bitxikeriak

Tangoaren ahotsa

Mitoa Gardel eta tangoa eskutik doazen bi izen dira. Bere ekarpenak argentinako musika nazioartera eraman zuen, arrakasta esanguratsua lortuz.

Viernes, 13 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Carlos Gardel. d.n.

Carlos Gardel. d.n.

Galería Noticia

Carlos Gardel. d.n.

Diario de Noticias

Oso ezagunak diren pertsonaiekin gertatu ohi den moduan, Carlos Gardelen biografia legendaz josita dago, eta bere fama ez da murriztu denboraren poderioz ere. Urte luzez, ohikoa zen bere hilobira hurbiltzen ziren erromesak ikustea, osasuna eta lana eskatzeko;Argentinan, “Gardel da” adierak “ez du parekorik” esan nahi du oraindik ere.

Bere haurtzaroa ez zen erraza izan, arrakasta lortzen dute artista ugariren kasuan gertatzen den bezala. Bere joera, txikitatik, tangora bideratu zen eta letradun tangoak landu zituen lehenengoetarikoa izan zen. Izan ere, ordura arte tangoa musika konposaketetan oinarritzen zen batez ere, eta garapen une batean aurkitzen zen Gardel arlo honetan murgiltzen zenean. Musika alaia zen (bi bider lauko konpas kubatarrean oinarrituta), eta Buenos Aireseko besta herrikoietan dantzatu ohi zen gehienbat. Gardelen eskutik, tonu sakonagoa hartu zuen, nostalgia eta tristura gehituz. Hala, argentinarrek gogoz hartu zuten tangoaren adiera berri hau, eta Gardelen eskutik nazioarterako jauzia ematea lortu zuen.

Eguneroko dramak kantatzen zituen bere tangoetan, eta iraultza bat ekarri zuen musika arlo honetara. Oraindik ere, ez da Gardelen kantaera imitatzeko gai denik egon, ezta bere abestietako pertsonaiak azaleratzeko gaitasuna izan duenik ere. Izaera adeitsuko artista zen, bihurri zantzua ere bazuena. Bere janzkera eta orrazkera dotorea zen, eta askorentzat moda ereduan bilakatu zen. Itxura horren gainetik, Gardel gizon iluna eta sakona zen bere bizitza pribatuan, tristea maiz, biktima erraza beste askotan. Behin baino gehiagotan aitortu zuen bezala, ez zen sekula maitemindu: “Emakume guztiek merezi dute berekin maitemintzea, eta horietako bakar bat aukeratzea beste guztiak mespretxatzea litzateke”.

1935eko ekainaren 24ean, bere ospearen gorenean zegoenean, sekula argitu ez den hegazkin istripu batean hil zen. Bere jarraitzaileek, oraindik ere, bere heriotza hurbil sentitzen dute.

Istripu misteriotsua

Gardel Bogotatik Calira bidaiatzen ari zen Saco konpainiaren F-31 hegazkin batean. Medellinen egindako eskalaren ondoren, hegazkina pistatik aireratu berri zenean, lurrera erori zen, pista berean zegoen beste hegazki alemaniar batekin talka eginez. Istripua misterio bat izan zen. Zurrumurren arabera, Garldelek eta beste bidaide batek eztabaida gogor bat izan zuten elkarren artean, eta hegazkineko pilotua liskar horren biktima izan zen. Baina hegaldi horretako beste bidaiarien testiguen arabera, istripuaren arrazoi nagusia egun hartan egiten zuen haize gogorra izan zen. Haize bortitz horren ondorioz, pilotuak hegaldiaren kontrola galduko zuen aireratu ahala. Istripuaren misterioaren eskutik, Gardelek bezala abesten zuen artista misteriotsu baten mitoa sortuko zen ondoren. Askoren iritziz, abeslaria bizirik atera omen zen istripu hartatik.

Abeslari bat baino gehiago.Musikagile, abeslari eta zinema aktorea izan zen, 1923an argentinar herritartasuna hartu zuena. Tangoa ezagutarazi zuen mundu guztian. El Zorzal Criollo, El Morocho del Abasto, El Mago, El Rey del Tango eta El Mudo ezizenak hartu zituen.

Musikagile nekaezina.792 abesti grabatu zituen;tangoez gain, milongak, zambak, rancherak, tonadak... eta baita fox-trotak eta pasodobleak ere.

Filmak.Flor de durazno (1917),

Encuadre de canciones (1930), Las luces de Buenos Aires (1931), Esperáme (1932), La casa es seria (1932), Melodía de arrabal (1932), Cuesta abajo (1934), El Tango de Broadway (1934), Cazadores de estrellas (1935), El día en que me quieras (1935) eta Tango bar (1935).