Erripan gora

Desio bat

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 29 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

Eguzkia hodeiei nagusitu zitzaien eguerdirako. Iparra zebilen. Hiriko eta erreka bazterreko zuhaitz gehienak ederki hostaturik. Hiri inguruko alorretan, zinez ikusgarria koltza-soroen horia. Hamar eguneko eguzkialdiaren ondotik, dena panpox. Arnasteko moduko eguna, itxuraz. Goiznabarretik, ordea, halako kezka itogarri bat suma zitekeen airean, aurreko egunetan bezalaxe. Bezperan, bazebilen zurrumurru bat ahoz aho, ortzegun eguerdi beranduan juezak guztiz baieztatu zuena. Ia ordu berean, sekulako prediku larria botatzen ari zen fiskal bat hemendik laurehun kilometrora baino gehiagora gazte altsasuarren aurka. Epaiaren ondotik, hamaika txio. Horietako batean proposamena: “Ez gaitezen emakumeok Sanferminetara joan”. Berehala jaso zuen erantzuna. Hori atzera egitea litzateke. Bihurtu hemengo festak horrelako ankerkerien kontrako gotorleku. Sanferminak, eta festa, ospakizun eta ekitaldiak oro, hangoak eta hemengoak, eta urte osokoak. Eta eguneroko bizitza ere bai. Arratsaldean, aise bete zen Udaletxe plaza;aise ere inguruko karrikak. Gaztelu plazako terrazak ere jendez mukuru, gizon-emakume aunitzek Txapitelan beheiti egiten zuten bitartean. Udaletxe plazakoa bukatutakoan, Txapitelan goiti egin, eta terrazek jendetsu zirauten. Nonbait, epaiak ez zituen herritar horiek behar hainbat hunkitu. Bart ere, jendeketa gaitza, suminaren erakusgarri, martxoaren 8an eta apirilaren 14an bezalaxe. Manifestazio urtea gertatzen ari baita, atakaren larriak eraginda. Atzokoan jende artean aditutakoen artean, ea zergatik ez diren ateratzen argazkietan erasotzaile guardia zibila eta militarra laneko jantziekin, eta zergatik segitu behar duten kobratzen soldataren hiru laurdenak. Eta desio bat, horrelako manifestaziorik egin behar ez izatea Iruñeko karriketan datozen hilabeteetan bertze epai batzuen karira.