Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-en parte-hartzearekin egindako proiektu batek prestakuntza ematen du teknologia berrien bidez etxeko laguntza emateko gaitasunak eskuratzeko

UNAVARRA.ES - Lunes, 30 de Abril de 2018 - Actualizado a las 13:26h

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) “AT HOME” izeneko Europako proiektu batean parte hartzen ari da. Proiektuak teknologia berrien bidez etxeko laguntza emateko oinarrizko gaitasunak eskuratzea du ardatz, eta NUPen garatutako “Physiotherapy-training and re-habilitation” (PETRHA) izeneko beste baten jarraipena da. 52.195 euro jaso ditu Europar Batasunaren Erasmus + proiektuen azken deialdian, eta, hortaz, 321.085 euroko aurrekontua edukiko du guztira. Horrez gain, ekimenean lau herritako instituzioek eta Nafarroako bost udalek parte hartzen dute. “AT HOME” proiektuaren proposamena hiru pertsona talderi zuzenduta dago, beren gaitasunak hobe ditzaten: jardunean dauden gizarte-langileei, etxeko laguntzaren arlora bideratuta dauden lan-eskatzaileei eta osasunarekin eta gizarte-zientziekin lotutako prestakuntza jasotzen duten ikasleei (gizarte-langileak, ergoterapeutak, Erizaintzako tituludunak edo fisioterapeutak, besteak beste). “Profesionalen kasuan, titulazio bat lortzeko, ezinbestekoa da gaitasun jakin batzuk eskuratzea, hala nola lantalde bati prestakuntza, informazioa edo adorea emateko gaitasuna.

Prestakuntzarik gabeko pertsonen kasuan, oinarrizko gaitasunen inguruko trebakuntza ematea da helburua, ondoko prestakuntzaren edozer bidetatik jarraitzeko lehen urrats gisa”, adierazi du María Ortega Moneo NUPeko proiektuaren koordinatzaile eta Zientzien Fakultateko irakasleak. Institut Régional de Formation Sanitaire et Sociale Aquitaine (IRFSS) institutuak koordinatzen du “AT HOME” proiektua, eta Frantzia, Belgika, Portugal eta Espainiako instituzio kide batzuek ere parte hartzen dute: Association de Maintien et de Soins à Domicile de la Haute Gironde (Frantzia), Pour la Solidarité (Belgika), Instituto Politecnico do Porto (Portugal), Obra Diocesana de Promoçao Social (Portugal) eta Collectif Formation Société (Belgika). Nafarroan, NUPez bestalde, Iruñea, Tutera, Tafalla, Azkoien eta Alloko udalek ere parte hartzen dute. “AT HOME” proiektuaren beste helburu bat da, halaber, familia- eta/edo gizarte-langileei aukera ematea proiektuan diharduten herrialde guztietan transferigarria den prestakuntza bat jasotzeko, eta etxeko laguntzan parte hartzen dutenen arteko elkarrekintza eta lankidetza garatzeko.

“AT HOME” proiektuaren hartzaileak eta teknologia berrien erabilera

Gaitasunak eskuratzeko beharrari erantzuna emateko, “AT HOME” proiektuak erabilera libreko teknologia berrietan jartzen du arreta. Hain zuzen, egitasmoen artean, Europa mailako etxeko laguntzaren lanbidea aurkezteko bideo bat egingo dute, lan horren balioa handitzeko eta erakargarri bihurtzeko;MOOC batzuk (“on-line” prestakuntza-ikastaroak, unibertsitateetatik emanak) ere antolatuko dituzte, oinarrizko zehar-gaitasunak eskuratu ahal izateko, senide langileen eguneroko egoeretan lagunduta;eta, azkenik, mugikorrerako aplikazio bat diseinatuko dute, senide langile horien eskura jartzeko, laguntzan esku hartzen duten guztiek erabili ahal dezatela lortzeko helburuz, ikuskapen hobea bermatze aldera. Beren irakasleen tutoretzapean, hiru herrialdeetan osasun-zientziekin eta gizarte-zientziekin lotutako prestakuntza jasotzen duten ikasleek jatorrizko instituzio edo unibertsitate bakoitzean agertokiak prestatuko dituzte senide langileen eta horiek etxeko lanetan daukaten esperientziaren inguruko hiru baliabide informatiko horietarako, baterako prestakuntza-jardueren esparruan.

“Lankidetza honek aukera eman behar dio norberari, gaitasun profesionaletatik haratago, gaitasun sozialak eta pertsonalak garatzeko, bai eta taldean lan egiten ikasteko eta Europako herritar aktibo bilakatzeko ere”, adierazi du María Ortegak. Proiektuan parte hartzen duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldeko kideak hauek dira: Osasun Zientzien Fakultatearen aldetik, aurretik aipatutako koordinatzaileaz gain, Roberto Aguado Jiménez Fakultateko dekanoa, Mikel Izquierdo Redín katedradun eta Osasun Zientzien Saileko zuzendaria, eta Alazne Antón Olóriz, Ana María Ibáñez Pegenaute, Ana Insausti Serrano, Raquel Sáenz Mendía, Leticia San Martín Rodríguez eta Nelia Soto Ruiz irakasleak. Nazioartekotzerako eta Lankidetzarako Atalaren aldetik, aldiz, taldea osatzen dute Begoña Ballaz Torresek eta Nieves Iturria Ayerrak. Halaber, NUPeko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiak ere esku hartzen du.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia