Nafarroako ekonomiak % 3,3ko urtetik urterako hazkundea izan du, Estatukoak baino lau hamarren handiagoa

NAVARRA.ES - Lunes, 30 de Abril de 2018 - Actualizado a las 13:24h

Nafarroako Barne Produktu Gordina (BPGd) % 1,0 hazi da 2018ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoko datua hiru hamarretan hobetuz, Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik ostiral honetan jakinarazi duenez. Haren esanetan, datu honek “Nafarroako jarduera ekonomikoa irmo eta sendo mantentzen dela berresten du, Estatuan zein nazioartean nagusitu den dinamismoaren harira”. Nafarroako hazkundeari buruzko datu hau Estatu osorako landutako estimazioen (% 0,7 hiruhilekorako eta % 2,9 urtetik urterako hazkundeari dagokionez) gainetik ere kokatu da.

Urteko lehenengo seihilekoan, Gizarte Segurantzako afiliazioarekin batera, kontsumoari buruzko adierazlea nagusitu da, txikizkako merkataritza eta zerbitzuen negozio-kopurua islatzen duen adierazlea baita, nahiz eta otsailean adierazle honen hazkudea moteldu den. Ayerdiren esanetan, ekoizpen industrialari eta esportazioei buruzko urteko lehendabiko kopuruek nekazaritzako elikadura-industriaren, metalurgiaren eta sasimanufakturen trakzio-eragina bistaratzen dute;halakoxea izan da kimikaren kasua, jarduera industrialaren tonua mantentzen lagundu duena. Automobilgintzari dagokionez, ekoizpen-erritmo normalagoak berreskuratzeko joera nabarmendu du, eta VWeko lan-egutegien eta fabrikazio-helburuen arabera, horren eragina apiriletik aurrera sumatzen hasiko da.

Enplegua oso dinamikoa da adar gehienetan, baina industria da Nafarroa hazkunderik handieneko komunitateen artean kokatzen ari den sektorea, izan ere, hiruhileko honetan afiliatu direnen artean, hirutik bat sektore honetakoa da.

Hazkunde-aurreikuspena hobetzeko aukera

Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak ziurtatu duenez, badira aurten ezarri den % 2,7ko hazkunde-aurreikuspena hobetzeko moduko arrazoiak. BBVAk gorantz zuzendu berri du autonomia-erkidegoek datozen bi urteotan izango duten hazkundearen aurreikuspena, eta Nafarroaren kasuan, goranzko zuzenketa hori 0,2 puntukoa da aurtengo ekitaldiko hazkundeari dagokionez, % 2,8tik % 3ra igaroz, Estatu osorako aurreikusitako hazkundea baino hamarren bat gehiago. BBVAren arabera, gauzak ez dira bakarrik aurten ongi ibiliko;horrekin batera, 2019rako aurreikuspenak ere hobetu ditu, bereziki Nafarroari dagokionez, aurreikuspenak gehien hobetu dituzten eskualdeen artean kokatuz.

Azkenik, Ayerdik argi utzi du, gertuko etorkizun ekonomikoari lotutako aurreikuspen onen gainetik, “agertoki hori arriskuan jar dezaketen arriskuguneak eta zalantzaguneak daudela, erakunde guztiek ia aho batez adierazi dutenez”. Horien artean, baldintza monetarioak gogortuko diren beldurra edota AEBen eta Txinaren arteko tentsio komertzial eta geopolitiko gero eta handiagoak aipatu ditu, kanpora irekita dagoen Nafarroako ekonomiaren gaineko inpaktuari loturiko aldagaien kaltekoak izan daitezkeen ustetan.