Izaro, Nøgen eta Marlik, Artzape Fest! jaialdian

Getariako Balenciagan ospatuko da Artzape elkarteak antolatutako ekitaldia

Ane Roteta Ruben Plaza - Martes, 3 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Izaro abeslaria Donostiako kaleetan.

Izaro abeslaria Donostiako kaleetan. (Ruben Plaza)

Galería Noticia

Izaro abeslaria Donostiako kaleetan.

Getaria-Getariako Cristobal Balenciaga Museoak musika jaialdi berezia hartuko du datorren apirilaren 20an. Kostaldeko herriko Artzape Euskara Elkarteak antolatu du Artzape Fest! jaialdia eta Izaro, Nøgen eta Marlik musikariak arituko dira estreinekoz ospatuko den ekitaldi honetan. Jaialdia 21.30ean hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kutxabank atarian.

Antolatzaileek azaldu dutenez, entzule gazte eta ez hain gazteei bideratuta antolatu dute jaialdia, euskal musika eszenan lekua egin duten hiru taldeekin. Batetik, Mallabiako Izaro Andres abeslaria igoko da oholtza gainera. 2014an murgildu zen musikaren munduan bizkaitarra, Paradise abestiaren ezagun egin zenean. Horren ostean, Om diska kaleratu zuen eta kaleratu berri duen Eason lana aurkezteko giraren barruan eskainiko du emanaldia Getarian.

Bestalde, Donostiako Nøgen taldea 2016an sortu zen, eta musika exotikoarekin lagundutako ahots ahaltsuak dituzte bereizgarri. Marlik taldea, bere aldetik, Zumaiatik etorriko da eta estilo ezberdinetatik eratorrita, blues eta rock and roll doinuak nahasten ditu.

Kultur ekitaldiakArtzape Euskara Elkarteak kultur ekitaldiak antolatzen ditu bere sorreratik, eta euskara, bertako kultura eta elkartearen izen bereko aldizkariaren etorkizuna berma-tzea xede, 2013 urtetik hainbat ekitaldi egin ditu Getariako leku ezberdinetan;besteak beste, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Bertso Band eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak eskaini dituzte. Gainera, maiz herriko talde ezberdinek lagunduta aritu dira, musika banda edo Elkano abesbatza kasu. Oraingoan, pauso bat aurrera egin dute jaialdi honekin eta ilusioz eta gogoz daude antolatutako ekitaldi bereziarekin. Horretaz gain, aurrerapauso gehiago ere ematen ari da kultur elkartea eta duela aste gutxi jarri zuten martxan artzape.eus webgunea, hilabetero kaleratzen duten aldizkariaren osagarri gisa.

Esan bezala, sarrerak eskuragarri daude Kutxabank-en eta 15 euroren truke erosi ahal izango dira. Alerik geratuko balitz, apirilaren 20an bertan leihatilan erosteko aukera izango dute ikus-entzuleek 20 eurotan.