Kultur ekitaldiek hartuko dute Villabona hilabete honetan

Antzezlanek, musika emanaldiek, opera proiekzioek eta zinema saioek osatzen dute apirileko egitaraua

M.S.S. - 2018(e)ko apirilaren 5a, osteguna - 06:02etan eguneratua

Villabona-Udaberriarekin batera, kultur ekitaldiz beteko da Villabona. Hilabete oparoa dute aurretik billabonatarrek, besteak beste, dokumental proiekzioak, antzerkia eta bestelako ekitaldiak izango dira.

Antzerkiari dagokionez, datorren hilaren 15ean Barro Rojo antzezlana izango da Gurean. Javier Liñera aktorea protagonista duen eta arrakasta handia izaten ari den obra da. Gay izateagatik kontzentrazio-esparru batean eta ondoren gartzelan giltzaperatua egon zen osabaren istorioa kontatzen du.

Antzerkiarekin jarraituz, Patricia Urrutia eta Ander Lipus protagonista dituen Hozkailua obra izango da hilaren 20an Aljibean. Antzezlanaren ostean, Xabier San Sebastian kantariak Zuhaitzak ez du beldurrik bere lana aurkeztuko du.

Haurrentzako antzerkiak ere bere lekua izango du. Hilaren 22an Ali Baba eta 40 lapurrak antzezlan kalsikoa izango da, Anartz Zuazuak zuzendua.

Hilaren 26an Sydneyko badian interpretatutako La Traviata opera proiektatuko dute Gurean. Azkenik, Villabona.dok zikloaren dokumental saioak izango dira eta Santtio zineklubeko proiekzioak ere izango dira, eta hilaren 19an Loatzo musika eskolako eta Usurbilgo Zumarte musika eskolaren elkartruke emanaldia izango da.