Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Nafarroa osoa elkarturik, Baigorrin

Nafarroako Egunaren 40. edizioan, ekimenaren sortzaileak eta Altsasuko gazteak gogoan izan zituzten antolatzaileek

Lunes, 30 de Abril de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Nafarroa osoa elkarturik, Baigorrin.

Nafarroa osoa elkarturik, Baigorrin. (ONDIKOL)

Galería Noticia

Nafarroa osoa elkarturik, Baigorrin.

Ehunka lagun elkartu ziren atzo Baigorrin, urtez urte gero eta jende gehiago biltzen dituen Nafarroaren Eguna ospatzeko. Berrogehigarren edizioa izanda, urteurren berezia zuen ipar eta hego Nafarroaren elkartasuna erakustea helburu duen bestak, eta merezitako moduan ospatu zuten Euskal Herri osotik bertaratu ziren guztiek. Basaizea elkarteak, bestaren antolatzaileak, ekimena zertarako sortu zen gogoratu zuen: "Mugarik gabeko Nafarroa baten zizelkatzeko, eta bide beretik, Euskal Herri batu bat eraikitzeko". Hala, tradizioa, folklorea eta, nola ez, euskera izan zituen ardatz nagusi bestak. Eguraldia lagun izan zen egun osoan zehar, euria mehatxu bazen ere.

1978-2018 lemapean, goizean goizik ekin zitzaion egun handiari, 08.00etatik 11.00tara luzatu zen eta Txakatuk taldeak alaitu zuen askariarekin. Halaber, artisau merkatua eta euskal makil borroka erakustaldiaz gozatzeko parada izan zuten bertaratu zirenek. Gaineko plazan, folklore erakustaldi ederra eskaini zen ondoren: dantza taldeak (Altsasuko Etorkizuna, Donapaleuko Burgaintzi eta Baztango dantza taldea), erraldoiak (Baigorri, Elizondo eta Donapaleukoak), txarangak (Kuxkuxtu, Ezpela eta Uztaritzeko txaranga), gaiteroak, txistulariak, trikitilariak...

Goiz erdian ospatu zen desfile tradizionalean izan zuen egunak bere une gorena, ordu horretarako jendez beteta baitzegoen Baigorri. Jende ezagunaren artean, hego Nafarroako arlo politikoko ordezkarietako batzuk ikusi ahal izan ziren, María Solana Hezkuntza kontseilaria edo Floren Aoiz politikaria erraterako.

"1978an egin zuen bere lehen agerraldia Nafarroaren Eguna ekitaldiak", gogoratu zuten antolatzaileek, desfilearen akabailan, jendez gainezka zegoen Baigorriko plazan. "Gaur, lehen antolatzaileak omendu nahi genituzke. Denboran haiek erein zituzten haziak loratu dira. Xedeak zituzten, euskararen erabilpena sustatu, euskal kultura hedatu eta Euskal Herri batu bat eraiki".

Basaizeko kideek, halaber, Altsasuko gazteen prozesua gogoan izan zuten egun berezi honetan, eta Altsasuko Gurasoenganako elkartasuna agertu, horrelako gertakariak bake prozesuaren kontra jo-tzen dutela azpimarratuz. "Injustizia honen aitzinean, bakoitza izan gaitezen euri tanta, denak elkartuz uhin baten sortzeko eta gertakari honi aterabidea emateko".

Eguerdian, 1200 lagun ingururentzako bazkari herrikoia eman zen Ezpela, Uztaritze eta Kuxkuxtu txarangen animazioarekin, eta arratsaldean aitzinera jarraitu zuen bestak. Haurrek, Irrien Lagunekin gozatzeko parada izan zuten eta, Herriko Etxearen atarian, Niarawa batukadak, Bokale Brass Bandek eta Jaia Txarangak eguna alaitu zuten euren musikarekin. Plazan, dantza erakustaldiaz gain, hainbat kontzertu eskaini ziren arratsalde partean (Kiki Bordatxo, Zezenaren taldea, Tximberos karaokea, Kuartz eta Anita Parker) eta TirriyTery-ren musika pintxaldiarekin eman zitzaion akabera bestari, goizeko ordu txikietan.