Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Hasier Etxapare Kareaga ‘tafallako ikastolako ikasle ohia

“Twitter, euskararen edertasuna erakusteko bide egokia izan daiteke”

‘TheJasier’ ezizenaz aritzen da Hasier Twitterren. Berriki, famatua egin zen bertan argitaratutako hari bat medio, non euskarazko adiera batzuk ezagutzera eman zituen.

Mikelats, Jon eta Iker (DBH 4. mailako ikasleak) - Jueves, 12 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Galería Noticia

tafalla- Hasier Etxapare Kareaga Tafallan jaio zen duela 17 urte. Tafallako ikastolan ikasi zuen lehenbizi;ondoren, Iruñeko Alaitz institutura joan zen eta gaur egun Gasteizen Ingeles Filologia egiten ari da. Olerkiak idaztea gustukoa du eta heavy musika entzutea.

TheJasier da Twitterren erabiltzen duen izengoitia. Duela gutxi sare horretan famatua egin zen argitaratutako hari batengatik. Bertan euskarazko hainbat hitzen esanahi etimologikoa plazaratu eta izugarrizko arrakasta lortu zuen, hemen eta atzerrian.

Hitzak, besteak beste, honakoak ziren: saguzahar, ortzadar, suhiltzaile, ilargi, otsail, amona, hilerri, basamortu... Bere azalpenak honako esapide honekin bukatzen zituen: And I think that’s beautiful(eta ederra dela uste dut). Argitaratu zuen lehenengo txioak 8000 atsegite izan zituen eta 15.000 elkarbanatze baino gehiago.

Hasierrek euskararen xarma, misterio eta edertasunarekin bat baino gehiago ahoa bete hortz utzi zuen.

Adibidez: “En euskera no decimos luna, decimos ilargi, que más o menos se traduce comoluz de los muertos, and I think that’s beautiful”. Edo beste hau: “En euskera no decimos febrero, decimos otsaila, que más o menos se traduce como mes de los lobos, and I think that’s beautiful.

Nola bururatu zitzaizun horrelako gauza bat egitea?

-Ez nuen asko pentsatu, bat-batean etorritako ideia bat izan zen. Hasiera batean soilik lehenbiziko mezua bota nuen, nire bikotea zenari laztana esan ohi niolako eta hitzaren indar poetikoaz ohartu nintzelako. Haria luzatuz joan nintzen egun osoan zehar, ideiak banan-banan pentsatuz eta gehituz. Hizkuntzarekin jolasteagatik egin nuen, ez nuen arrakasta hau batere espero.

Zer pentsatu zenuen haria hain famatua egiten ari zela ikustean?

-Hasiera batean pixka bat beldurtu nintzen, egun batetik bestera jarraitzaile ugari lortu nituelako, eta sare sozialetan arduraz ibili behar zara gizatalde handi baten gainean eragina izan behar baduzu. Baina uste dut gauza onetarako erabili dezakedala eragin hau, eta ospe pixka bat izatea oso lagungarria izan daiteke etorkizunean nire olerkaritza-lanak argitaratzeko eta hizkuntzalaritzaren munduan toki bat lortzeko.

Zer da hariekin lortu nahi duzuna?

-Nire Twitter kontuak oso helburu zehatza eta garbia du: nik ondo pasatzea. Aisialdirako tresna bat besterik ez da, ez da inoiz nire lanen ardatza izango. Hari hauen helburua nire gozamena da. Baina uste dut hizkuntzarekin jolasteko grazia pixka bat dudala, eta, ondo lantzen baditut, hari hauek hizkuntzen eta euskal kulturaren edertasuna jendeari erakusteko bidea izan daitezkeela. Nire frikitasuna zabaltzea lortzen badut eta euskararen gainean dauden estigmak pixka bat garbitzea lortzen badut, irabazi handi bat izango da niretzat.

Beste haririk ba al daukazu?

-Bai. Euskal abizenen inguruko haria da famatuena. 154 euskal abizen aztertzen ditut haien esanahien bila, eta hausnarketa txiki batekin laguntzen dut haria, abizenek erakusten dizkiguten datu soziologiko interesgarriak aztertzera animatuz. Gero zenbait hari txikiago ditut, pelikulei (Watchmen, Johnny got his gun…) edo gai historikoei (La teja de medianoche…) buruzkoak.

Norbaiten laguntza jaso al duzu edo zuk bakarrik egin dituzu?

-Ez dut laguntzarik jaso. Bilaketak egin ditut liburuetan edo interneten, baina agertzen diren ideia eta lan gehienak nireak dira.

Beste proiekturik al duzu?

-Bai, proiektu pila bat! Azken finean oso gaztea naiz eta kuriositate ugari ditut filologiaren, hizkuntzalaritzaren eta arteen munduan. Esate baterako, asko gustatuko litzaidake egunen batean nire olerkien liburua argitaratzea, jada bi bilduma ditut prest, eta hirugarren bat martxan dago.

Beste hizkuntzaren bat dakizu?

-Gazteleraz eta euskaraz gainera, ingeles-maila on bat daukat, C2 bat, Cambridge akademiarekin lortua. Horrez gain, alemaniera ikasten ibili naiz, eta latinera eta grekera asko gustatzen zitzaizkidan Batxilergoan.

Ez da famarekin kontaktua izan duzun lehenengo aldia, “Ahora caigo” programan atera zinen. Nolakoa izan zen esperientzia?

-Egia esan, ez dakit horrenbesterako den. Ez nintzen ospetsua egin, bakarrik esperientzia desberdin bat izan zen, telebistaren mundua pixka bat ezagutzeko aukera bat. Ondo dago gauza horiek nola fun-tzionatzen duten jakitea, baina egia esan hango giroa ez zitzaidan gehiegi gustatu. Programaren gidoia guztiz prestatua zegoen eta parte hartzaileak produktuak bezala tratatzen ziren.

las claves

“Euskararen inguruan dauden estigmak pixka bat garbitzea lortzen badut, irabazi handi bat izango da niretzat”

“Egunen batean nire olerkien liburua argitaratzea gustatuko litzadake. Dagoeneko bi prest ditut eta hirugarrena martxan”

Herramientas de Contenido