Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Eneko Sagardoy | aktorea

“Heriotzaren aurrean, negar edo barre egitea oso hurbil dauden bi jarrera dira”

Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga aktoreek Jon Ander Alonsok zuzendutako ‘Heriotza bikoitza’ antzezlana oholtzaratuko dute gaur, Barañainen

Miren Mindegia - Viernes, 13 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Eneko Sagardoy aktorea, Donostian.

Eneko Sagardoy aktorea, Donostian. (RUBÉN PLAZA)

Galería Noticia

  • Eneko Sagardoy aktorea, Donostian.

IRUÑEA.- Heriotza eta gero, zer? Atzera bueltako bidaiarik ba ote? Bertze zerbaitetan bilakatzeko biderik? Edo hutsa, bertzerik ez? Galdera sakon ugari proposatu eta erantzun borobilik ematen ez duen obra da Heriotza bikoitza, gaur arratsaldeko 20.30ean Barañaingo Auditorioan eskainiko dena. Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga aktoreak izango dira oholtzatik gaiari aurre eginen diotenak, beretik jorratutako gidoia jarraituz. Sakontasun handiko gaia izanda ere, dramatismo hutsaletik ihes egin eta umoretik aunitz duen obra dela azpimarratzen du aktoreak.

Heriotza du ardatz nagusi gaur aurkeztuko duzuen lan honek. Gai gogorra, dudarik gabe... Zer nolako obra da?

-Oso obra bizigarria da. Gogoa geneukan heriotzaren gaiari ekiteko, tabu bat delako. Gaira hurbildu nahi genuen, desitxuratu, gure galderak eta gure beldurrak oholtza gainera eraman, guzti hori ikusleari erakutsi. Ez dugu sentitzen egia osoa daukagunik, baina galdera potoloak bageneukan. Guzti horren inguruan genituen pentsamenduak oholtzara eraman ditugu.

Dramaturgiaren sorkuntza prozesuan zuzeneko parte-hartzea izan duzue denek. Nolakoa izan da prozesu hori?

-Sorkuntza kolektiboa izan da oso osorik. Alde batetik Jon Ander Alonsok, obraren zuzendariak, jarri zuen lehenengo hazia. Beste alde batetik, Zazpi T’erdiko kideek ikusentzunezko materiala sortu dute eta Miren eta ni oholtzan gaude. Dramaturgiatik eta zuzendaritzatik kontzeptu batzuk eman zizkiguten eta horren gainean jolastu genuen, bai guk bai ikus-entzuezko sortzaileek. Inprobisazioetatik material pila bat atera genuen. Lan zailena, guzti hori galbae batetik pasatzea eta erakutsi nahi genuena zer zen erabakitzea izan zen .

Biluzte prozesu hori gogorra suertatu zaizu?

-Prozesua zaila izan da: asko eztabaidatu genuen, aukera asko zeuden... Fikzioaren eta errealitatearen artean non kokatu ere ez genekien. Guzti hori deskubritu behar izan dugu. Intentsoa izan da eta, aldi berean, oso aberasgarria. Obra bat neure sentitzeko gogoa ere baneukan.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko aukeraketa horretan, erdiko bidea hartu duzue azkenean. Errealitateari dagokionez, ikus-en-tzunezko formatuan hainbat testigantza erakusten dituzue oholtza gainean, ezta?

-Bai, testigantza horiek heriotza benetan bizi izan duten jendearenak dira, klinikoki hilda egon diren pertsona batzuenak. Beraiei ahotsa eman nahi genien. Beste alde batetik, Miren eta biok gaude oholtzan, batzutan pariodatuta, beste batzutan guztiz fikzionatuta, baina gu geu gara. Gure izaera, kalean garenarekiko nahiko zin-tzoa da. Niretzat, eremu berri bat izan da, zaila... Oso biluzik sentitzen zarelako. Baina era berean, igartzen duzu badagoela zerbait publikoarekin berehala konektatzen duena, ez dagoela ezer gehigarririk.

Nola erreakzionatzen du ikusleak biluztasun horren aurrean?

-Ondo, gure izaeratik tratatzen dugulako gaia. Eta gure izaerak badauka asko umore absurdotik eta umore beltzetik. Superfizialak izan gabe, izan ere, hori ere bazen arrisku bat. Esan dezakegu obrak, oro har, baduela umore ukitu bat. Jolasaren bitartez asko erakusten dugu, elkarrizketaren bitartez ere... Ez da batere dramatikoa, zentzu horretan. Gaia bada dramatikoa, proposatzen ditugun galderak ere bai, baina zaurian sakontze absurdo bat izango zen gu dramatismo horretan murgilduko bagina. Modu osasuntsu batean eta arinkerian erori gabe, beste emozio batzuk sortu nahi izan ditugu heriotzari buruz hitz egiteko.

Umorearen estrategia horrelako gaietan beharrezkoa dela iruditzen zaizu?

-Bai, baina gure kasuan oso modu naturalean eman da. Ez da izan: “Hau oso gogorra da eta, orduan, barre egin behar dute”. Agian tabutik eta beldurretik asko geneukalako, inprobisazioetan umoretik asko atera zitzaigun. Eta, zergatik ez horrela erakutsi publikoari? Heriotzaren aurrean negar edo barre egin, nahiko hurbil dauden bi jarrera direla ohartu gara.

Oholtza gainean bi pertsonaia zaudete aurrez-aurre. Zer nolako harremana dago zuen artean?

-Miren eta Eneko aktoreak daude hor, Miren eta Eneko pertsonekin. Mirenek alde espiritualagoa jorratzen du eta nik eszeptikoagoa. Horrela izan ohi da. Konfidantza handia duten bi pertsona ikusiko ditu publikoak, oso ondo ulertzen diotenak elkarri, eztabaidatzen dutenak, elkarrekin jolasten dutenak... Nik uste hori plazera dela publikoarentzat, hala helarazi digute behintzat. Badauka zerbait publikoa harrapatzen duena: bi aktore, euren kezka eta kontraesan handiekin.

Eszenografiari dagokionez ere, soiltasunaren aldeko apustua egin duzue.

-Bai, guztiz. Kutxa bat daukagu hainbat gauzetarako balio diguna: hilkutxa da, hozkailua, lurpea... Heriotzari buruz hitz egitera goazenean eta kodigo hain naturalizatu batean jokatzerakoan, oholtza nahiko hustua egotearen ideia gustatu zitzaigun.

Orain arteko emanaldietan zer nolako harrera izan du Heriotza bikoitza-k?

-Ezin hobea. Jendea beldurtuta etor-tzen da, heriotzaz aritzerakoan tristura aurkitzea espero duelako, baina ez da horrela, inolaz ere. Dudarik gabe sakontasuna badauka, baina beste bide batzuetatik erakusten dugu hori. Jendea oso gustura irten da, barre asko eginda.

las claves

‘heriotza bikoitza’

Gaur, 20.30ean. Sarrerak 8 eta 10 eurotan, Barañaingo Auditorioan.

Fitxa teknikoa. Ze Onda An-tzerki Taldea. Kontzeptua eta zuzendaritza, Jon Ander Alonso;dramaturgia, Mikel Zumeta;eszenografia, Álvaro Ledesma;an-tzezleak, Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy;musika, Paula Olaz;jantziak, Ane Urtizberea;ikus-entzunezkoak, Zazpi T’erdi.

Bihar, ‘Go!azen’. Musikal ospetsuaren pase bikoitza eskainiko da bihar Barañainen.

Herramientas de Contenido