Zirrikituetatik begira

Beste kazetaritza bat

Ana Urkiza - 2018(e)ko martxoaren 26a, astelehena - 12:29etan eguneratua

Komunikabide baten kalitatea neur-tzeko, sarri askotan erabili izan dugun neurkina "albiste handiei ematen zaien estaldura" izan da. Albiste handitzat ulertuta, besteak beste, nazioarteko albisteak edota bapateko gertakari edo istripuak. Adibide gisa jarritako gertakarien lekura joateko baliabideez hitz egiten genuen hasieran, albiste horien tratamenduaz gero, eta euskal komunikabideen kasuan, "gertakari handiei emandako hizkuntza trataeraz" hurrena.

Audientzia mantentze aldera, komunikabideek, azken aldi luze honetan, medio handietan arrakasta duten programak biderkatzeko joera izan dute. Eta ikus-entzuleok ere, komunikabideek lehia horretan posizionatu behar dutela ulertu dugu (onartu ez arren).

Hala ere, aisialdirako prestatutako reality programez gain, eta jende famatutxoaren gaineko gorabeherak maiseatzen dituzten espazioez gain, orain, hilketen inguruko albisteen gaineko monografiko etengabeak ari zaizkigu gailentzen. Morboa ereitea beste helbururik ez dutenak. Kate guztiek ematen dituztela? Eta gureek, beste kateen gainetik, zer gehiago eskaintzen dute? Berdinetik gehiago.

Kazetaritzak, albisteari dagozkion bost galderei erantzuna emateaz gain, hartzaileari posizio bat hartzeko erramintak eskaini behar dizkio, edo agitzeko, edo errebelatzeko, edo gutxienez, iritzi irmo bat izateko. Gabriel umetxoaren kasuan, morboa baizik ez da gailendu. Hartzaileoi informazio bera eman zaigu ordu eta orduetan, hartzaile guztiok berdindu egin gaituzte eta albistearen jakitun garela sentitzeaz harago, ez digute albisteaz iritzi bereziturik izateko erramintarik eskaini. Gabriel umetxoaren gaineko albistea "albiste handia" zen, antza. Beste medio guztiek eskaini dutenez, guk ere eskaini beharrekoa. Baina tratamenduari dagokionean, gure medioek ez dute bestelako berezirik eskaini. Hartzaileok ere ez gaituzte bereizi.

Fidelizazioan, bi puntu gutxiago.

Más sobre Opinión

ir a Opinión »