Erripan gora

Udaltzainen fama

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 8 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

Azken bolada honetan, hiruzpalau aldiz eragin zaizkie kalteak dozenaka autori Iruñean eta inguruetan. Gauez izaten dira erasoak, kristala hautsi eta barneko gauzak eramateko. Berripaperek gertakari horien berri ematen dute. Segurtasunarekin loturiko bertze zenbait gertakarik, ordea, nekezago ikusten dute argia, baina horrelako albisteak berehala zabaltzen dira bizilagunen artean, toki guztietan izaten baitira denda jendetsuak, auzoko albisteen berri izateko. Ni ibiltzen naizen aldean, behintzat, okindegi bat da albiste-iturri nagusia, bai eta era guztietako zurrumurruen gunea ere. Nor dagoen gaixo, nor hil den, nork erosi duen harako etxabe hura, zer dendak itxiko dituen ateak, zer etxebizitza dagoen alokagai… Lehengoan karrika horretan agertu orduko, solasgai bakarra zebilen ahoz ahoz: gauez, kaleko denda batean sartu ziren lapurretan egitera. Handik gutxira, berehala jakin genuen bitan sartu zirela. Halakoetan, onena okindegira joatea izaten da. Bitan sartu ziren bai;batetik, zerbait eraman zuten;bertzetik, ordea, deus ez;bazterrak pixka bat nahasi baizik ez. Baina bertze bi dendatan ere sartzen saiatu ziren kale berean eta aldamenekoan, huts eginda, ezin izan baitzuten altxatu metalezko pertsiana. Ekintzaren edo saiakeraren munta ikusita, jendea nerbiostuxea. Eta gero, are nerbiostuago, baten batek erran zuenean etxe batean ere sartzen saiatu omen zirela. Azken hori ez zen egia, baina zurrumurrua bolo-bolo zebilen aho-mihi guztietan. “Pare bat dendatan sartu, eta bertze bitan saiatu… Hori ez da minutu batean egiten. Non dabiltza udaltzainak?”. Halakoetan, berehala egiten da Iruñean udaltzainen aipamena, sekulan egoten ez direlakoan beharrezkoa den tokian, “ezta auto pilaketa handiak gertatzen direnean ere”. Orain, giroa baretu da. Udaltzainen gaineko ospe horrek, ordea, bere horretan dirau.