Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Amaia Ruiz de Galarreta Aktore tolosarra

“Hiru urte eman nituen bulego batean lanean, baina triste sentitzen nintzen;orain zoriontsuagoa naiz”

Ordiziako Ahozko narrazio lehiaketa irabazi berri du, eta pozik dago Amaia Ruiz de Galarreta aktorea. “Garrantzitsua da norbera martxan jartzea, telefonoaren zain bazaude frustrazioa handia izan daiteke”, dio tolosarrak

Marta San Sebastian - Jueves, 29 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Amaia Ruiz de Galarreta

Amaia Ruiz de Galarreta

Galería Noticia

  • Amaia Ruiz de Galarreta

Tolosa- Irribarretsu, pozarren jaso gaitu Amaia Ruiz de Galarretak. Bere bizitza eta bere barrena erabat aldatu zituen orain zortzi urte egindako aldaketak. Bulegoko lan finkoan baztertu eta interpretazioaren bideari ekin zion. “Lehen egonkortasunak lehentasuna zuen nire bizi-tzan;orain, aldiz, beste balio batzuk ditut eta zoriontsuagoa naiz”, dio tolosarrak. Ordiziako narrazio lehiaketak bide berriak lantzeko aukera eskainiko dion itxaropena du.

Nola sortu zitzaizun lehiaketa honetara aurkezteko aukera?

-Jaialdia ezagutzen nuen eta lehiaketan parte hartzeko aukera ikusi dut aurten. Aktore lanetan nahiko lasai nabil eta oso ondo etortzen zait nire kabuz martxan jartzea. Gainera, beti asko gustatu izan zait ipuinen mundua eta komunikatzea, eta Dorleta Kortazarren ipuin batekin aurkeztu nintzen. Sorpresa izan da saria irabaztea.

Esperientzia berria izan al da?

-Telmo Iruretaren bizitzari buruzko mikroantzerki bat egin genuen eta, finean, ipuin bat kontatzea zen, baina haurrentzat. Ordiziakoa, aldiz, helduei zuzendua zegoen. Sariak indarra eman dit eta orain bide honetatik zerbait gehiago egin nahi dut. Ikuskizun bat sortu nahi dut ipuinetan oinarrituta, adibidez, liburutegietan aurkezteko.

Telebista, zinea, antzerkia... denetik egin duzu. Zer duzu gustukoen?

-Telebista eta zinea asko gustatzen zaizkit, Goenkale telesailean oso gustura egon nintzen eta laburmetraietan ere esperientzia oso ona izan dut.

Tolosako Topic txotxongiloen museoan ere bisita antzeztuak egiten dituzu, ezta?

-Bisita normalak egiten hasi nintzen eta gero hasi ginen bisita antzeztuak egiten, familientzat. Arrakasta handia dute eta niri oso ondo etortzen zait, denetik egitea gustatzen zait.

Betidatik erakarri al zaitu interpretazioaren munduak?

-Gustuko izan dut betidanik, baina etxean lanbide egonkorra izatearen aldekoak ziren. Administrazio eta finantzen goi-mailako modulua egin nuen, egia esan behar badut, gehiegi pentsatu eta sentitu gabe. Lan finkoa lortu nuen berehala eta hiru urte eman nituen enpresa batean lanean, baina barrutik triste sentitzen nin-tzen, gauza gehiago egin nitzakeela sentitzen nuen. Orduan, antzerki eskolak hartzen hasi nintzen eta mundu berri bat ezagutu nuen. Maletak egin eta duela zortzi urte Madrilera joan nintzen interpretazioa ikastera.

Eta zer moduzkoa izan zen Madrilgo esperientzia?

-Aldaketa izugarria izan zen eta pixka bat gogorra, beldur handiak nituelako. Hala ere, asko ikasi nuen eta Goenkale telesaileko kastinga egiteko aukera sortu zitzaidan. Hartu egin ninduten eta Tolosara bueltatu behar izan nuen. Hain azkar horrelako aukera izatea oso garran-tzitsua izan zen nire buruarengan sinesteko. Ondoren Donostian bukatu nituen ikasketak.

Damutu al zara erabakiaz?

-Ez! Nire bizitzari bizipoza eman diodala uste dut. Egonkortasuna ez edukitzeak zure barrena lantzera behartzen zaitu. Asko ezagutzen ari naiz neure burua eta ikusten ari naiz gaitasuna dudala gauza ezberdinak egiteko. Hala ere, ez ditut ateak ixten eta hemendik urte batzutara ikusten badut honek ez didala zoriontasuna ematen, prest egongo nintzateke beste aldaketa bat egiteko.

Zaila al da antzerki munduan lekua egitea?

-Bai, eta frustrazioa handia izan daiteke telefonoak noiz joko zain bazaude. Hala ere, frogatuta daukat: zure kabuz martxan jartzen zarenean, orduan hasten dira lanak etortzen. Diru-sarrerak oso aldakorrak izaten dira, baina nire kasuan Topic-eko bisitek egonkortasun pixka bat ematen didate eta nire anaiak duen landetxean ere aritzen naiz.

Kanpora joateko aukera pasatu al zaizu burutik?

-Madrilera joatea gustatuko litzaidake, baina ez abenturara, lan proposamen batekin baizik. Pasio bat duzunean, horrek indar handia har-tzen du...

Zein proiektu dituzu eskuartean?

-Ikastetxetan aurkeztuko dugun bullying-ari buruzko antzerki bat prestatzen ari gara eta Donostiako Gazteen Antzerki Topaketako epaimahaikide ere izango naiz. Eta sortuko dira proiektu gehiago!

las claves

Gipuzkoako txokoa. Zarauzko biotopoko pasabidean ibiltzeak sekulako bakea ematen dit.

Paisaia idilikoa. Igeldoko bistak, betikoa da baina polita.

Festa edo ospakizuna. Tolosako kuadrilla eguna. Udari ongi etorria ematen diogu eta pila bat gustatzen zait!

Mendia. Txindoki.

Hondartza. Hondartzan ibiltzea gustatzen zaidanez, Zarauzkoa.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia