Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Ez dadila soka eten

Euskaltzaindiak bere mendeurrena baliatuko du 2018 eta 2019an zehar hainbat ekitaldi antolatzeko;horien artean bederatzi nazioarteko kongresu antolatuko ditu, euskararen lurralde guztietan egingo direnak

Uxue Razkinen erreportajea - Domingo, 25 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Ostiraleko aurkezpenean izan ziren Euskaltzaindiaren lan-taldea eta Aukeran dantza taldea, Bilboko egoitzan.

Ostiraleko aurkezpenean izan ziren Euskaltzaindiaren lan-taldea eta Aukeran dantza taldea, Bilboko egoitzan. (Argazkia: José Mari Martínez)

Galería Noticia

  • Ostiraleko aurkezpenean izan ziren Euskaltzaindiaren lan-taldea eta Aukeran dantza taldea, Bilboko egoitzan.
  • Flecha Ver anterior
  • Flecha Ver siguiente
“Zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu” “Euskaltzaindiaren zuhaitza sendo eta irmo dago, aldatzen eta egokitzen joan delako”

euskaltzaindiaren ohiko zuhaitzak beste itxura bat hartu du. Zuhaitz hau “irekiagoa eta dinamikoagoa da”, etorkizuna islatzen duena. Logoak berdea jarraitzen du izaten baina kolorea argitu dute eta lelo berria,Euskara ehuntzen, urre kolorez margotu dute mendeurrena ospa-tzeko.

Akademiak 100 urte eman ditu euskara zaintzen, ikertzen eta lan-tzen. Eta jarraituko du, ezbairik gabe;iragana garrantzitsua delako, baina are garrantzitsuagoa delako etorkizuna. Logo berriak hori isla-tzen du, hain zuzen: proiektua abiatu zutenetik helburuak ez dira aldatu baina harreman-sareak bai, zerbitzu-bokazioa inoiz galdu gabe, egungo premia eta eskabideei eran-tzuna eman nahi die. Euskaltzaindia gizarteari begira jarri da. “Etorkizuneko erronkei aurre egiteko indartsu gaude”, esan zuen astiralean Andres Urrutia euskaltzainburuak, mendeurrenaren harira antolatuko diren ekitaldien inguruko aurkezpenean, Akademiak duen Bilboko egoitzan.

Andres Urrutiarekin batera, Sagrario Aleman euskaltzaina eta Ibon Usarralde mendeurreneko bateratzailea egon ziren. Aukeran dantza taldeko kideek abiatu zuten aurkezpena, ikuskizun labur eta zirraragarri batekin. Bizi-bizia, euskara bezala.

Herenegunekoan, logo eta lelo berria erakusteaz gain, 2018-2019an zehar antolatuko diren nazioarteko kongresuen berri eman zuten. Usarraldek zerrendatu zuen zeintzuk izango diren lehendabiziko ekitaldiak. Guztira, bederatzi izango dira Akademiak antolatuko dituen nazioarteko kongresuak, aurtengo irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean egingo direnak. Aurten bi egingo dira, gainontzeko zazpiak hurrengo urtean.

Lehenengoari dagokionez, Euskararen Batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena izango da gaia. Jardunaldiaz gain, erakusketa bat antolatuko dutela jakinarazi zuten. Baionan izango da, irailean. Bi helburu nagusirekin abiatu dute: alde batetik, 60ko hamarkadaren hasieran egin ziren bilkura haien ekarpen nagusiak azpimarratzea eta bestalde, etorkizunean eta Ipar Euskal Herritik begiratuta, Euskara Batuak dituen erronkak identifikatzea.

Bigarren jardunaldia, Euskararen Batasuna, Arantzazun antolatuko da, urrian. Bertan jorratuko dituzten helburuak agertu zituen Usarraldek atzokoan: egindako bidea azaltzea, gizartea batasunaren garrantziaz ohartaraztea eta egungoaz gogoeta egitea.

Gainerakoen artean, gramatika, hizkuntza eskubideak, ahoskera, dialektologia, literatura, onomastika eta teknologia berriak izango dira, besteak beste, mintzagai, Akademiaren jardun eremu eta aztergai izan ohi direnak, alegia. Hauek guztiak egitarau akademikoaren barnean antolatuko dira baina badaude beste hiru multzo: egitarau instituzionala, artistiko-kulturala eta bestelako ekimenak -dokumentalak, komikiak, liburuak...- biltzen dituena. Horiek aurrerago zehaztasun handiagoz joango dira aurkezten.

Urrutiak aitortu zuen legez, aurtengoa “urte esanguratsua” izango da Akademiarentzat. Eta oraindik “badagoela zer egin” onartu bazuen ere, Euskaltzaindiak badaki zein-tzuk diren “bere on-gaitzak”, baina, baita bere betekizunak ere. “Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu”, gaineratu zuen euskaltzainburuak.

‘Euskara ehuntzen’Logoari dagokionez, Sagrario Alemanek, hunkiturik, esan zuen Euskaltzaindiaren zuhaitza “sendo eta irmo” dagoela, “aldatzen eta egokitzen joan delako urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi”: “Gaitasun hori da gure euskararena, etengabe egokitzen eta estekatzen dena gure euskal gizartearekin”. Mendeurrena ospa-tzeko, logoaren kolore berdea argitu dute, “adorea eta bizitasuna erakusteko”. Euskaltzainaren arabera, logoak “lau haizeetara zabaldu nahi du Euskaltzaindiaren nahia, euskal gizartearekin batera aurrera egiteko nahi hori, euskarak hauspoa har dezan XXI. mende korapilatsu honetan”.

Ideia horri jarraiki, lelo berria aurkeztu zuten: Euskara ehuntzen, urre kolorez margotu dutena. Alemanek esan zuen horrek “mendeurrenaren pisua azpimarratzen” duela: “Hemen gaude beti egin duguna egiten, euskara ehuntzen, gure hizkun-tza doitzen eta egokitzen, ekin eta jarrai, euskara bera eguneroko min-tza-tresna izan dadin”, nabarmendu zuen euskaltzainak.

GARAI ITXAROPENTSUAOstiraleko prentsaurrekoan, Andres Urrutia hasierako orrira itzuli zen;1918-1919 urte bitarte horretan sorturiko akademia hartara. “Ehun urte beteko ditugu jarraitutasunez eta Euskal Herri osoan presente egoten”, baina beti oraina eta etorkizuna helmuga izanik: “Guk bete-betean bizi nahi dugu XXI. mendea, esango nuke azken 10-13 urteetan egin ditugun aldaketa eta ahaleginekin, helburutik gertuago gaudela”.

Andres Urrutia

Euskaltzainburua

Sagrario aleman

Euskaltzaina

Aldaketak nabaritzen ari direla dio eta horiek dira, besteak beste, mendeurrena baliatuz, erakutsi nahi dituztenak. Aipatu zituen, besteak beste, martxan jarri dituzten hainbat hobekuntza: “Sare sozialetan gaude, Hiztegia digitalizatu genuen 2016an eta aldian aldiko aldaketak sarera igoko ditugu sei hilabetetik behin;azken urtean egin ditugun liburuak euskarri digitalean atera ditugu;aurten webgunea aldatuko dugu, erabiltzaile arruntaren mesedetan;Euskal Herriko gizarte eragile eta erakunde ofizialekin etengabeko harremanak ditugu;musika emanaldiak eman eta bisita gidatuak egin ditugu gure egoitzan...”

Halaber, Urrutiak azaldu zuen Euskaltzaindiaren mendeurrena baliatu dutela “euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berrizta-tzeko” eta modu berean, “dei zabal” bat egin nahi diola euskal gizarte osoari. Hain zuzen, aldi berriari, “XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko deia, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu”. Bide beretik, aitortu zuen Akademiak “nahi du eta behar du, gizarte eragile guztiekin jardun, eta horretan agortuko ditu indarrak ondorengo urteetan”. Ekin eta jarrai.

egitarau akademikoa

Ezaugarri nagusiak. Bedera-tzi nazioarteko jardunaldi izango dira guztira, euskararen lurralde guztietan antolatuko direnak. Horretaz gain, Euskaltzaindiaren jardun eremu eta aztergai guztiei buruzkoak izango dira, hala nola gramatika, ahoskera, literatura, teknologia berriak eta euskara...

1. gaia. ‘Euskararen Batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena’ jardunaldia eta erakusketa. Baionan, 2018ko irailean.

2. gaia. ‘Euskararen Batasuna’ Arantzazun izango da, urrian.

3. gaia. ‘Hizkuntza eskubideak’. 2019ko urtarrilean, Iruñean.

4. gaia. ‘Ahoskera’. 2019ko otsailean, Gasteizen.

5. gaia. ‘Dialektologia’. Jardunaldia eta erakusketa. Bilbon, 2019ko martxoan.

6. gaia. ‘Literatura’. Bilbon, 2019ko maiatzean.

7. gaia. ‘Onomastika’. Gasteizen, 2019ko ekainean.

8. gaia. ‘Gramatika’. Donostian, 2019ko uztailean.

9. gaia. ‘Teknologia berriak eta euskara’. Donostian, 2019ko irailean.

Herramientas de Contenido