Mendiburu 14ko exekuzio proiektuaren lehiaketa abian

Aurten Oiartzungo Landetxe plazaren itxura berritua ezagutuko da

Aitziber Muga - 2018(e)ko apirilaren 10a, asteartea - 06:03etan eguneratua

Aurreproiektuko maketa, udaletxeko sarreran ikusgai.

Aurreproiektuko maketa, udaletxeko sarreran ikusgai.

Galería Noticia

Aurreproiektuko maketa, udaletxeko sarreran ikusgai.

Oiartzun- Azkeneko Udala Informatzen aldizkarian, Oiartzungo Udalak jakitera eman duenez, Mendiburu 14ko erabilera anitzeko udal eraikinaren proiektua hurrengo fasean sartu da. Hau da, exekuzio proiektua idazteko lehiaketa martxan da. Lan hau esleitzen zaion enpresak Mendiburu 14ko exekuzio proiektua idaztearekin batera, Landetxe plazaren proiektua ere idatzi beharko du.

Landetxe plazak berritzean hartuko duen itxura fase horretan zehaztuko da. Bizilagunekin bilera espezifikoak egin ditu Udalak gaiaren inguruan eta haien ekarpenak aintzat hartuz landuko da plazaren biziberritze proiektua.

Lan honek 185.000 euroko aurrekontua izango du gehienez eta esleitu ondoren, beranduenez lau hilabeteko epean idatzi beharko da. Alegia, 2018a bukatu aurretik Mendiburu 14ko eraikinaren eta Landetxe plazaren proiektu definitiboak idatzita egongo dira.

Udalak gogora ekarri duenez, obra honen abiapuntua Oiartzunen ongi identifikatuta dauden zenbait beharri irtenbidea ematea izan da: Gazte Izanak erretiratuentzako egoitza egokia, irisgarritasun baldintzak betetzen dituena;kultur aretoa;euskalgintza bateratua eta Oiartzun Irratiak estudio txukuna izatea;Gizarte zerbitzuak eta udaletxeko areto nagusiko erabilerak arintzea.

Proiektu potoloa da, Mendiburu 14ko eraikinaren eta Landetxe plaza berritzearen proiektuak lau milioi euroko inbertsioa suposatuko baitu guztira.

Bestalde, Udalak aditzera eman duenez, herritarrekin egindako ekarpen fase batean herritar ba-tzuek eraikinak izango zuen bolumenaren inguruko kezka azaldu zuten. Udalak azterketa topografikoa egin ondoren eraikin berriaren altuera jaitsi daitekeela ondorioztatu du, beraz, aurreproiektuan islatutakoa baino baxuagoa izango da etorkizuneko eraikina.