Berreziketa mendeku

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 1 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Ilustrazioaren fruitu zentzudun bat izan zen espetxe-zigorrak, delituarekiko proportzionala izateaz gain, delitugilea birgizarteratzen saiatzeko balio behar zuela. Birgizarteratze nozioak badarama berez, jakina, osagai berrezitzaile bat, baina betiere delitu bakoitzarekiko espetxealdi proportzional horrek iraun artean. Ezagunak dira gero historian diktadore zoro amorratuak (latinezko vesania-k jotakoak), zeinek Ilustrazioaren arrazionaltasuna erabili baitute euren helburu zoroak lortzeko. Hala nola Hitler, bere kontzentrazio-zelaiekin;edo Stalin, auto-inkulpazio eta damu bila espetxealdi berrezitzailea birgizarteratzeko asmoez mozorrotu zuena;edo diktadore izatera heltzeko aukerarik gabe ere diktadoreen antzera vesania-k jotako sorgin-ehiztari izan zen McCarthy, Stalinen helburu berdintsuak buruan… Hitlerren gogoan, badakigu, ez zegoen inor berrezteko xederik, bere gizaki arioaren eredutik kanpoko guztiak (bera izan ezik, bere irudiak zerikusirik ez baitzuen bere eredu arioarekin) garbitzekoa baizik, hots, genozidio garbia. Stalin eta McCarthyk, aldiz, zigortuen aitortzak (“krimenen” auto-inkulpazioak) zituzten helburu, gero epaileek nahi zutena erabakitzeko, zirela heriotz-zigorrak, zirela lan-eremu “berrezi tzaileetan” ixteko zigorrak. Labur erranik, justizia berrezitzailea mendeku hutsaren mozorro.

Ildo horretan dabiltza gaurko justizia berrezitzailearen aldekoak: zigor proportzionaltasuna, delitura ez, berreziketaren beharretara egokitzearen alde, espetxealdiaren iraupena kasuz kasu zigor.tzaileek beren gustuko berreziketan aditu vesanikoen eskuetan jarri, eta horra hor biziarteko espetxealdi berrikusgarriaren irudi penala! Ildo horretan dabiltza paraje hauetako gaurko agintariak, hain ilustrazio handikoak denok dakigunez.

Hitlerren kontzentrazio-zelaietan hausnartzeko “aukera” izan zuen Viktor Frankl psikologo eta neurologoa mintzo, «kontzentrazio-zelaietan […] bizi ohi zen gauzarik mingarrien eta ikaragarriena izaten zen, hango egonaldia noiz arte luzatuko zen ez jakin ahal izatea». Eta “amaierarik gabeko behin-behinekotasun” gisa definitu zuen zelai haietako egoera.

Ba, holaxe: edozein zigor sistematan, zigor jakinaren ordez halako konbertsio bat eta damua jarrita aurre-baldintzatzat askatasun-agiria lortzeko (sistema berrezi tzaile diktatorial “gizatiarrenak” eredu), amaierarik gabeko behin-behinekotasun bihurtzen da zigor berrikusgarria. Sistema guztiz arbitrario bat, bertze baten iri tzien menean bizitzera behartzen baitu zigortua betiko. Hain zuzen kartzela-zigorrari izaera berrezi-tzailea, paradoxikoki baina nahita, guztiz kentzen dion eta mendeku huts bihurtzen den sistema bat.

Eskaintza bat luzatzen diet gure mendekari hauei: euren justiziaren helburua guztiz humanitario berrezitzailea denez, ez ote litzateke errazago izanen delitugileei guztiei biziarteko espetxe-zigor berrikusgarria ezartzea, gure epaile txit zintzoek erabakitzeko gero kasuz kasu noiz nori eman askatasun-agiria? Erranen bainuke azken beltzean horixe dutela helburu.