Ziritik

Sentimenduena

Xabier. Euzkitze - Domingo, 25 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:03h

III. Batzar Orokorra izan zuen atzo SARE Herritarrak.Berriz ere sakabanaketa salatu eta ahalik eta baldintzarik duinenak eskatu zituzten presoentzat zein haien senitartekoentzat. ETAk armak aspaldi eta betiko utziak dituenean, ez dago sakabanaketari eusteko arrazoibiderik, eta estatu baten kartzela-politikak ezin du mendekuan oinarrituta egon.

Atzoko batzarrean datozen 12 hilabeteotarako lan-ildoak finkatu zituzten. Besteak beste, “ezberdinen artean gehiago adostu eta ekimen eta proposamen berriak sustatzearen garrantzia” azpimarratu zuten. Ezbairik gabe, berriz ere ezinbestekoa izango da aldarrikapen horietan ahalik eta sentsibilitate gehien biltzea, sakabanaketa salatuko duen esparru sozial eta ideologikoa albait zabalena izatea. Horretara bildu izan diren asko eta asko ez ditu preso daudenekiko ahaidetasunak eraman, ezta hurbiltasun ideologikoak ere, are gutxiago estimu pertsonalak. Justizia sozialak eta sufritzen ari direnekiko enpatiak eraman ditu aldarrikapen horietan -askotan aktiboki- parte hartzera. Hain justu, sekulako enpatia falta sumatzen dut zenbait presori kartzelatik irten berritan egiten ari zaizkien harreretan.

Bada nire ulermenaz haragoko zerbait. Ezin dut konprenitu zer irabazten den harrera publikoekin. Basakeriarik salagarrienak egin dituztela ere, hurbilenekoek haiek maite izaten jarraitu dute, eta ulertzen dut maite duten pertsona baten askapena ospatu nahi izatea. Ez dakit, baina, zer onik dakarkien publikoki egiteak. Zer galtzen den bai, hori badakit. Hasteko, biktimekiko begirunea. Terrorismoaren ondorioak jasan dituztenei samina areagotzen die haren erantzule izan direnei omenaldi kutsuko harrerak publikoki egiteak. Baina ez da hori galera bakarra. Horri bide ematen diotenek oraindik urruneko espetxeetan sakabanaturik jarraitzen dutenekiko enpatia eta elkartasuna hozten du, eta beste sakabanaketa bat hauspotzen: sentimenduena.