuratzea auzo herrian” eta biho-tzetik eskertu du biltzarraren antolatzaileek erakusten duten lehialtasuna, kemena eta esku zabaltasuna beren lanari esker idazleek erakuslehio paregabea daukatelako urtero.

Bi egunez topaketak, mintzaldiak eta mota guztietako aurkezpenak egingo dituzte Saran. Eneko Bidegain kazetari eta irakasleak Euskal Herriaren lurraldetasunari buruzko gogoeta plazaratuko du Pamiela argitaletxearen eskutik. Bere aldetik, Xabier Elosegi ikerleak Senpereko euskara XVIII. mendean nolakoa zen erakutsiko du. Ttotte Etxebeste urruñarrak lehen poesia lana agertuko du: Ezin erranezko hitzak (Maiatz). Herria, bizia, borroka, amodioa eta askatasuna bezalako gaiak jorratu ditu lapurtarrak bere lehen liburuan.

Últimas Noticias Multimedia