vecinos

Banesa San Juan, emakumea gidari rallyrik bizkorrenetan

Banesa San Juan Bakero beratarra lehen emakume pilotoa izanen da Ford Focus Kopan

Duela 15 urte kopiloto izan zen, baina orain bolantea hartuko du, ondoan Miguel Iraizoz duela

Aitor Arotzena - Martes, 1 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Banesa San Juan Bakero gidaria, Ford Focus autoarekin. Lehen emakume gidaria izanen da Vasco-Navarro RAC Kopan.

Banesa San Juan Bakero gidaria, Ford Focus autoarekin. Lehen emakume gidaria izanen da Vasco-Navarro RAC Kopan. (UTZITAKOA)

Galería Noticia

Banesa San Juan Bakero gidaria, Ford Focus autoarekin. Lehen emakume gidaria izanen da Vasco-Navarro RAC Kopan.

“Nire lehen helburua ikastea da eta maite dudan kirol honetaz ahal dena gozatzea”

LESAKA- Duela 34 urte Beran sortutako emakumea da Banesa San Juan Bakero. Gaur egun Lesakan bizi da, bi alaben ama da eta 2018ko lur gaineko Vasco-Navarro RAC Ford Focus Kopan parte hartuko du lehen aldiz piloto bezala. Kopa honetan hogei bat autok parte hartuko dute, guztiak ezaugarri berdinak dituztenak. Hain zuzen, auto-gidari moduan rally honetan parte hartuko duen lehen emakumea izanen da.

Bedidanik gogokoa izan du motorraren mundua. Banesa San Juanek aipatu digunez, “aspalditik gustuko izan dudan kirola da. Laguntzaile bezala parte hartu dut aunitzetan eta ikustera ere mugitu izan naiz, harat eta honat. Baina kotxe barrenetik zer esperientzia den probatu nuen lehen aldia 2003. urtean izan zen”.

Baina orduko hartan ez zuen autoaren bolantea hartu. “2003an ibili nintzen lehen aldiz -dio San Juanek-, orain nire senarra den Asier Lekuonarekin. Berekin ibili nintzen, bera gidari eta ni kopiloto lanetan. Citroen Saxo batekin izan zen eta Copa RAC Vasco-Navarro txapelketan parte hartu genuen”.

Bizitzak, ordea, senar-emazteak konpetiziotik urrundu zituen, ez ordea motorraren mundutik, beti probak ikusten, antolaketan laguntzen… eta beti gelditu zitzaion bolantean jarri eta probatzeko gogo hori. Hamabortz urte beranduago, Asier Lekuona Artiga Motor eskuderia kirol taldeko kudeatzailea da eta bi auto ditu modalitate honetan parte hartzeko modukoak. Eta aurten libre gelditu den horietako batean emanen du Banesa San Juanek rallyetako auto bat gidatzeko urratsa. Ondoan, Miguel Iraizoz izanen du kopiloto, Kopa honetan lehendik ere piloto moduan aritutakoa eta hortaz, eskarmentua ere baduena. Lehenbiziko probak eginak ditu eta, asfaltoaren aldean, lur gainean gidatzea berezia dela dio, “autoa jostalaria da, dantza aunitz egiten du lur gainean eta erne ibili behar duzu”. Piloto izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, “ausardia handia eta kopilotoan konfidantza handia izatea” azpimarratu du eta hori bai, “oinak lurrean” edukitzea.

Piloto aritzea ardura berezia ote den galdetuta, erantzuna ez du argi San Juanek: “Ardura, ardura, ez dakit… Baina dagoeneko urduritzen hasia naiz. Ilusio eta gogo aunitzekin eginen dudan gauza da. Niretzako helburu garrantzitsuena ikastea da, beti ere disfrutatuz!”

Ford Focus Koparen barrenen dauden probak hauek dira: Torres del Río (maiatzaren 19an), Obanos (ekainaren 23an), Anue (uztailaren 28an), Autol (abuztuaren 25ean), Nafarroako Zirkuitoa (irailaren 22an) eta Borja (urriaren 21ean). Horietan guztietan parte hartzea espero du San Juanek. “Kopatik aparte bertze proba batzuetan ere parte hartuko dut, esku pixka bat hartzeko: Ausejon larunbat honetan, Autonan, Alfaron eta Aldeanuevan”.

Lehenbiziko esperientzia izaki, ez dio aparteko helbururik jarri bere buruari: “Nire helburua, lehenik eta behin, ikastea da. Maite dudan kirol honetaz, ahalik eta gehien disfrutatzea, eta bertako giroaz gozatzea. Lehen urte honetan karrerak bukatzea lortzen badut, ni pozik!”, dio gidariak. Amets egiten hasita, “noizbait Suediako rallya probatzea gustatuko litzaidake, edozein kotxerekin, han gidatzea handia litzateke”.

Bukatzeko, esker ona adierazi nahi izan die abentura honetan bidelagun izan eta izanen dituenei. “Eskerrak eman laguntzeko beti prest dauden lagunei, aukera hau eman didatenei, Miguel Iraizoz kopilotoari eta, nola ez, beti animatzen hor dagoen nire familari. Eta ahaztu gabe, eskerrak eman ere nire babesleei, laguntzarik ttikiena bada ere, kirol honetan laguntza handia delako”, adierazi digu San Juanek.