Mugatik

Dinosauroa

Por Aingeru Epaltza - Martes, 1 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

2011tik hona, Monterrosoren ipuinean bezala gertatu zaigu ETArekin. Noizbehinka, taldeak adierazpenen bat egin behar izan du, atzartzean oroit gintezen dinosauroa oraindik hor zela. Hor zela, baina hor zegoela. Egon, aditzaren adierarik euskaldunean: egoki, eta ez ariki. Eskerrak. Zergatik hainbertze denbora behin betiko su-etena iragarri zuenetik guztiz aienatu arte? Beharbada norbaitek azaldu izan du, eta ez gara behar bezain erne ibili. Ortziraletik aitzina, ETA egotetik geldituko da, eta izateari utziko. Erakundea elurra udaberrian bezala desagertuko zela iragarri zuen Jexux Egigurenek. “Egun batean leihoa irekiko dugu eta jadanik ez dagoela ohartuko gara”, azaldu zuen PSEko lehendakari ohiak. Itxuraz, hala gerta ez dakion antolatu da ortziralekoa. ETAren desagerpen edo “desmobilizazioak” -hiztegi ofiziala erabiltze aldera- data eta ordu zehatzak izanen ditu, historia liburuetarako sarbide. Eszenifikazioak, bertzalde, borondatezkotasun kutsu bat izanen du, eta horrek kontsolamendu mezu bat igorriko die azken mendi erdian borroka armatua bihotz eta arima sostengatu duten zaleei: “nahi dugulako goaz hemendik, ez inork bidalita”. Pox urri horrek bere apurra eginen du haien derrota eztitzen, eta kontrarioen garaipena mingosten. Madrilgo hedabideen ohiko espantuek sendotuko dute sentsazioen mundu hori. ETAk heldu den hiru egunen buruan joko du bere azkena, baina herri honetako gehien-gehienak aspaldi ari ginen ETArik gabe bizitzen. Aunitzek jakinaren gainean praktikatu dugu ahanztura, hain presa handia baikenuen bortizkeriaren orria pasatzeko. Politikan eta harreman pertsonaletan ez dugu guti irabazi horri esker. Bazterrean utzi ditugu, ordea, zenbait kontu. Larunbatean, biktimak hor izanen dira oraindik, berotasun eske. Eta presoak, gaur bezain urrun. Eta berradiskidetzea, oraino egiteko.