Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
ikerketa

Azken 500 urteetako euskararen sintaxi historikoaren bilakaera aztertu du EHUko hizkuntzalari batek

Dorota Krajewska euskararen sintaxi historikoaren inguruko ezagutza areagotzeko lanean ari da

EP - 2018(e)ko apirilaren 5a, osteguna - 12:23etan eguneratua

Dorota Krajewska Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hizkuntzalaria

Dorota Krajewska Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntzalaria (Nuria González. UPV/EHU.)

Galería Noticia

Dorota Krajewska Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hizkuntzalaria

Dorota Krajewska Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hizkuntzalariak euskarazko testu zaharrak aztertu ditu, mendeko perpausek historian zer bilakaera izan duten ikusteko. XVI. eta XIX. mende bitarteko euskalki guztietako testuak izan ditu aztergai, eta, euskararen corpusa edo testu bilduma txikia eta nahiko berankorra izan arren, ikertzaileak adierazi du badagoela sintaxi historikoa aztertzeko dokumentazio nahikoa.

BILBO. EHUk jakinarazi duenez, azken urteotan asko aurreratu da euskararen gramatika historikoaren inguruko ikerketan, hizkuntza nola aldatu den ikertzen duen hizkuntzalaritzaren adarrean. Arlo horretan, Dorota Krajewska poloniar hizkuntzalaria euskararen sintaxi historikoaren inguruko ezagutza areagotzeko lanean ari da, EHUko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldean. "Euskarazko hainbat egitura konplexuren historia aztertzen ari naiz", dio ikertzaileak.

Izan ere, orain arte ez da asko ikertu sintaxiaren bilakabide historikoaz eta are gutxiago mendeko perpausen aldaketaz. EHUko hizkuntzalariaren iritziz, halako ikerketek balio dute "ulertzeko zergatik den gaur egungo euskara den bezalakoa".

Krajewskaren ikerketaren helburu nagusia izan da egitura konplexu horien erabilera aztertzea testu zaharretan. Horretarako, XVI. eta XIX. mende bitarteko euskalki guztietako testuen laginetan bi gai nagusi aztertu ditu: izenaren eta modifikatzaileen arteko hitz ordena eta mendeko perpausak sortzeko estrategiak.

Hizkuntzalariak argitu nahi izan du, batetik, "gaur egun izenaren ostean jartzen diren modifikatzaile horiek non, noiz eta zenbat erabili ziren eta hitz ordena zaharragoa zein den: modifikatzailea izenaren aurrean duena ala izenaren ostean duena";bestetik, argitu nahi izan du "nola aldatu den euskararen historian hainbat perpaus erlatibo motaren erabilera".

Ikertzaileak adierazi du "oso garrantzitsua" dela testu lagin adierazgarri bat aukeratzea ikerketa historikoak egiteko, eremu geografiko eta euskalki guztiak kontuan hartzea, neurri batean. "Izan ere, datu gutxi izatea da arazo garrantzitsuenetako bat: gerta liteke euskalkiren bateko edo garai jakin bateko datuak falta izatea", azaldu du.

EHUko hizkuntzalariak gaineratu du halako corpusak ez daudela denak digitalizatuta eta zentralizatuta, alegia, ez dagoela "corpus digital bat behaketak erraz egiteko". Beraz testuak hainbat iturritatik eskuratu behar izan ditu, eta bilaketak gehienbat eskuz edo erdi automatikoki egin. Hain zuzen ere, bi urte inguru eman ditu testuetan adibideak bilatzen.

MATERIAL NAHIKOA
Alboko hizkuntza indoeuroparrak ikertzen dituztenek baino datu gutxiago dauzkate ikertzaileek euskararen historia aztertzeko, "euskararen corpusa erlatiboki txikia eta nahiko berankorra baita". "Hala ere, nire ikerketak agerian utzi du sintaxi historikoa lantzeko nahiko material badugula. Hizkuntzaren sintaxiaren hainbat alderdi ez dira XVI. mendeaz geroztik aldatu, baina egitura askoren forma eta erabilera ez dira berberak gaur eta duela mende batzuk", esan du.

Ikertzailearen hitzetan, "munduko beste hizkuntza txiki batzuekin alderatuta, euskara askoz ere gehiago ikertu da, baina badago oraindik zer ikertu. Corpusa txikia izan arren, ez dugu oraindik ongi ezagutzen, eta aukera ematen du ikerketa gehiago egiteko".

Dorota Krajewskak (1986, Poznan, Polonia) Hizkuntzalaritza ikasi du Adam Mickiewicz Unibertsitatean, Polonian, eta Hizkuntzalaritza masterra egin du EHUn. "Euskararen sintaxi diakronikorantz: egitura konplexuak" izeneko nazioarteko tesia egin du, euskaraz eta ingelesez, Joseba A. Lakarra EHUko katedradunaren eta Javier Ormazabal EHUko irakaslearen zuzendaritzapean. Tesia euskaraz egiteko EHUko Euskararen Errektoreordetzaren beka jaso zuen, 2012an.