Bidasoaldeko Bertsopaper lehiaketa abiatu da

Lanak maiatzaren 20ra arte aurkez daitezke eta sari banaketa ekainaren 1ean eginen dute

Viernes, 23 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:02h

bera- Berako kultur Ba-tzordeak eta Bortzirietako Bertso eskolak, Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoaldeko 31. Bertsopaper lehiaketa antolatu dute, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Lanak Berako kultur etxean aurkeztu behar dira, maiatzaren 20a baino lehen, gisa hauetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz.

Euskarazko, jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.

Ohi bezala, parte hartzaileak lau mailatan banatu dituzte: A mailan, 10 urte artekoak ariko dira. Bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Sariari dagokionez, trofeoa eta 50 euro izanen da lehenengoarenzat eta trofeoa eta 30 euro bigarrenarentzat. B mailan, (11-14 urte) bi bertso edo lau kopla egin behar dituzte. Saria: trofeoa eta 100 euro irabazleak eta trofeoa eta 70 euro bigarrenak. C mailan, (15-18 urte) lau bertso osatu beharko dituzte guttienez. Saria, trofeoa eta 150 euro lehenengoak eta trofeoa eta 120 euro bigarrenak. D mailan, 18 urtetik goti. Gutxienez 8 bertso egin beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 200 euro garaileak eta 150 euro bigarrenak.

Lanak helbide honetara bidali behar dira: Berako Kultur Etxea/Baztan-Bidasoako XXXI. Bertsopaper lehiaketa/Eztegara pasealekua, 11/ 31780 BERA (Nafarroa)

Sari banaketaBortzirietako bertso eskolak izendatuko du epaimahaia eta sariak hutsik utz ditzake, baita sari bereziak eman ere. Ekainaren 1ean, or-tziralearekin izanen da sari banaketa Berako Kultur Etxean 18.00etan. Ohikoa denez, inguruko herrietako bertso eskoletako ikasleek bere jaialdia eskainiko dute lehenik eta gero, mailaz maila sariak banatuko dituzte eta saridunek beraien bertso-xortak kantatuko dituzte. - A.A.A.