Auzoan barrena, eraikin erakusgarrienak bisitatzeko

Miércoles, 28 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

San Cristobal jauregia, gaur egun Karlismoaren Museoan bilakatuta.

San Cristobal jauregia, gaur egun Karlismoaren Museoan bilakatuta.

Galería Noticia

San Cristobal jauregia, gaur egun Karlismoaren Museoan bilakatuta.

Bisita San Martin plazan hasiko dugu. Erdi-erdian, XVI. mendeko iturri errenazentista bat dago. Jendeak “la mona” edo “zorrotaden” iturria esaten dio. Plazaren inguruetan, XVII. mendeko eraikin barrokoa, XIX. mendera arte Lizarrako udaletxea izan zena. Errenazimenduko fatxadak hiru solairu ditu eta zutabe eta zutarri klasikoak ageri dira, bai eta kapitel konposatuak ere. Solairu noblean hiriko bi armarri daude. Oso hurbil, San Martin zubia dago (”del azucarero” ere deitzen zaio), jatorriz Erdi Arokoa.

Plazaren eskuinaldean, 1968an eraikitako harmailadi luze bat dago, Ruako San Pedro elizaraino igotzen dena. Ederrenetakoa da Nafarroako eliza erromanikoen artean. XIII. mendeko atari polilobulatu bitxia du eta XII. mende bukaerako klaustroa ere bai. Harmailadiaren oinetan, San Martin plazaren mutur batean, Nafarroako errege-erreginen jauregia dago, XII. mendekoa, Nafarroako arkitektura zibil erromanikoaren adibide bakarra. Gaur egun, Gustavo de Maeztu museoaren egoitza da.

Hirian sartzeko ateetatik, bat bakarra mantendu da, hots, Gaztelako Portalea izenekoa, Erdi Arokoa. Gero, XVI. mendean moldaketa lanak egin zizkioten eta hiriaren ikurrarekin dago apaindua. San Nikolas kalearen bukaeran dago, Nafarroako errege-erreginen jauregiaren eta San Pedro elizaren artean.

Rua de los Curtidores karrikak ere baditu eraikuntza bereziak, esaterako: Fray Diego Kultur Etxea eta San Kristobalen jauregia, bi-biak XVI. mendeko eraikin platereskoak;Gobernadorearen jauregi barrokoa, 1613an eraikia, eta Kartzelako zubia, San Agustinen zubia ere esaten diotena, 1975ean berreraikia.

etiquetas: nafarroa, ikasberri