‘Enpresaria’ musikalak itxiko du Antzerki Aroa

Mozarten musika duen obra hau lehenengoz euskaratu du Nueva Babel konpainiak

Miren Mindegia - Miércoles, 2 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:01h

iruñea- Nueva Babel antzerki konpainiak itxiko du Iruñeko Udalak, Nafarroako Antzerki Eskolarekin (ENT) batera antolatzen duen Antzerki Aroaren udaberriko zikloa. Enpresaria antzezlana 20.00etan eskainiko da ENT-n eta sarrerak 8 eurotan daude salgai dagoeneko antzokiaren webgunean (www.laescueladeteatro.com), baita aretoko leihatilan bertan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik.

Enpresaria obra, ikuskizun bat sortu eta estreinatzeko soilik lau egun dituzten hiru “diva” aurkezten dizkigu. Hiru izar hauekin batera, baldarregia den idazle bat ere badago. Nola moldatuko da Enpresaria? Gaizki-ulertuek, azpijokoek, kasketaldiek eta kolpe baxu ugarik koloreztatuko dute, Giovanni Battista eta Johann Gottlieb Stephanieren libretoetan oinarrituta dagoen istorio hau. Alejandro Arandaren zuzendaritzarekin, Iker Bengotxea, Mikel Berraondo, Izaskun Zurutuza, Klara Mendizabal eta Lorena Ferreirok osatutako aktore taldeak oholtzaratuko dute obra.

Adin guztietako publikoari zuzentzen zaion komedia bat da Enpresaria, jatorrian Wolfgang Amadeus Mozart musikari ospe-tsuak idatzi zuena Gottlieb Stephanieren testuan oinarrituta. Izan ere, lehenengoz euskaratua izan den obra da. Mozartek Der Schauspieldirektor 1786an idatzi zuen José II enperadoreak eskatuta. Enperadoreari, Vienako Scönbrunn jauregiaren bi muturretan antzezlan bana eskaintzea otu zitzaion, bisitan zetorren bere ahizpa Maria Kristina Ausburgokoari ongi etorria emateko helburuarekin. Antzezlanak sortzeko enkarguak Mozarti eta honen etsaia zen Antonio Salieriri eman zitzaizkien.

Nueva Babel, irabazi asmorik gabeko Iruñeko elkarte kultural bat da. 2011n sortu zen, Nafarroako an-tzerkigintzan zegoen hutsune bat betetzeko helburuarekin: antzerki musikala. Hala, lantzen dituzten eremu nagusiak antzerki musikal klasikoa, antzerki musikal erromantikoa, garaikidea eta jatorrizko sorkuntzako antzerki musikala dira. Gaur egun, Mozart denentzat proiektua garatzen ari dira, besteak beste Txirula magikoa, Serralloren bahiketa eta Enpresaria bezalako antzezlanak euskara eta gaztelerara itzultzeko helburuarekin.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »