Euskaraldia antolatzeko bilera eginen dute Beran

Apirilaren 17an, asteartean 9.30ean eginen da lanerako bilera Beralandetan

Viernes, 13 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:02h

bera- Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri izanen ditu. Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izanen da 2018ko azaroa eta abendua bitartean eginen den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren helburua. Bertzetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guzietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izanen da helburua.

Euskaraldia Beran antolatzeko talde bat hasia da lanean, martxoaren 23an bortziritarrekin Toki Ona institutuan egindako bileran osatu baitzen batzordea. Lanak antolatzeko tenorea da orain, eta taldea zabaltzeko beharra azpimarratu dute. Horretarako, lehenbiziko bileran parte hartzera deitu dituzte Berako euskaltzale guztiak. Hitzordua heldu den apirilaren 17an izanen da, asteartearekin, 19:30ean, Beralandetan.

11 egun euskarazAktibazioak martxan paratzea erran nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz solas egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna dutenek euskara erabil dezaten lortu nahi dutelako.

Hamaika egun horietan, 16 urtetik goitiko herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dituzte. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Ekimena Euskal Herri osoan eginen da, baina, tokian tokiko euskaltzaleak izanen dira dinamiken sustatzaileak, eta inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izanen da. - A.A.A.