Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Interneten ere euskaraz bizi dira enpresak

Ziurtagiri berria sortu dute zerbitzuak eta produktuak sarean eskaintzen dituzten webguneentzat, ‘Bai Euskarari, Sarean’

Begoña Martín - Lunes, 2 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Langile batzuek euskaraz hitz egiten dute elkarrekin Antzuolako Elay enpresan.

Langile batzuek euskaraz hitz egiten dute elkarrekin Antzuolako Elay enpresan. (Argazkia: Iker Azurmendi)

Galería Noticia

  • Langile batzuek euskaraz hitz egiten dute elkarrekin Antzuolako Elay enpresan.

Gasteiz- Azken 20 urteotan Arabako gizartea izugarri eraldatu da euskarari dagokionez. Euskararen datuak hobetzen ari dira, gero eta pertsona gehiagok dute euskaraz aritzeko gaitasuna. Gasteizen euskararen erabilerak igoerarik nabarmenena izan du azken bost urteotan. Haurrak (%18,3) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak;horien ostean, gazteak (%12,3);ondoren, helduak (%11,5);eta, azkenik, adinekoak (%8,1).

Araban gero eta enpresa gehiago ari dira euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Euskara erabiltzen duen entitatea hiritarren gertu bizi da eta konfiantza ematen die.

Horrekin lotuta, enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen dute ziurtagiriek. Hor daude, esate baterako, Bai Euskarari Ziurtagiria edo Bikain agiria duten enpresak eta euskara plana dutenak.

Ehunka enpresa, saltoki eta era guztietako hainbat entitatek dagoeneko lortu eta erabiltzen dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Bezeroak euskaraz hartzea eta euskarazko kalitatezko zerbitzuak eskaintzea lehiakortasunarekin lotzen dituzten enpresak ziurtatzen ditu. Horrela bada, entitate baten hizkuntza-egoera zein den aztertzen du.

Zentzu horretan, Bai Euskarari Elkarteak zirtagiri berri bat aurkeztu du, sareko webgune eta negozioei bideratuta dagoena. Bai Euskarari, Sarean ziurtagiriak balioan jarri nahi ditu beraien zerbitzuak eta produktuak euskaraz eskaintzen dituzten denda eta webguneak.

BI MAILABai Euskarari Elkarteak eskaintzen duen ziurtagiriak esparru digitalera jauzi egin du. Gaur egungo bizimodu eta kontsumo joerei egokitzeko helburuarekin, ziurtagiri berria sortu du zerbitzuak eta produktuak sarean eskaintzen dituzten webguneentzat, Bai Euskarari, Sarean ziurtagiria hain zuen ere.

Ziurtagiri espezifiko honek bi maila izango ditu: Euskararen Bidean Sarean eta Zerbitzua euskaraz Sarean. Euskararen presentzia eta erabileraren arabera, bat edo beste eskuratu ahal izango dute atari digitalek. Gainera, Bai Euskarari Elkartearen laguntzarekin aurrerapausoak emateko bidea zehaztu eta beharrezko baliabide eta aholkularitza jaso ahal izango dute. Euskara maila neurtzeko, bi atal nagusi hartuko dira kontuan: alde batetik, irudi korporatiboari dagokionez, webgunearen atal, informazio eta edukiak euskaraz dauden baloratuko da. Bestetik, kanpo harremanei erreparatuta, idatzizko harremanetan, ahozkoan eta komunikazioan euskara nola erabiltzen den aztertuko da. Euskaraz lan eta bizi nahi dutelako, bizimodu eta negozio digitalerako jauzia euskaraz egiteko sortu dute Bai Euskarari Sarean ziurtagiria. Euskararen balioa gehitzeko interesatuta daudenak Bai Euskarari Elkartearekin jar daitezke harremanetan. Badakigu egunerokotasunaren ehuneko altu bat Interneten bizi dugula. Hori horrela izanik, Bai Euskarari Elkarteak Interneten ere euskaraz bizi eta lan egiteko baliabideak eskaini nahi ditu.

Herramientas de Contenido